Ewan McGregorren ibilbidea sarituko du Zinemaldiaren Donostia sariak

Aktore eskoziarrak 'The Impossible', Juan Antonio Bayonak zuzendutako filma, erakutsiko du jaialdian

mikel lizarralde
Donostia
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Gaztea baina ibilbide luze, interesgarri eta laudatukoa. Horrela definituko dute askok Ewan McGregor aktore eskoziarra (Crieff, 1971) Donostiako Zinemaldiak Donostia sariarekin omenduko duela eta. Zinema jaialdiak aspaldi utzi zion Hollywood zaharreko izarrak omentzeari, eta horren erakusle da aurten 41 urte besterik ez dituen aktore bati aitortuko diola orain arte eginiko ibilbidea. 1986an Gregory Peckek lehenenengoa jaso zuenetik Donostia saria eskuratuko duen aktore gazteena izango da McGregor.

20 urte eskaseko ibilbidea egin duen arren, aktore eskoziarrak molde oso ezberdineko roletara egokitzeko gaitasuna erakutsi eta ospe handia lortu du, nahiz eta oraindik Oscar sariek ematen duten prestigio gehigarria falta zaion. Nolanahi ere, zuzendari ospetsuen esanetara aritu da urte hauetan guztietan: Danny Boyle, Woody Allen, Tim Burton, Lasse Halstroem, Ridley Scott, George Lucas...

McGregorrek 17 urterekin hasi zituen arte dramatikoko ikasketak Guildhall School of Music and Drama ikastetxean eta graduazioa lortu baino sei hilabete lehenago egin zuen debuta telebistan, BBCk ekoitzitako Lipstick on your Collar telesailean. Handik gutxira, zinemara egin zuen salto Being Human dramarekin, eta 1994an bertan Shallow Grave Danny Boylek zuzendutako thrillerra aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian. Bere lehen lan garrantzitsua izan zuen, eta aurreneko sariak eman zizkion, besteak beste, Empire Award saria. Nazioarteko ospea, ordea, Danny Boyleren esanetara eginiko hurrengo lanak eman zion, Trainspotting arrakastatsuak.

Oihartzuna erritmo biziko lanek eman arren, McGregorrek bestelako zinema lanak ere egin zituen urte haietan. Hain zuzen ere, Peter Greenaway kultuko zuzendariarekin aritu zen The Pillow Book-en eta Emma, Jane Austenen obraren egokitzapenean ere parte hartu zuen.

Trainspotting-ek emandako bultzadarekin hainbat film egin zituen aktore eskoziarrak 90eko hamarkadaren amaieran —Velvet Goldmine, Todd Haynesekin; A Life Less Ordinary, berriro ere Danny Boylerekin; Little Voice (Mark Herman)—, ia beti Erresuma Batuko zinemagintzaren eremuan. George Lucasek Star Wars-en lehenengo hiru ataletan parte hartzeko deitu zionean, ordea, McGregor izar bihurtu zen. Aktore eskoziarrak Obi-Wan Kenobiren rola bete zuen, 1999etik 2005era egindako hiru filmetan.

2001ean, berriz, oso bestelako lanak egiteko prestasuna ere erakutsi zuen Moulin Rouge filmatzerakoan. Lan horretan ez zuen beldurrik izan aktore gisa ez ezik abeslari ere azaltzeko Nicole Kidmanekin batera.

Orduz geroztik hainbat film aipagarri egin ditu, batzuk arrakasta handikoak izan direnak eta beste batzuk harrera kritiko ona izan dutenak: Angels and Demons (Ron Howard), Cassandra's Dream (Woody Allen), Big Fish (Tim Burton), Black Hawn Down (Ridley Scott), The Ghost Writer (Roman Polanski)...

Ohikoa den moduan, McGregorrek film berri bat ekarriko du Zinemaldira, Juan Antonio Bayona zuzendari kataluniarrak (El orfanato) ondutako The Impossible. Filma Thailandian dago girotua, 2004. urtean, tsunami batek milaka pertsona hil zituen garaian.

Donostia saria aktoreei zuzendutako saria izan da, baina Zinemaldiaren 50. urtemugan salbuespen gisa Francis Ford Coppola zuzendari, gidoigile eta ekoizleak jaso zuen saria. Aurten ere, 60. urteurrenaren harira, beste zinemagile batek eskuratuko du ibilbide osoa saritu nahi duen garaikurra; Oliver Stonek, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.