Bertsolari Txapelketa Nagusia

Desagertu egin da txapela

Bertsolari txapelketako zortzi finalistek esan dute helburua gozatzea eta gozaraztea dela, ez diotela txapelari begiratzenSaio borobila eginda, bertsolaritza, euskara eta euskal kultura suspertu nahi dute

Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza, atzo, BECen, Barakaldon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Barakaldo
2013ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Zain dago txapela. Merezi duen buruaren zain. Baina altxorra eskuratzeko hautagai diren buruak gozamenari emanak daude. Gozatzera doaz abenduaren 15ean BECera. Gozatzera, eta gozaraztera. Itzalpean geratu da izarra, apaingarrien artean desagertuta. Ustez. Hala diote zortzi hautagaiek. Duten onena eman nahi dutela Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Ez diotela txapelari begiratzen, eta kolektibitatearen hobe beharrez aritu nahi dutela ahalik eta ondoen. Bainaaltxorraren dirdira eskuratzeko aukeraren zirrarak ere izango du zerikusirik. Erabat ihes egin ezinik, zeharka bada ere, begiratuko diote txapelari.

Beren burua gustura utzi nahi dutela adierazi dute zortzi finalistek. Sustrai Colinak, Unai Iturriagak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Beñat Gaztelumendik, Aitor Mendiluzek, Aitor Sarriegik eta Amets Arzallusek. Direna erakutsi nahi dutela; beraientzat benetako altxor diren entzuleei ikusarazi. Saio borobilak eginda eman nahi dietela gozatua. Eta, gozamen horren bidez, euskalgintza, kulturgintza, bertsozaletasuna suspertu nahi dutela. Kolektibotasuna indartu. Areago, bere helburua herri izaera, identitate sentimendua hauspotzea dela esan duenik ere bada. Eta faboritoen kinielan agertzen den hautagaiak esan du hori, txapelari izkin eginez.

«Euskal Herriko zazpi ertzetatik etortzen da jendea egun horretan. Uste dut, gu bezala, bere hizkuntza, bere herri, bere sentimendu eta bere identitate horren festa batera etortzen direla neurri batean», azaldu du Amets Arzallusek finalerako duen helburua. «Goizean herri izatetik gertuago egon nahian eta herri euskaldun batean bizitzeko amets horrekin datorren jendea, iluntzean etxera doanean, grina, gogo edo amets hori hauspotuta joan dadila nahiko nuke».

Hiru aldiz besterik ez da entzun txapela hitza finala aurkezteko agerraldian. Arzallusek berak erabili du hiruretan, txapela inork aipatu ere egin ez duela kazetariek ohartarazi diotenean. «Txapelarekin ez naiz askorik itsutzen», erantzun du; «ez nau askorik kezkatzen, ez nau askorik erakartzen, eta distantzia handi samar batera ikusten dut». Bere erakargarritasuna, «izatekotan», bertsotan hobetzeko lagungarritzat hartzen duela dio, baina mesfidati: «Txapelak, uste dut, argitik bezala baduela itzaletik, eta ez nau askorik erakartzen».

Gainontzeko finalistek, BECen arlo pertsonalean eta arlo «kolektiboan» zer lortu nahi dutenazaldu dute, bakoitzak egoera pertsonalak sentiarazten dizkien zertzeladak utzita. «Nik uste dut bertsotan ariko garenok eguna gozatzea izango dugula helburu», azaldu du Maialen Lujanbiok. Gozatze horrek, ordea, hainbat ertz ditu bertsolariarentzat, eta, nolabait, sufritzea ere badakarrela aitortu du gaur egungo txapeldunak: «Eguna gozatzeko, bertsotan ondo ari behar da. Orduan, sorkuntzaren estutasuna eta egunaren gozamena konbinatzen eta bat egiten jakitea da, nire partetik, helburua».

Kolektibotasunari heldu dio jarraian. «Lau urtean behingo hitzordua berezia eta garrantzitsua da euskalgintzarentzat, kulturgintzarentzat, euskarazko sorkuntzarentzat, eta, horren jabe izanik, gure onena ematea. Eta izan dadila bultzada bat kulturgintza lanean, sorkuntza lanean, bertsogintzan aurrera egiteko».

Duela lau urte txapela eskuratuta finalean zuzenean sartu denez, txapelketaren beroketarik gabe joango da BECera aurtengoan. «Zorte» hori eskertu eta «puntu-puntuan» egoten saiatuko dela agindu du, baina beharrezko mailan dagoen neurtzea zail egiten zaiola aitortu du.

Txapelketan «orain arte egindakoa berretsi» nahi du Sustrai Colinak. «Ahal dela, pare bat koxka gora egin». Horretarako, «bertso bakar bat ere alferrik ez galtzeko» helburua du. Talde gisa, «emozionalki hunkigarria» izaten den horretan «sentsazio konpartituak» izaten lagundu nahi du.

Zerrendako zaharrenak duela hogei urte kantatu zuen lehenengoz finalean: Unai Iturriagak. Harro dago horretaz, eta, saio ona egiteko esperantzarekin, parte hartzea bera «oso pozgarria» zaio; baita «BEC fenomenoak» lortu duen indarra eta «dimentsioa».

Beñat Gaztelumendi da gazteena. «Aurpegi berria» izateaz gain, «talde gisa» sentitzen duen «belaunaldi berri baten» lehen finala izango dela ohartarazi du. Talde horren ahalmenaren isla izan nahi du 15ean, txapelketan egitea lortu ez duen «saio osoa» eginda. Eta horretarako abantaila bat baduela jakinarazi du: «Urduri nagoenean eta tentsioan nagoenean handitasunerako edo potolokeriarako joera dut, eta uste dut bertsotan sekretua potolokeria horren errezetan dagoela».

Igor Elortza gustura dago txapelketan orain arte eman duenarekin, eta bide horretan segitu nahi du, «onena» ematen. Azken finaletik Euskal Herriko egoera sozial eta politikoa asko aldatu dela nabarmendu, eta festaren «euforian» baino gehiago, gertutasunean, sinesgarritasunean eta «neurri humanoan» sakondu nahi du.

«Koloretako bertsoak» espero ditu Aitor Mendiluzek, eta, orain arteko lanarekin ez dagoenez oso gustura, «bertsoak izan behar lukeen guzti horretan» bere «zatitxoa» jarri nahi du, bertsoa «ekintza bateratzailea, ahots kritikoa, euskararen ibilgailua eta gizartearen ispilu» dela kontuan hartuta.

«Egin dezakedala pentsatzen dudana edo neure buruarekin kantatzen dudan bezala jendaurrean kantatzea», hori nahi du Aitor Sarriegik; kideek aurretik esan dituztenak babestu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.