Bertsolari Txapelketa Nagusia

«Intentzio osoz», bertan

Arabako Errioxan, Oionen, jokatuko da gaur azken kanporaketa, eta Zuberoan, Maulen, izango da azken finalaurrekoa. Euskara urri den guneetan izango dira txapelketako saiorik esanguratsuenak.

Saio didaktikoa egin zuten Oionen, bertsoa eta txapelketa azaltzeko. TXANDRIO BERTSO-ESKOLA.
Beñat Zamalloa Akizu.
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Intentzio osoz hautatutako herriak» izango zirela Bertsolari Txapelketa hartuko zutenak argitu zuen aurkezpenean Jokin Castaños txapelketaren arduradunak. Herria «intentzio osoz» hautatuta jokatuko da, beraz, azken kanporaketa Arabako Errioxan, Oionen. «Jendea ilusionatuta» dago bertan, Iker Olabarrieta Oiongo Txandrio bertso eskolako kidearen arabera. Bertso eskola inguruko jendea ez ezik, ikastoletako kideak ere «zer datorren galdezka» ari dira: «Ez daukate oso argi, nik uste dut ez dela oso kontziente jendea datorrenarekin, baina interes eta jakin-min handia dago». Bertsoa edo txapelketa zer den ezagutzeko aukera ekarriko dielakoan da Arantxa Sobrino ere. Bera ere Txandrio bertso eskolako kidea da. Horrekin batera, «Euskal Herriak eskualde bat» ezagutzeko aukera ere izango duela dio. «Oion euskararen mapan kokatzeko aukera emango dio txapelketak», uste du, halaber, Manex Agirre Arabako bertsolariak. Arratsaldean ariko da azken kanporaketan.

«Intentzio osoz» jokatuko da Maulen azken finalaurrekoa ere. «Sinbolo polita» da Eneritz Zabaleta Lapurdiko bertsolariarentzat: «Ekartzen ahal dio foku bat euskarari eta bertsolaritzari». Irudipena du Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean «kontzietzia txikia» dagoelakoa azken finalaurrekoa Maulen izatearen ondorioez. Zuberoan galdera dute zenbat zuberotar joango den saioa ikustera. «Pixka bat beldurra ematen digu ez ote den izanen kanpotik ekarria kanpoko jendearentzat», agertu du beldurra Joanes Etxeberria Zuberoako bertsolariak. Bertsozaleak kanpotik etorri arren, «asko pozten» du bi mila pertsona ibiliko direlako Mauleko kaleetan, eta zuberotarrek «sekula baino gehiago» entzungo dutela euskara kalean. «Ni asko pozten nau jendea ohar dadin ez dela hamar bat eroren gauza bertso munduarena, dela egiazki Euskal Herria eta Zuberoa ukitzen duen zerbait, eta gure kulturaren parte den zerbait», erantsi du. Horri lotuta, «sinbologiaz harago, inarrosaldi txiki bat» emango diola esanaz bukatu du Zabaletak.

Espainia, bost kilometrotara

«Oion, adibidez, Logroñotik bost kilometrotara dago, eta badakigu erdalgune potentea dela, baina horrek ez du kentzen euskaldun komunitatea bere esparrua apurka-apurka irabaziz joatea», azaldu du egoera Olabarrietak. Testuinguru horretan, bertsolari izateko «nolabaiteko beharra» izan dute. Eskualdean 25 urtetik beherako gehienek euskara ikasi zutela ohartu ziren, baina euskarak kalean ere presente egoteko beharra zuela. «Horrek behartu gintuen bertso eskolan geundenoipauso hori ematera, euskara plazara atera beharrak», jarraitu du Bilbotik Oionera joandako Olabarrietak. Bide horretan, Oionen bertsozaletasuna euskararentzako «leiho berri» gisan irudikatu du Sobrinok. Leiho berri horrek euskara «gehiago entzutea» eta jendea erabiltzera «pixka bat xaxatzea» eskaini dio, Olabarrietak azaldu duenez. Araban euskaltzaleak «atomizatuta» egonda, bertsozaletasuna «euskalzaleentzako topagunea» dela dio Agirrek, euskarari lotutako gainontzeko ekintza kulturalak bezala.

