Nerbioi ibaitik Fisterrara

Galiziako musika eta kultura omendu nahi izan ditu Kepa Junkera musikariak 'Galiza' diskoan

Alberte Sanmartin eta Kepa Junkera, diskoaren aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Barakaldo
2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Maiteminduta dator Kepa Junkera. Behin eta berriz azaldu zuen hori disko berriaren aurkezpenean. «Txoratuta» dago galiziar kulturaren magiarekin. Horren lekuko da bere azken lana: Galiza (Boa). Herrialde horretako musika eta kulturari omenaldi bat egin nahi izan dio Junkerak, eta disko bikoitza osatu du. Herrialde hari omenaldia egin, eta diskoa ere hari eskaini dio. CDko eskaintzan dator: «Bi itsaso eta mila erreka dituen lurrari, usain magikoak dituzten kondairez beteriko herriei, abegitsu eta talentuz jorraturiko pertsonei».

Toki eta giro berezia aukeratu zuen horregatik atzoko aurkezpen ekitaldia egiteko: Barakaldoko Galiziar Zentroa (Bizkaia). Euskal Herrian lehen agerpena diskoari izena ematen dion herrialdetik gertu egin nahi izan zuelako. Zentroan bertan grabatu dute disko berriko abestietako bat, eta bertako kideek ere parte hartu dute. «Laguntza eskertu eta jaso dudana bueltan eman nahi nien diskoa hemen aurkeztuta». Tokiaren berezitasuna, ordea, ez zen izan bitxitasun bakarra. Konpainia ere bazen berezia. Alberte Sanmartin gaita jotzailea izan zuen ondoan Junkerak. Galiziar jatorria duen euskalduna da Sanmartin, gaita jotzaile eta irakaslea. Pieza bat edo beste ere jo zituzten elkarrekin.

Musikariak 23 abestitan jasodu Galiziako musika eta kultura. Junkerak dio aspaldidanik hasi zela herrialde horrekin harremanetan. Bidaien artean, Oskorrirekin egindako birak ekarri zituen gogora. Bakarlari gisa sarritan joaten da hara jotzera. Adierazi zuenez, urtero «derrigorrezko» plaza du Galizia: «Beti izan dute interes handia nire lanari buruz». Egindako bidaia guztietan hango kultura eta musika gertutik ezagutzeko aukera izan du. «Beti iruditu zait doinu ederrak dituela». Horrek piztu zion txinparta lan berrian sartzeko. «Harmonikoki eta melodikoki barrura sartzen zaidan zerbait du musika galiziarrak, eta bere parte sentitzen naiz».

Iazko urte bukaeran hasi zen galiziar lagunei bere proiektuaren berri ematen. Hasieratik oso harrera ona izan zuela esan zuen. Urte batera, esku artean du emaitza: bere trikitia eta galiziar doinu tradizionalak biltzen dituen bi disko. «Anbizio handiko proiektua zen, baina oso era naturalean atera da». Berak sortutakoa ez den musikarekin egiten duen lehen proiektua da. Baina egin nahi zuela «sentitzen» zuen eta buru-belarri sartu zen horretan. Eta hori da atzo behin eta berriz azaldu zuen beste ideia bat: merezi izan duela.

Berrehun musikari galiziar

Guztira, berrehun musikarik baino gehiagok hartu dute parte. Proiektuaren berri ematean, grabaziorako abestiak proposatzeko esan zien trikitilariak. Gerora, denen artean egin zuten hautaketa. Eta hala osatu dituzte 23 abestiko bi diskoak. Parte hartu dutenen artean Cristina Pato eta Xoxe Manuel Budiño gaita jotzaileak nabarmendu zituen Junkerak. Uxia Dominguez kantari galiziarrarekin ere grabatu du abesti bat. Pandereteiros de O Fiadeiro eta Treixaideiro taldeek ere parte hartu dute.

Besteak beste, muñeirak, jotak eta musika tradizionala bildu ditu Junkerak. Baina musika galiziar garaikideagoa ere jaso du. Musikariaren arabera, tradizioari errespetua galdu gabe, berrikuntza asko egin dute bertako musikariek. Txalapartak, panderoak eta irrintziak dira erabili dituen «lehengai» nagusiak. Horien gainean beste musika tresna batzuk sartu ditu. Atera duen diskoko soinuak «garbiak, biziak eta energiaz beterikoak» direla azaldu zuen. Haren hitzetan, oso erritmikoa eta dibertigarria da diskoa. Hala sentitzen omen du berak galiziar musika. Uxiak abesten duen Unha Noite ba Eira do Trigo abestia nabarmendu zuen. Junkeraren arabera, baliteke hori izatea «bereziena».

Galiziar kultura mundu osoko ondarerik handienetako batdela adierazi zuen musikariak: «Ez dago parekorik». Alde topiko eta turistikoez gain, barnetik ezagutu beharreko kultura bat dela. Eta bere ikuspegia txertatzen ahalegindu dela.

Santiagon, Coruñan, Ourensen eta Gondomarko estudioetan grabatu du diskoa. Euskal Herrian ere grabatu du, Barakaldoko Galiziar Zentroan. Lana herrialdeari eskaintzeaz gain, mundu osoan dauden galiziarrei ere eskaini die: «Izugarria da nolako gaitasuna duten beren kultura gordetzeko eta erakusteko».

Datorren astean Galiziara joango da berriz. Bertan egingo du diskoaren aurkezpenerako zuzeneko lehen emanaldia, azaroaren 30ean. Pontevedran ospatzen den Pazo da Cultura ekitaldian. Diskoaren bira kontzertuak egiteko banda bat sortu dute, eta harekin arituko da emanaldi horietan ere.

Lanean parte hartu duten galiziar eta euskaldunek osatzen dute taldea. Xabier Diaz, Pedro Lamas, Cristina Pico, Carolina Vazquez, Jose Luis Canal, Argibel Euba eta Iñigo Olazabal daude taldean, besteak beste. Entseguetan oso soinu ona egon dela esan zuen Junkerak, eta jendeak asko disfrutatuko duela uste du.

Liburu formatua du diskoak. Musikaz gain, historia biltzen duten ilustrazioak ere jaso nahi izan ditu musikariak. «Arlo bisuala indartu nahi izan dut». Izan ere, Euskal Herriaren eta Galiziaren artean lotura historiko handia izan da. Kasu batzuk aipatu zituen Junkerak: marinel euskaldunak eta galiziarrak batzen zituzten tripulazioak, industrializazio garaian izandako migrazioa... «Harreman hori gogoratu eta bultzatu nahi izan dut lan honekin». Musika bidez agertu nahi izan du oraingoan herrien arteko lotura.

Ez da galiziarrekin disko bat grabatu duen lehen aldia. Prestige ontziaren ezbeharraren ondorioz, Euskadi Galiziarekin diskoa grabatu zuten herrialde bietako hainbat musikarik. Eta Junkera ere izan zen tartean.

«Hunkituta» dago trikitilaria: «Galizia barnean gordeta daramat». Maiteminduta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.