Beñat Zamalloa Akizu.
Bertsolari Txapelketa Nagusia

Erabat berdina izan gabe

2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
691,5 puntu baino gehiago behar zituen Maulen Unai Agirrek Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera sailkatzeko. Hortik gora apur bat nahikoa zuen Sarriegiren gainetik sailkatu eta finalean izateko. Joana Itzaina aurkezleak Agirre bigarren sailkatuaren 691,5eko puntuaketa eman ondoren, zortzi finalistak zein izango diren jakinarazi arte itxaron behar izan zuten bertsozaleek jakiteko berdinketatik nork egingo zuen aurrera. Sarriegi kokatu du finalaurrekoetako zazpigarren postuan, epaileek berdinketa kasuetarako erabiltzen duten irizpideak: Bertsolari bakoitzaren finalaurreko lan guztien puntuazioen batura eginda, epaile gehiagorentzat izan da Sarriegi Agirre baino hobea. Beraz, Sarriegi izan da azken sailkatua. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi izango dira Barakaldoko BECeko oholtzara igoko direnak. Hori horrela, Beñat Gaztelumendi izango da finalean Andoni Egañak utzitako lekua beteko duena, eta finalista berri bakarra.

Maulen jokatutako azken finalaurrekoa Colinak irabazi zuen, azken ariketatan abaila hartuta. Izan ere, ofizioetan ez zuen askotan aurkitu luzitzeko aukera. Haatik, mailari erori gabe eutsi zion. Agirrerekin puntutan bizi eta dotore jardun ondorengo kartzelan luzitu zen, orain arteko kartzelarik puntuatuena eginda. Freskoa eta zuzena izan zen Colinaren bakarkakoa. «Nehork ez zuen espero baina lortu egin duzu», zen gaia. Kartzelakoak txapelketan aurrez izan diren beste kartzelako gai batzuk zekartzan gogora: Donostiakoa eta kanporaketetako Hendaiakoa.

Ez zen bertsolarien rolean kantatu zuten hiru bertsoaldien artean Colinarena. «Hamazazpi urte ditut / ia-ia egin naiz handi. / Hortzetako aparatua / eta aknea ugari; / sudurpean hiru bizar / agertzen zaizkit nabari. / Horrelaxe jaio nintzen / ta bota kulpak amari. / Lagunak trufaka dauzkat / beti adar jotzen ari / lakuko zisne itsusia / deitzen zidaten aspaldi / ta gaur musu eman diot / klaseko ederrenari», osatu zuen lehena bikain, goitik behera. «Berak berezkoa dauka / halako edertasuna / eta nik hori ezean / bada, naturaltasuna; / gure amak arrazoi zuen / itsua da maitasuna», arrazoitu zuen bigarren bertsoan. Eta hirugarrenaren bukaerarekin biribildu zuen bertsoaldia: «Musu bat eman ta utzi nau / emozioz mela-mela. / Bukatu da rekreoa / ta hau da sentipena itzela. / Pasilloan hortxe noa / nire zain dut ikasgela. / Han sartu naiz toreroa / zezen plazara bezela. / Nere inbiditan daudenak / izorratu daitezela». 1.780 bertsozale gogotsuek eskertu zituzten freskotasuna eta azken kolpeak.

Colinaren atzetik, hiru punturen barruan sailkatu ziren Agirre, Jexux Mari Irazu eta Mendiluze. Agirrerena izan zen goiko postuetako saiorik orekatuena. Irazuk saioaren azken zatian, puntukakoan eta kartzelan, eman zuen bere onena. Detaileak ere izan zituen Zuberoarekin, euskalkiko hainbat hitz eta kartzelako papera bertsotara ekarrita. Gaiak hala eskatu zionean ere, inguruaz eta inguruko auziak ezagun zituela antzematen zen. Mendiluzek, aldiz, Maulen ere ez zuen ohiko distirarik erakutsi, eta irristadaren bat edo beste izan zituen ofizioetako lanetan. Ohi bezala, erori ere ez zen egin.

Hamarreko handian elkarrekin kantatu zuten Agirrek eta Mendiluzek. Agirrek eta Mendiluzek txapelketa honetan maiz egin bezala, erabilienen artean ez dagoen doinu batekin kantatu zuten, elkarrekin zegokiela baliatuta. «Adineko bikotea dira Aitor eta Unai. Zahar-etxera bizitzera joatea erabaki zuten. Lehen gaua han pasatu, eta gosaltzen ari dira», eman zien gaia Itzainak. «Baina zalantzak eta beldurrak / biltzen zaizkidan antzera / ez dakit inoiz helduko naizen / honi etxea deitzera», kantatu zuen bigarren bertsoaren bukaeran Mendiluzek. Bertsoaldia ondorioarekin amaitu zuen Agirrek: «Hainbeste negar ez deigun egin / eta goazen isiltzera / gu bizitzera etorri gera / ez gera etorri hiltzera».

Laborantzara bildutako gaztearen ahotik kantatu zuen Irazuk kartzelakoa, bere lanik finena. Era honetara kokatu zuen bertsoaldia lehen bertsoan: «Gaztea eta pentsatzen zuten: / 'Seguru da partitzea / hau Parisera joango zaigu / ta tokatu isiltzea'. / Laborantzara bildu naiz eta / lortu ere segitzea / xoxak atera bizimodua / neurera erabiltzea / erakutsi det posible dela / Xuberoan bizitzea».

Txapelketako bere hirugarren saioan Jone Uriak aurrekoetan bezainbeste estutu ez bazuen ere, aurreko saioetako jarrera berari eutsi zion ofizioetan, eta ofizioak kideari erantzunez eta bertsoaldiari ekarpenak eginez egin zituen. Agin Laburuk, bestalde, beherantz egin du txapelketan aurrera. Kanporaketarekin indartsu ekin zion txapelketari puntuaketarik altuena erdietsiz, baina finalaurrekoetan ez du orduko bizitasuna eta gatza mantentzerik lortu. Txapelketan zehar istripu bat ere izan zuen, eta izan liteke horrek ere eragin izana. Haatik, bizitasuna saio guztietan erakutsi du, baita azkenekoan ere.

Zortziko txikian egokitu zitzaien elkarrekin Uria eta Labururi. «Elkarrekin bizi dira Jone eta Agin. Gaur Jonek Agin harrapatu du bere hortzetako eskuila erabiltzen» zuten gaia. Gainontzeko zortziko txikiko ofizioak indarra galduz joan ziren, baina Uria eta Labururenak kontrako bidea egin zuen. «Gehiegi konpartitzen / ez ote gabiltzan» zalantzarekin bukatu zuen bere azken bertsoa Uriak. «Ba has zaitez prestatzen / has zaitez lanean / hortza postizoekin / hasten garenean», bota zion Laburuk azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.