Betiko denda batean nola

Kepa Junkerak ohiko musikariekin grabatu du disko berria, 'Ultramarinos & Coloniales'Pieza instrumentalak sortu ditu, betiko janari denden giroan inspiraturik, eta orain arteko musikari jazz ukituak eman dizkio

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Hala ondu eta aurkeztu du Kepa Junkerak Ultramarinos & Coloniales (Hiri Records). Betiko denda txiki batean produktuak eta jendearekiko harremanak zaintzen diren bezala. Janari denda horiek beti iruditu zaizkio «bereziak» Junkerari (Bilbo, 1965). Eta munduan barrena ibili eta asmo handiko diskoak egin ostean, bazuen gogoa etxera itzultzeko. Betiko tokietara, betiko jendearengana. Eta disko intimoagoa egiteko, lan hurbilagoa. Kanpoko kolaboraziorik gabe. Eta ohikoa duen bandarekin, hots, Jose Luis Canalekin (pianoa eta teklatua), Iñigo Olazabalekin (txalaparta eta perkusioa), Argibel Eubarekin (txalaparta eta perkusioa), Rober Caballerorekin (baxua) eta Luis Angel Telleriarekin (bateria). «Gure musikara itzuli gara, eta aldi berean urrats bat aurrera egin dugu. Gogoa nuen abesti berriak egiteko eta gurea den esparru horretan ikertzen jarraitzeko. Horregatik, gure zigiluaz gain, bestelako ukituak ere badituela uste dut. Aurrera egiteko gaude, eta sonoritate berriak lantzeko».

Abesti instrumentalak egin dituzte; hamabi orotara. Baina zenbait kanturen barruan pieza bat baino gehiago dago, denak ere Junkerak berak konposatuak. Bilboko Balea estudioan grabatu dute diskoa, Unai Gonzalez teknikariarekin.

Charcuteria Ultramarinos La Merced deritzon dendako ohiko eroslea da Junkera, eta Bilboko Zazpikaleetako denda hartan aurkeztu zuen lan berria atzo goizean. Mukuru bete zen kale meharra: kazetariz, argazkilariz, ikusnahiez eta jende ezagunez. Junkeraren azalpenak adi entzun zituztenen artean zeuden Josu Urrutia Athletic futbol taldeko presidentegaia, Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea, Txema Oleaga PSEko Bilboko zinegotzia...

«Zenbat lagun, despistatu egiten naiz», esan zuen Junkerak, irribarre zabalarekin, diskoaren aurkezpen lanetan ari zela. Aulki altu batean jesarrita zegoen, dendaren aurrean, mikrofonoa eskuan hartuta. Bego Uria dendaria izendatu zuen Ultramarinos & Coloniales diskoaren amabitxi. Urteetako harremana dute. Eta Uriaren denda «inspirazio iturri» izan duela dio Junkerak. «Begok daukanaren moduko dendetan produktuak eta jendeak mimoz zaintzen dira. Harremanak oso gertukoak dira. Eta produktuak hemengoak nahiz itsasoz bestaldekoak dira. Musikarekin antzeko gertatzen da gaur egun. Ez dakizu hemengoak edo hangoak diren doinuak. Edo alde bietakoak dagoeneko».

Hemengoak eta estandarrak

Ultramarinos & Coloniales diskoan, mota bitako tresnak uztartzen dira. Euskal jatorrikoak: txalaparta, trikitia, alboka, perkusioak. Eta tresna estandarragoak: pianoa, baxua eta bateria. Bi eremuetako tresnak uztartzea ez da berria Junkeraren ibilbidean, baina disko guztietan bezalaxe, Ultramarinos & Coloniales-en ere zerbait berria aurkezten saiatu da musikaria. Zeregin horretan Canalek zerikusi handia izan duela dio Junkerak. Programazioez eta konponketez arduratu da. Eta horregatik lan honetan pianoak «itzal handiagoa» duela uste du Junkerak. Halaber, tarteka, jazz eta bestelako musika berrien zertzeladak ere badaudela ohartarazi du.

Canalen arabera, «natural, arin eta erraz» egin dute lan. «Ez dugu askorik zehaztu aurrez. Kepak zekartzan melodien gainean aritu gara batez ere, sonoritateak bilatuz. Eta une oro Keparen estiloa errespetatu dugun arren, nork bere eremutik ekarpen berri bat egiten ahalegindu gara».

Lan egitean izan duten abiadak eman dio atentzioa Canali. «Lanaldi bakoitzean abesti bat prestatu dugu». Ahozapore gozoa utzi dio horrek: «Ez dugu inongo kontzepturik eztabaidatu behar izan, elkarlanak oso modu naturalean egin du aurrera». Junkeraren iritziz, «urteetako eskarmentuaren ondorioz» konpondu dira horren ondo. Diskoko abestiak «irekiak eta alaiak» dira, Junkeraren irudiko. «Disko bizia egin dugu», ziurtatu du.

Amurizaren laguntzaz sortu ditu piezen izenburuak. Termino berriak asmatu dituzte, hemengo kaleak eta itsasoz bestaldeko tokiak uztartuz. Honako hauek dira batzuk: Zokale, Someneiro & Sardinale, Rekaldelhi & Nerbyork, Lisbao, Alfakoli, Iturriboca & Monteviderrieta, Fueros Aires, Barranquilla Barrena, Bilbotik San Frantziskora...

Diskoan bildutako abesti batzuen izenak dira horiek. «Bidaiaren irudia indartzen dutela uste dut. Eta horrek ere interesa zuen niretzat. Azkenean, diskoaren oinarrian hemengo eta hango kulturen arteko harmonia dago, betiko denda txikietan bezala».

Hain justu, denda horietan zein bere diskoan biltzen den unibertso horri ez zaiola nostalgiaz begiratu behar uste du Junkerak. «Oraina direlako eta etorkizun oparoa izan behar dutelako. Eskurik esku eginiko lan zuzen eta egiazkoan oinarritzen den mundu hori sustatu behar dugula iruditzen zait». Dendak izan nahiz diskoak izan. Batzuk zein besteak kate bereko katebegiak direla sinetsita dago musikaria. Eta denda horiek gordetzen duten «indarra eta nortasuna» diskoko abestietan islatzen saiatu dela dio.

Junkera azalpenetan zela, erosle bat sartu da dendara, andre bat. «Egunon! Zainzuri sorta 5,50 euroan dago gaur», esanez agurtu du musikariak. Jendetzari gehiegi begiratu gabe sartu da dendan atoan emakumea. Ondoren, Aitor Elizegi sukaldaria gonbidatu du Junkerak bere aldamenera. Elizegik uste du merezi duela bi orduz Zazpikaleetan «galtzeak» eta Uriarenaren moduko dendetan erosteak. Eta zentzu berean merezi duela, halaber, Junkeraren diskoko musikekin batera bidaiatzeak.

Entzuleak Junkerarekin nola, hala bidaiatuko du Junkerak musikarekin. Marokon izango da larunbat honetan; Tangerren, hain zuzen. Gertuago joko du ondoren, Bizkaian. Uztailaren 1ean Sestaoko jaietan; eta uztailaren 14an, Barakaldokoetan. Gasteizko jaietan ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.