Lapurdin bertsolaritzarekiko ikuspegia aldatuz doala sumatzen dute Zabaletak eta Maddi Sarasuak. «Lehen, kolegioan nengoenean, nik sentitzen nuen gazteen artean bertsoa ez zegoela hain ongi ikusita, zaharren gauza zela, baina orain gazte gehiago sartzearekin bat bertsoak hartu duela dimentsio polit eta erakargarri bat», azaldu du Sarasuak. Hori adierazi aurretik esan ere egin du, ordea: «askok ez dutela ezagutzen esango nuke». Halaber, «Baiona inguruan eta kostaldean» ikusten du «ezagupen falta handia» Zabaletak. Iritzi bertsukoak dira biak euskaldunei dagokienez ere. «Euskara berpizteko aukera bat bezala» ikus dezaketela dio Sarasuak, eta «espazio berri bat» ireki diela Zabaletak.

Zuberoan «euskal giro bat» ere badela uste du Etxeberriak, ez dela «dena erdara». «Zuberoako berezitasuna edo, hobeki erranda, baserri munduaren berezitasuna da euskara etxaldeetan edo baserrietan egoten dela eta gutxitan plazaratzen dela». Bertsoaren bidez euskara plazara eramatea eta erakutsi izana jotzen du puntu inportanteentzat.

Bertsogintzak eman dienaz galdetuta, antzera erantzun dute Etxeberria, Sarasua, Zabaleta eta Agirre bertsolariek. «Aukera handiagoa euskara erabiltzen ala euskara maitatzen zuten jendearekin harremana edukitzeko, eta inguru euskaldun bat sortzeko aukera eman didala esango nuke», erantzun du Sarasuak, esaterako. Iparraldean euskarazko aisialdia «oso-oso gauza arraroa» dela aipatu du Zabaletak. Etxeberriak euskaraz gozatzeari, «gozarazteko parada» erantsi dio: «Testuinguru honetan, uste dut oso garrantzitsua dela euskarak ekartzen duen gozamena plazaratzea». Aramaioarra izanagatik, Gasteizen bertsozaletu zen Agirre, eta euskarak osasun onik ez daukan lekuak ezagutzeko aukera «oso polit eta herrikoia» ekarri dio.

Araban, «euskarak osasun onik ez daukan lekuetara» joatean, bi kezka izaten dituzte: «Beti daukagu kezka plaza batera joatean zenbat jende egongo den, eta, plaza irekia denean, ea zenbat jendek ulertzen duen euskaraz». Oionen «errespetatzea» lortzen ari dira, nahiz eta ulertu ez, Sobrinok kontatu duenez. Euskara ikasleekin, bertsoak entzundakoan ulermena lantzea dute helburu, eta euskaldunekin, gozatzea.

Pedagogiaren beharra

«Ezagutza eta ohitura falta» antzematen ditu Zabaletak Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Aintzat hartzen dute bertsotan egiteko orduan. «Dakizunean jendeak ez duela bertso saioak antolatzeko ohiturarik, edo bertso afari bat nola egiten den ohiturarik ez duelarik, baldintzatzen zaitu bertsotan ari zarenean. Pedagogia egin behar duzu, esan behar duzu nola pasatzen den, nola diren denborak… eta bertsotan ere saiatu behar zara erraz sartzen diren bertsoak egiten». Entzuleen hiru jarrera bereizi ditu Etxeberriak. «Bitxikeria» gisa ikustea da horietako bat: «Baina, gehienetan, jende horrek euskara bera ikusten du bitxikeria gisa edo ez du ikusi nahi hizkuntza praktiko gisa». «Harridura» da jarreretako beste bat: «Ikustea gazte batzuk euskaraz kantatzearekin gozatzen harridura handi bat». Hirugarrena «euskaldun eta euskaltzaleen plazera» da.

«Bidearen hasiera delako» ez dio bertsozaletasunaren hedapenari muga aurkitzen Etxeberriak. «Belaunaldi berrietan gain behera doa euskara, eta horrek eragin zuzena izango du bertsolaritzaren hedapenean», aurkitu dio muga Zabaletak. Araban, muga garbia «ezagutza datuetan» aurkitu du Agirrek, nahiz xede taldetzat duten gazteengan mugarik ez aurkitu. Oionen, aldiz, euskararen mailak sortzen duen beldurra, ikastera kanpora doazen gazteak, eta gazteek euskarak «bizimodu naturalean» esparrurik ez izatea dute oztopo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.