Wes Anderson zuzendariak eta Ralph Fiennes aktoreak abiatuko dute Berlinale

'The Grand Budapest Hotel' filma beste hemeretzi lanekin lehiatuko da Urrezko Hartza eskuratzeko

Agentziak
Berlin
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Urteko lehendabiziko zinema jaialdi handia, Berlinale, gaur hasiko da Wes Anderson zinemagile estatubatuarrak Sail Ofizialean aurkeztuko duen The Grand Budapest Hotel filmarekin. Andersonen filma komedia nostalgikoa da, eta Ralph Fiennes du protagonista, baina aktore ospetsu ugari bildu ditu The Royal Tenembaum-en egileak bere azken filmean: Jude Law, Bill Murray, Tilda Swinton, Edward Norton... Hilaren 15era bitartean Urrezko Hartza eskuratzeko lehiatuko diren hogei filmetako lehena izango da The Grand Budapest Hotel.

Lehiaketako filmen artean, Alemaniako bertako zuzendarien eta Asiako zinemagintzako aleak nabarmentzen dira kopuruari dagokionez. Lau zinemagile alemaniar lehiatuko dira (Edward Berger, Dominik Graf, Feo Aladag eta Dietrich Bruggemann) Sail Ofizialean, eta txinatarrak hiru izango dira (Ye Lou, Yinan Diao eta Hao Ning). Yoji Yamada japoniar laudatuak, berriz, Chiisai Ouchi (The Little House) aurkeztuko du.

Indigènes eta London River filmen egilea, Rachid Bouchareb, La voie de l'ennemi koprodukzioarekin lehiatuko da —Forest Whitaker eta Harvey Keitelekin—, eta Richard Linklaterrek dibortzioaren atarian dagoen bikotea osatu du Patricia Arquette eta Ethan Hawkerekin. Bestalde, Hego Amerikako eskaintza ere handia izango da, eta, besteak beste, Claudia Llosak—2009an sari nagusia irabazi zuen La teta asustada-rekin— bere azken lana aurkeztuko du: Aloft.

Clooney, lehiatik kanpo

Lehiaketatik kanpo bada ere, beste hiru film emango dituzte Sail Ofizialean. Le pacte des loups arrakastatsuaren egile Christophe Gansek La Belle et la Bête aurkeztuko du, Ederra eta Piztiaren mitoaren aldaera bat, eta Lars Von Trierrek bere Nymphomaniac-en muntaketa propioa erakutsiko du, bost ordukoa. George Clooneyk, berriz, The Monuments Men eramango du Berlinalera, eta Alemaniako hiriburuan izango da larunbatean.

Clooney ez da Berlinalera joango den izar bakarra, jada baieztatu baitute bertan izango direla Catherine Deneuve, Pierce Brosman, Uma Thurman, Bruno Ganz, Viggo Mortensen eta Martin Scorsesek. Era berean, Berlinalen izango da Ken Loach; izan ere, Ohorezko Urrezko Hartza jasoko du zinemagile ingelesak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.