Beñat Zamalloa Akizu.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finala

Belaunaldi baten finalik irekiena

2013ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Maialen Lujanbiok duela lau urtetxapelaren lekukoa irabazi ostean, Andoni Egañaren osteko belaunaldiak txapela jantzi ostean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azkenaldiko finalik irekiena jokatuko du belaunaldi horrek, gaur, Barakaldoko BECen. Gehien aipaturiko faboritoetan, Amets Arzallus da hurrengo belaunaldikoa dena, nahiz eta haren aurreko belaunaldiko bihurtua izan Sustrai Colina bezala. Arzallusen izenarekin batera, Lujanbio, Igor Elortza eta Unai Iturriagarenak dira Maulen finala zehaztu zenetik txapelerako gehien aipatu izan diren hautagaiak. Faboritoak nornahi direla ere, Colinak, Beñat Gaztelumendik, Aitor Mendiluzek eta Aitor Sarriegik faboritoek dituzten aukera berberak izango dituzte txapelerako.

Finalerako sailkatu nahiaren artean, BECeko plaza erraldoi eta berezian kantatu nahia aitortzen dute gehiena bertsolariek. Izan ere, bete-betea eta bero-beroa izango da plaza. Sarrerak garaiz erosi zituzten 13.500 bertsozalek beteko dituzte oholtza parea eta oholtza pareko aldeak. Aurreko finalek neurri hartzetik edo hartu nahi izatetik, berora eta berotik gorira egin zuten saioek aurrera egin ahala.

Finalaren egituran ez da berrikuntzarik, azken finalekin alderatuta. Goizeko eta arratsaldeko saioetan kantatuko dute zortzi bertsolariek, eta, arratsaldeko saioa bukatuta, puntu gehien lortu duten biek jokatuko dute buruz burukoa iluntzean.Saio osoagoa izango da goizekoa. 11:00etan hasita, hasierako agurrak kantatu ondotik, zortziko handian, zortziko txikian, lehen puntua emanda, sei puntuko motzean eta kartzelan gai berari hiruna bertso kantatu beharko dituzte. Buruz burukoaren aurretik, 16:00etan ekinda, hamarreko txikian, puntutan eta bakoitzari gai bana emanda hiruna bertso kantatuta izango dituzte puntuak biltzeko azken aukerak. Buruz burukoan, sei puntuko motzean eta zortziko txikikoa egingo dute elkarrekin ordura arteko bi bertsolari onenek. Kartzelan egingo dituzte azken bi lanak: hitza gaitzat hartuta bederatziko txikian, eta gaia emanda hiruna bertso. Lan horiek guztiak egitera iritsita puntu gehien bildu dituenari jantziko dio txapela Joanito Dorronsorok, 20:00 aldera.

Ibilbideak

Lujanbiok «puntuan» iritsi dela adierazi arren, badira diotenak kalterako izan dezakeela txapelketa saio bakarrean jokatzeak. Oraindik txapelketan kantatu ez duenez, jakin-mina dago zein puntutan iritsiko den eta finalean bakarrik aritzeak mesede ala kalte egingo ote dion. Arzallusekin kantatu zuen buruz burukoa Lujanbiok azken finalean, eta hargatik eta ibilbidean zehar erakutsi duen maila apartarengatik da txapelerako faboritoa Arzallus. Txapelketan zehar «zuloak» izan ditu, baina bere gaitasunetik gehiago erakutsi du, goitik saio erregularrik egin ez badu ere.

Aurreko txapelketak «lehiarako une txar batean» harrapatu eta gero, BECeko oholtzara igoko da berriz gaur Elortza. Legazpiko kanporaketan «derrigorretan derrigorrena» eginda, Tolosako finalaurrekoan ekarri zuen bueltan txapelketara dotorezia. Donostiako finalaurrekoan eutsi zion mailari, baina zer edo zer igarri zuen ordurako txapelketan eta prestaketan egindako bidea.

Inoizko txapelketarik onena eginda helduko da Barakaldora Colina. Murgiko lehen finalaurrekoan egin beharrekoz egin beharreko jardun zen onenetik emanaz. Maulekoan, aldiz, ofizioetan ez zuen Murgiakoa erakutsi, baina kartzelan orain arteko ariketa onena egin zuen. Oholtza gaineko planteamendu eta jarrera aldaketarekin lotu izan ditu txapelketa honetako emaitzak.

Bere lehen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean «Illunbeko txahala»izan zena, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko gazteena izango da. Gaztelumendi izango da finalean lehen aldiz ariko den bakarra. Altsasuko kanporaketan, kartzelan nabarmendu zen; Murgiko finalaurrekoan, ofizioetan; eta Elizondokoan, saio orekatua egin zuen finaleko aukerari eusteko. Lan guztietan erakutsi du goi mailan jardun litekeela.

Orain artekoan, txapelketan gozatu gabe ibili da Mendiluze. Berarengan ohikoak ez diren irristadatxoak egin zituen Maulen, eta ohiko distiran orekarik lortu gabe aritu zen Murgian, lehen finalaurrekoan. Murgian hirugarren eta Maulen laugarren eginda sartu da finalean.

Tolosan egindako bi potoek finaletik urruti utzi zuten finalaurrekoen lehen itzulian Iturriaga. Aurreko txapelketan egin bezala, Elizondon buelta eman zien puntuei, baina. Batean zein bestean, bere bertsokera ironiko eta beltzetik, ikuspegi propio berezitik eta umoretik utzi zuen. Txapelketa honetan «sufrituko ez» zuela erabaki izanak freskotasuna ekarri dio.

Azken-azken unera arte itxaron behar izan zuen Sarriegik finalean izango zen jakiteko, Unai Agirrek berdindu egin baitzuen puntuetan. Oiartzungo finalaurrekoa irabazi egin zuen, bizitasunez eta bertsoak bere ikuspegira biratuta. Nekezagoa egin zitzaion Donostiako finalaurrekoko bidea, ofizioetan gehienbat. Bigarren finala du.

Ikuspegi kolektiboa

Txapelari begira baino, ikuspegi kolektiboari begira daudela adierazi dute finalistek finalaren aurretsuetan egindako adierazpenetan. «Goizean herri izatetik gertuago egon nahian eta herri euskaldun batean bizitzeko amets horrekin datorren jendea, iluntzean etxera doanean, grina, gogo edo amets hori hauspotuta joan dadila nahiko nuke», adierazi zuen Arzallusek aurkezpenean, adibiderako.

Bertsolariek ikuspegi hori azpimarratuta ere, Gorka Azkarate BERRIAko analistaren ustez, «Garrantzitsua da, oso, jokoan jartzen dena». Txapelketan lan bera duen Josu Goikoetxearen arabera «finalik onena» izango da gaurkoa: «Hor diren bost-sei finalista beren bertsolari bizitzako unerik onenean daude, indartsuenean, pisuenean, arinenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.