Egarria pizteko

Bihar izango dira ehun urte Albert Camus jaio zenetik, idazle Nobel sariduna eta itzal handiko pentsalari filosofiko eta politikoaIdazlearen edo idazleari buruzko liburu asko argitaratu eta berrargitaratu da Frantzian

Juan Luis Zabala
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aitak Parisera joan behar zuela-eta, handik Albert Camusen L'Homme révolté saiakeraren ale bat ekartzeko eskatu zion Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k, 1951n, Txillardegik berak 1960an —Camus auto istripu batean hil berria zela—, Egan aldizkarian argitaratutako Lekuko bikain bat il da Albert Camusi buruzko artikuluan kontatu zuenez (Haranburu argitaletxeak argitaratutako Txillardegiren Gertakarien lekuko liburuan ere jasoa dago, 1985ean): «Paris'ko liburu-denda batean sartu omen zan ba nere aita, saio famatu orren eskean; eta, dendariak galdetu omen zion:

»—Eta, zeiñentzako nai duzu?

»—Neure semearentzat.

»—Zenbat urte ditu?

»—Ogei ta bi.

»—Ba... Etzenioke eraman bear... Badakizu: Camus ori esistentzialista zoro eta lizun oietako bat da; danetan bildurgarriena omen da. Beraz, zeuk ikus. Baiña...

»Eta, orrela, nere aitak etzidan liburua ekarri».

Garai hartako aurreiritzien gainetik jauzi eginda, ordea, zabalkunde eta eragin handia izan du Albert Camusen obrak geroztik, hala mundu zabalean nola Euskal Herrian. 1957an Literaturako Nobel saria jaso zuen, baina literaturaren munduan ez ezik itzal handia izan du —eta du oraindik ere—pentsamendu politikoan eta filosofikoan. Duela ehun urte jaio zen, Mondovin, Aljerian, Aljeria artean ere kolonia frantsesa zen garaian, 1913ko azaroaren 7an, eta mendeurren hori hainbat argitalpen eta berrargitalpenetarako aitzakia bihurtu da egunotan Frantzian: Camusen gutunez gain, Catherine Camusen —Albert Camusen alabaren— Le Mond en partage, argazkiz eta oroitzapen intimoz hornitutako liburua (Gallimard); Camusen Combat aldizkariko artikuluen bilduma bat eta Carnets lan autobiografikoa (Folio); beste testu batzuen artean FBIk Camusi buruz idatzi zuen txostena duen monografiko bat (Editions de l'Herneren Cahiers de l'Herne); Herbert R. Lottmanek idatzitako biografia mardula (Le Cherche Midi); Salim Bachiren Le Dernier Eté d'un jeune homme, Camusek 1949an Brasilera egindako bidaian oinarritutako eleberria (Bref)…

Sartre Camusen aurka

Camusen L'Homme révolté saiakera (1951) polemika iturri garratz bihurtu zen garaiko intelektual ezkertiarren artean. Erreboltariak, garaipena eta agintea eskuratutakoan, menperatzaile bihurtzearen arriskuez ohartarazi zuen. Stalinen erregimen totalitarioaren kritika egitean, Marx eta Lenin jo zituen Stalinen aitzindari zuzentzat; Emilio Lopez Adan Beltza-k —Sartre Camus-en aurka, edo Iraultza eta Errebolta artikuluan (Jakin aldizkaria, 14-15. zenbakian, 1980)— dioen bezala, Camusen ikuspegian, «errebolta Estatuaren terrorismo huts bihurtu zenean ez zen txiripaz izan, marxismoaren barne logikaz baino». Ikuspegi horrek Jean Paul Sartreren eta beste hainbat intelektual komunistaren kritika sutsuak eragin zituen, eta egun ere gaurkotasun handikotzat jo daitekeen eztabaida batjarri zuen plazan.

Aitak Paristik haren libururik ekarri ez zion arren, Txillardegikez zuen etsi Camusen lanik irakurri gabe, eta bat egin zuen, haren ikuspegi politikoekin ez ezik, humanismotik gertu zegoela iruditzen zitzaion haren existentzialismoarekin ere. «Camus'ek askatasuna maite du malla eta arazo guzietan», idatzi zuen arestian aipatu 1960ko Lekuko bikain bat il da artikuluan. «Combat egunkaritik, Resistentzian eta gero ere bai; Express-tik, UNESCO-tik, eta beti, askatasun guzien alde mintzatzen da eta jokatzen du, eta kolore guzietako nagusikerien kontra». «Danok zor diogula uste dut», dio aurrerago Txillardegik. «Eta, Unamuno'k bezela, soluzioa emateko Camus'ek balio ezpadu, bizierak bear duen sentiduaren egarria pizteko, leengo mallakoa deritzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.