Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Bidaia gogor eta gordin bat

Fernando Francok 'La herida' aurkeztu du, nortasun nahasmendua duen emakume bati buruzko filma

Marian Alvarez eta Fernando Franco. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Azken orduan eta aurtengo palmaresa zein filmek osatuko duten asmatzeko kinielak martxan zeudela, hautagai sendo gisa aurkeztu da La herida, Fernando Franco zuzendari espainiarraren opera prima. Atzo eman zuten filma, eta Kursaaleko emanaldian harrera epela izan bazuen ere —txaloak bai, baina ez txaloaldi luzerik—, kritikariek, oro har, ondo hartu dute.

La herida muturreko nortasun nahasmendua duen 30 urteko emakume baten erretratua da. Gordina da gaixotasun horren gaineko ikuspegia, eta gordina da, era berean, Francok istorioa kontatzeko darabilen modua ere. Ana da protagonista (Marian Alvarez), anbulantziak gidatzen lan egiten duen emakumea. Amarekin bizi da etxean, baina lotura afektibo handirik gabekoa da haien arteko harremana. Eta, gainera, Anak bere buruari min egiten dio. Ebakiak egiten ditu beso eta zangoetan. Bere gorputza zigarretarekin erre ere egiten du. Pastilak hartzen ditu, alkohola edaten... Ez da ohartzen gertatzen zaionaz, baina ez du zoriontasunik lortzen.

Hori guztia pertsonaiaren gainean egonik islatu du pantailan Francok. Plano sekuentzian filmatuz, Anaren «gorabehera emozionalak» islatu nahi izan ditu zuzendariak. «Bakarrik dago, bere errusiar mendian».

Zuzendariaren aurreneko lan luzea da hau, baina badu esperientzia ikus-entzunezkoetan: muntatzaile aritzeaz gain, bideo-klipak eta laburrak egin ditu orain arte. Haren lehen lan luzearen oinarrian, berriz, dokumental baterako ideia zegoen: «Hasieran, borderline sindromearen gaineko dokumental bat egiteko asmoa nuen, eta izan nintzen gaixo batzuekin. Baina konturatu nintzen gaitzaren alderdirik txarrenak azaleratzen zituztela nirekin zeudenean. Etika kontu batengatik, gaiari fikziotik heltzea erabaki nuen».

Marian Alvarez aktoreak pantaila betetzen du filmak irauten duen ordu eta erdian. Izan ere, baditu beste pertsonaia batzuk inguruan, baina bera da protagonista ia bakarra. Anaren gorputzean eta ariman sartzea «bidaia gogor baina gozagarria» izan dela aitortu zuen atzo. «Emozionalki biluzi egin behar nuen, eta Fernandok emandako konfiantza ezinbestekoa izan da».

Filma egiten hasi baino lehen asko entseatu zuten, eta horrek pertsonaiari heltzeko orduan lagundu egin diola aitortu zuen Alvarezek. «Dokumentazio handia geneukan; nik blogak, webguneak irakurri nituen, psikologo eta psikiatrekin hitz egin... gero pertsonaia asko landu genuen, muinarekin gelditzeko»

Euskal produkzioa

La herida-ren atzean, beste batzuetan artean, Koldo Zuazua ekoizlea dago. Eta Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren babesa ere jaso du filmak. Francok aitortu zuenez, Andaluzian proiektuari ikusi ez zioten interesa ikusi zioten Euskal Herrian. Pantailan ere ikusten da hori. Rol txikietan bada ere, filmean azaltzen dira Ramon Agirre, Ramon Barea, Nagore Aranburu eta Loinaz Jauregi, besteak beste. Zuazuak adierazi zuenez, gidoia irakurri zuenean erabaki zuen aurrera egitea. «Sentimenduari eta intuizioari kasu eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.