'Bi anai' filma Zinemira sailaren inaugurazio galan estreinatuko dute

Bi film dokumental ere estreinatuko dira Zinemaldiak Euskal Herriko zinemari eskainitako atalean

Bingen Elortza eta Aitor Koteron aktoreak, Imanol Rayoren Bi anai filmean. Z / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Imanol Rayo zinemagileak Bernardo Atxagaren Bi anai nobelan oinarriturik zuzendutako izenburu bereko film luzea Donostiako Zinemaldiaren Zinemira sailaren inaugurazio galan estreinatuko dute, irailaren 21ean, Viktoria Eugenia antzokian. Bi anai-z gain, beste bi film luze estreinatuko dira aurten Zinemiran, dokumentalak biak: David Aguilarren Nao Yik, ingelesez eta txineraz filmatua, Frances Wilkinsonek 1939 eta 1949 artean Txinan izandako bizipenei buruzkoa; eta Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren Azken bidaia, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez filmatua, Comete ihes lerroari buruzkoa. Zazpi film luze eskainiko ditu guztira Zinemirak; gainerako laurak, dagoeneko estreinatuak, hauek dira: Alberto Gorritiberearen Arriya, Esteban eta Jose Miguel Ibarretxeren Un mundo casi perfecto, Pedro Aguileraren Naufragio eta Femin Muguruzaren Next Music Station: Lebanon.

Euskaraz egindako aurreneko film dokumentalek osatuko dute Zinemiraren eskaintza: Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (Erria) (1961) eta Elburua Gernika (1962), Gotzon Elortza getxotar zinemagileak filmatuak eta Euskadiko Filmategiak zaharberrituak. Horretaz gain, Kimuak egitasmoaren aurtengo katalogorako hautatutako film laburren emanaldiak ere egingo dira, soilik profesionalentzat, erabateko estreinaldia izatea eskatzen duten lehiaketetan parte hartzeko aukera ez galtzeko. Kimuak katalogoko filmetako bat inaugurazio galan emango dute, Bi anai-ren aurretik: Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun. Ekitaldi horretan Elias Kerexeta ekoizleak Zinemira saria jasoko du, ibilbide guztiari egindako aitortza gisa. Imanol Uribek eta Alex Angulok jaso dute saria hori arreko urteetan.

Zinemiran estreinatuko diren hiru filmetako batek Zinemira saria jasoko du, 20.000 eurokoa. Saritutako filma euskarazkoa ez baldin bada, sariaren parte bat euskaraz bikoiztutako kopia egiteko bideratu beharko da. Sari hori, Serbitzu Elkarteak babestua, aurten emango dute lehen aldiz. Aurki jakinaraziko dute Zinemaldiko arduradunek nortzuk diren sari hori nori eman erabakiko duen epaimahaiko hiru kideak.

Ekoizpenaren goraldiaren isla

Euskal Herrian egindako zinema erakusteko asmoz sortu zuten Zinemira saila, 2009an. Aurreko ekitaldietan Euskal Zinemaren Eguna antolatu ohi zen; orain, Zinemirari esker, Euskal Herriko zinemak presentzia normalizatuagoa du jaialdian. Zinemira, hala ere, «eraikitzen ari den proiektua» da oraindik, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren ustez. «Hazten ari da eta aurten beste urrats bat egingo du, sariarekin. Euskarazko zinema sustatzera bideratutako saria da, saritutako filma gaztelaniazkoa izanez gero sariaren parte bat euskarazko kopia egitera bideratuko denez».

Ondorego urteetan Zinemira indartzeko urrats gehiago egiteko itxaropena du Rebordinosek, eta uste du egun Euskal Herrian egiten diren ekoizpenen kalitatea oinarri egokia dela horretarako. «Euskal Herrian egindako zinema ia guztia ikusten dugu guk, eta gure irudipena da benetan kalitate handiko filmak egin direla azkenaldian. Zinemaldian ikusiko dira batzuk, baina bada garaiz iristerik izan ez delako hemen emango ez denik ere, Maru Soloresen Camera obscura, adibidez».

«Euskal Herrian zinemako ekoizpenaren bolumenak gora egin du azken urteotan, eta Zinemira horren isla da», Joxe Portela IBAIA ekoizle elkartearen lehendakariaren ustez. «Gainera, ez da ahaztu behar Zinemiratik aparte ere presentzia garrantzitsua duela hemengo zinemak, bai sail ofizialean Bertsolari-rekin, bai Zabaltegin Urteberri on, amona!-rekin, euskaraz filmatuak biak. Zinemaldian eman den euskaraz sortutako fikzioko lehen lana, Aupa Etxebeste!, orain dela gutxi eman zen, 2005ean, eta geroztik beste film batzuk pasatu dira, Zabaltegin gehienak: Kutsidazu bidea, Ixabel!, Zorion perfektua, Izarren argia…. Hori garrantzitsua da. Film bat aurrera ateratzea zaila bada, are zailagoa da euskarazko film bat aurrera ateratzea, eta garrantzitsua da egiten denak Zinemaldian presentzia izatea».

Euskal Herriko filmetatik aparte ere, euskarak iaz baino presentzia handiagoa izango duela adierazi du Rebordinosek. Iaz Zinemaldiko 18 film eman ziren euskarazko azpidatziekin, eta aurten 24 izango dira, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker. Horretaz gain, haurrentzako euskarazko film emanaldi bat egingo da egunero, belodromoan.

Bestalde, Alberto Surio EiTBko zuzendariak iragarri du El precio de la libertad, Mario Onaindiari buruzkotelebistarako minisaila, irailaren 19an estreinatuko dela, Viktoria Eugenia antzokian. Ana Murugarren eta Quim Gutierrezek zuzendutako lana da, EiTBk eta TVEk ekoitzitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.