Deserriko hitzak sorterrian

Joseba Sarrionandiaren 'Hnuy illa nyha majah yahoo' liburuaren edizio eguneratua kaleratu dute, idazlearen hitzaurrearekinHainbat sortzailek egilearen poemak irakurri dituzte Durangon, haren sorterrian

Atzo, Durangoko Hitz liburu dendan, hainbat sortzailek Joseba Sarrionandiaren poemak irakurri zituzten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2013ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Mugarria da euskal literaturan. Askotan aipatu dute literatura adituek, maiz musikatu dute musikariek, eta erreferentziazko irakurgaia izan da idazle askorentzat. Baina, hala ere, inor gutxi da kapaza haren titulua lehen kolpean zuzen esateko: Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995). Orain dela 18 urte argitaratu zuten lehenengoz Joseba Sarrionandiaren poema libururik zabalena, eta idazleak ortografikoki eguneratuta eta berridatzita argitaratu dute orain (Elkar). Poema berririk gehitu gabe, poema zaharrik kendu gabe, baina idazleak dena berrikusi eta berridatzita. Edizio berriari txertatutako hitzaurrean azaltzen du haien genesia. «Errealitate gabezia horretatik abiatu nintzen idazten, hizkuntza sekretu eta badaezbadako hau besterik ez nuela, eta neu ere ez nintzela ia ezer». Eta ezer ez horretatik idatzi behar: «Herbesteko bizieraz pentsatzeko eta idazteko leku bihurtu zitzaidan orduan neure hizkuntza gordea, baina ez leku erabatekoa eta segurua, baizik eta osatu eta ia asmatu beharrekoa». Atzo, hainbat sortzaile aritu ziren Durangon egileak erbestean idatzitako poemak leitzen, Iurreta jaioterritik oso gertu.

«Azken 30 urteetan Euskal Herrian eragin handiena izan duen poesia liburua da». Xabier Mendiguren editoreak bota du esaldia, baina, dioenez, baditu hori pentsatzeko arrazoiak. Izan ere, antzerki bilakatuak dituzte liburuan ageri diren poemetariko batzuk, bideo bihurtu dituzte, musika eta baita dantza ikuskizun ere. Baina ez du sozializazio maila soilik hartzen kontuan Mendigurenek. «40 urtetik beherako poetekin hitz eginda, nik uste haientzat oso liburu inportantea izan dela». Berak antolatu zuen atzoko irakurketa. Ekitaldi «xumea» eta «diskrezioz egindakoa» nahi zuen, eta hainbat sortzaile batu zituzten poemak irakurtzeko: Leire Bilbao, Peru Magdalena, Arrate Mardaras eta Paddy Rekalde idazleak, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariak,Bego Montorio itzultzailea, eta Eneko Sagardoi eta Unai Abaunza eta Mikel Azkarate musikariak.

Badira urte batzuk liburua amaitu zela, eta zaila izan da horregatik liburua eskuratzea. Mendigurenek eman du azalpena: «Liburu bat agortzen denean, normalean berriz kaleratzen dugu, jendearen eskuetan egon dadin, baina kasu honetan egileak esana zigun testuetan aldaketa batzuk egin nahi zituela». Eta horregatik itxaron behar izan da. Eguneratu egin du liburua Sarrionandiak. Berridatzi. Eutsi egin die, adibidez, zenbait berezitasun ortografikori, baina euskara batuaren neurrietara eraman ditu bere testurik gehienak. Baina badaude aldaketa sakonagoak ere. Aldatu egin du poema askoren lerroketa, eta hitz eta esaldiak gehitu dizkio beste askori. Beste batzuetan, lehen edizioan ageri ez ziren ahapaldi osoak ere txertatu dizkio testuei idazleak. «Oro har,berridazketan gehiago izan da gehitzekoa, kentzekoa baino», azaldu du editoreak.

Kriminalizazio literarioa

Musikatuta dauden hitzekin kontu handiagoa izan du autoreak, Mendigurenen arabera. «Kanta duten poemak gutxiago ukitu ditu, esateko moduan ere nolabait finkatu egin dituelako formak horrek. Eta horrek galgatu du idazlearen eskua». Badago bilakaera bat Sarrionandiaren testuetan, editorearen ustetan. «Hitz hautaketan ikusten da exotismotik urrundu egin dela idazlea, eta bihurtu dela gero eta gehiago egunerokotasunaren poeta». Bere ibilbide orokorrean ikusten du hori Mendigurenek, eta baita liburuaren berridazketan ere.

Bestelako zuzenketa batzuk ere badakartza testuak. Sarrionandiak dioenez, «bereziki okerrak» izan dira bere poemetariko batzuen irakurketak, eta horietariko batzuk argitzen saiatu da hitzaurrean. Bereterretchen kanthorea izeneko poema ez dela erlijiosoa dio, adibidez. Nere etchea izeneko poema ironikoa dela argitzen du. Eta Tiro hotsak izenekoa ere aipatzen du. «Kriminalizazio literario eta politikoaren goien graduak lortu zituen», dio idazleak. Ezaguna da poema: «Tiro hotsak eta harrizko isiltasuna./ Ezertaz ohartu gabe doaz hodeiak./ Polizia espainol bat espaloian ahuspez./ Zer tinta mota da saihetseko gorri hori?/ Leihotik andere bat hildakoari begira:/ Ez diat hire arnasagatik negar egingo/ harik eta gure semea etxera bueltatu arte./ Gorputza harri gainean odolustuko da isilean, hodei berrien babesik gabe. Bla/ bla blaga: herrak eta ezinikusiak pilatzen./ Kaskilloak geratuko dira kalean,/seme galduen gelak baino hutsagoak».

Eta hari buruzko azalpen laburra dakar Sarrionandiak hitzaurrean. «Apur bat erridikulua ere bada niretzat esplikatu behar izatea 'gure hilak' denak direla, eta John Donneren kanpaiak gogoratuz, liburuan zehar gerrari amaiera bilatu behar ziotenek luzatzeko egiten zituzten ahalegin gogorren kontrako protesta dagoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.