Izarraren itzalpean

George Clooneyren presentziak bigarren mailan utzi du Sail Ofizialeko lehia Berlinalen

Agentziak
Berlin
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
George Clooneyk eta haren taldeak komunikabide guztien eta publikoaren arreta bereganatu zuten atzo Berlinalen, eta Sail Ofizialean aurkezten zuten bigarren filma, Die geliebten Schwestern —Clooneyren Monuments Men ere Sail Ofizialean dago baina lehiaketatik aparte— bigarren mailan gelditu zen ezinbestean.

Monuments Men-en Clooneyk II. Mundu Gerrara egin du atzera, tropa aliatuek Normandia hartu zuten garaira. Hara iritsiko dira Clooney aktorea eta haren taldekideak, bonbardaketetatik eta nazien lapurretatik salbu gelditu diren artelanak berreskuratzeko asmoz. Gertaera historikoak helduleku gisa hartuta, zuzendariakabenturazko filma egin du Monuments Men-ekin, bere pertsonaia on —aliatuak— eta gaizto-gaiztoekin —naziak—, nahiz eta aktore eta zuzendariak behin eta berriro aipatu zuen «historia» filmaren ardatz gisa. «Interesatzen zait historia, interesatzen zait artea. Eta hemen, Alemanian, izateko pribilegioa izan nuen». Monuments Men ekoizpen handia da, aktore ospetsuekin egindakoa, eta haietako batzuk —Matt Damon, Bill Murray, John Goodman, Jean Dujardin— ondoan izan zituen atzo Berlinen.

Clooney eta haren troparen agerraldiaren itzalpean aurkeztu zuten goizean goiz Die geliebten Schwestern, Dominik Graf alemaniarraren azkeneko filma. Filmak Friedrich Schiller poetak bi ahizparekin —Caroline eta Charlotte— izandako maitasun istorioa kontatzen du 170 minututan, eta Hannah Hertzsprung, Henriette Confirius eta Florian Stetter ditu protagonista nagusiak.

Alemaniarraren filmak harrera epela jaso zuen prentsarentzako emanaldian, eta kritikak batik bat filmaren edertasun estetikoa nabarmendu zuen; ez horrenbeste hiru aktoreen lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.