Amaia Alvarezek Katalina Eleizegiren «bestelako ereduak» erreibindikatu ditu

Euskal antzerkigintza modernoaren aitzindari izan zen idazlearen ekarpena aztertu du doktore tesi batean

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Katalina Eleizegi euskal antzerkigintza modernoaren aitzindariaren lana aztertu du Amaia Alvarez ikerlariak Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu berri duen doktore tesian. Generoa eta nazioa Katalina Eleizegiren antzezlanetan izenburua du Alvarezen tesiak, eta Elizegiren «memoria berreskuratzeko eta lana ezagutarazteko» helburua, Alvarezek berak azaldu duenez. Ikerlanak arreta berezia eskaini dio Katalina Eleizegik Katalina Erausoren bizitzan oinarrituta idatzi zuen drama historiko oraindik argitaratu gabeari: Erauso Kateriñe. Antzezlan horren edizioa ere irakur daiteke tesian.

Katalina Eleizegi Maiz (Donostia, 1889-Lizarra, 1963) «egitura klasikoan» oinarritzen zen antzerki lanak idazteko, ohiko hiru ataletan bereizita, eta «drama historikoa» baliatzen zuen oro har genero gisa. Baina, Alvarezek azaldu duenez, jorratzen zituen gaiei zegokienez ez zen batere tradizionala: gaurkotasuna zuten edukiak aukeratzen zituen, eta, pertsonaien bitartez, ekarpen handia egin zion euskal emakumearen irudiari. «Bere garaiko emakume idazleek ere irudikatzen zituzten emakumezko pertsonaiak eta protagonistak, baina batez ere amaren roletik, kultura transmisioari lotuta, eta kristau on gisa, jakina», azaldu du Alvarezek. «Eleizegirenak ere kristau onak ziren, baina ez amak bakarrik. Bestelako irudi batzuk agertzen dira: emakume gazteak, adimen autonomoa eta erabakitzeko ahalmena dutenak, beren desirak edo nahiak betetzeko inolako arazorik ez dutenak…».

Alvarezen ustez, bi aro bereizten dira Eleizegiren ibilbidean: Donostiakoa eta Lizarrakoa. Bere bizitzako azken 30 urteak eman zituen Lizarran. Donostiako garaikoak dira Eleizegiren Garbiñe (1916), Loreti (1918), Gaine (1929) eta Yatsu (1934) antzerki obrak.Laurak argitaratu ziren, eta Gaine ez beste hirurak antzeztu eta saritu ere bai. Harrerarik beroena Garbiñe-k izan zuen. «Arketipikoak ez diren emakumeak irudikatu zituen lan horietan Eleizegik», Alvarezen ustez: sorginak, txiroak, zaharrak, handiustekoak…«Euskal emakumearen irudi tradizionala ere jorratu zuen, eta, hala, ikuspegi bata eta bestea kontrajarrita ageri dira haren antzezlanetan».

Dena dela, Eleizegik Donostiako aroan egin zituen lanak «nazio identitatearen garapenari lotuta» daude, beste ezeren gainetik, Alvarezen ustez; hori dute ezaugarri nagusi. «Sabino Aranaren doktrina sustatzen zuten garai hartako sortzaileek, eta berak ere hori egin zuen, baina modu pertsonalago batean. Euskaldunen eskubide zapalduak defendatu zituen, batez ere hizkuntzaren ikuspuntutik».

Lizarrako aroan, bere bizitzako azken 30 urteetan, hiru lan idatzi zituen: Brujaseko harilkia (1960), Erauso Kateriñe (1962) eta Roldan (hildakoan amaitu gabe utzia). «Lehenengo aroan euskal kulturaren plazan egon zenez, aro hartako lanak argitaratu zituen», ekarri du gogora Alvarezek, «baina bigarrenekoak ez». Bigarren aro horretan, komentu batean egon zen lehenik, eta haurrik ez zuten senar-emazte batzuen etxean hartu zuen ostatu gero. Dena dela, inoiz argitaratu ez zen arren, Erauso Kateriñe antzeztu egin zuten behintzat, Eleizegi hil ostean: «Antzeztu zela badakigu, argazki bat dagoelako».

Genero identitatearen gaia

Eleizegiren Lizarrako aroko obrak askoz ere lotuago daude genero identitatearen gaiarekin, Alvarezek tesian erakutsi duenez. Erauso Kateriñe antzerki obraren bitartez, «genero femeninoa gainditu duen pertsonaia» irudikatu zuen; Katalina Erauso protagonista gisa hautatuta, «estigmaren aurka» egin zuen, Alvarezek azaldu duenez: «Euskal emakume historikoaren bestelako eredu bat aukeratu zuen. Ez emakume izateko beste eredu bat bakarrik; harremanak izateko beste eredu bat ere bai. Egia da Eleizegiren lanetan ez dela agertzen sexualitateari buruzko ezer, baina badakigu Katalina Erauso beste emakume batzuekin egon zela. Eleizegik pertsonaia hori aukeratzean, berrirakurketa bat egiten du: jendartean gaizki ikusia zegoen izateko modu bat, harremanak izateko modu bat, egituratu daitekeela, alegia».

Horrenbestez, Erausoren pertsonaiaren bitartez, «transgenero kontzeptua» jartzen da mahai gainean, ikerlariaren ustez; Eleizegik «ekarpen goiztiarra» egin zion transgeneroari, «zoriona eta askatasuna lortzeko aukera gisa» planteatuta. «Erakutsi nahi nuen aspaldi agertu zela kontu hau, eta euskal kulturan, eredu heterosexualez eta araututakoez gain, bestelako eredu batzuk ere egon direla urte askoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.