'Humusaurio' urratsez

Melodia «politei» leku eginagatik, rock indartsuz diskoak osatzen segitu du Humusek 'Saurius'-en

Humus laukotearen bosgarren diskoa da Saurius. NAIARA OLAIA.
2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ia bost urte pasatu dira Tolosako Humus taldeak beste lan bat argitaratzerako. Baina dinosauro baten sendotasunez egiten dituzte urratsak, eta horren fruitu da Saurius lan berria: «Tolosako beste talde batzuekin festa bat antolatu genuen. Ezta zaila ere, baina beste taldeetako guztiak gu baino gazteagoak ziren. Guk azkenak jo behar genuen, eta haietarikoren batek esan zuen orduan jo behar zuela humusaurius-ak, eta asko gustatu zitzaigun». Fernando Manzisidor Mantxi gitarristaren berbak dira horiek (Tolosa, 1972). «Gero badauka beste ikuspuntu bat: gauzak lasaitasun eta seriotasun handiagoz egiten ditugula. Dinosauro baten moduan pausoak ematen ditugu, urratsak kontrolatuta».

Zazpi abestiz osatu du laukoteak bosgarren diskoa: «Rock oso-oso indartsua baina melodia politez apaindutakoa egiten dugula esango nuke. Neska baten ahotsarekin, beti ere identifikatzailea izaten dena», Mantxiren arabera. Bazuten material gehiago, baina «gauza dezente» laga dituzte kanpoan: «Iragazkia oso gogorra jartzen dugu. Ez gara joaten estudiora zalantzak sortzen dizkigun kanta batekin. Zazpi eramaten ditugu, baina taldeko kide guztiek barneratuak ditugu horiek, oso gustura jotzen ditugunak, konbentzituta ehuneko ehunean. Agian, horregatik gelditzen zaizkigu zazpi bakarrik». Dena dela, horren garrantzirik eza nabarmendu du: «Disko berri bat erosten duzunean, oso arraroa da horretatik kanta denak entzutea denbora guztian. Berria daukazunean, agian, bai, baina gero jada ez. Pentsatu genuen disko bat egitea dena errenkadan entzuteko gozagarria izango zena».

Disko horretako hitzak «bereziki» Natalia Garmendia abeslari eta baxu jotzaileak idatzi ditu: «Besteetan guk ere pixka bat laguntzen diogu gure ideiak azaltzen, edo testutxo batzuk pasatzen dizkiogu. Baina azkeneko disko honetan, gure lotsarako, esan behar dugu ez diogula batere lagundu», azaldu du Mantxik.

Hitzen interpretazio zabala

Ideia propioz jantzi dituela abestiak azaldu du Garmendiak (Tolosa, 1972): «Nire ustez, ez ditut gauzak oso-oso argi esaten. Egiten ditudan hitzak izan daitezke gai bati buruz. Baina gero hori izan daiteke gai bat, edo beste bat». Metaforikotzat jotzen ditu bere hitzak: «Askotan, esplikatzen dudanean zer esan nahi dudan, orduan bai ulertzen didatela. Baina, agian beste pertsona batek irakurtzen duenean ez du ulertzen esan nahi nuena. Ez diot gaizki irizten, hor ate bat irekita geratzen baita bakoitzaren interpretazioa garatzeko. Hori niretzat oso aberasgarria da». Lorea lehen kanta izan daiteke horren adibidea. Sustrairik gabeko lorerik ez dagoela eta, edertasunaren gaiari heldu nahi izan diola argitu du Garmendiak.

Emakume batek abesten badu konparaketara jotzen dela uste du: «Euskal Herrian zeintzuk dira emakume batek kantatzen duen talde famatuak? Zea Mays, Kokein eta Gose, zenbait esatearren. Konparaketa bat egiten da, beti beti beti, agian mutilen artean gertatzen ez dena. Nahiz eta estilo berdinetakoak izan, abeslariak ez dira hainbeste konparatzen, gure artean egiten den bezala».

Azken bi kantak, Gabeko eta Txalokatzen, ezberdinak begitantzen zaizkio Mantxiri: «Egiteko era lasaiago baten barruan daude, nahiz eta denak lasai egiten ditugun. Hasierakoek aurreko diskoarekiko lotura gehiago daukate». 2008ko azaroan atera zuten aurrekoa: Lekua.

Bonberenea Ekintzakekin grabatu du Saurius Humusek. Duela hamabost urte Bonberenea hasi zuten, beste lagun batzuekin batera, eta bertako «kideak» direla azaldu du Mantxik: «Gaur egun hor dauzkagun gauzak ikusita, eta erabiltzeko aukera egonda, ba, non hobeto, etxean sentituta eta bertako jendeak ematen digun babesarekin baino? Horrek preziorik ez dauka». Ondorioz, beste era batera egiteak «zentzurik» ez lukeela izango uste du.

Urte bukaerara arte, hilero hiruzpalau kontzertu jotzeko asmoa daukate, eta Aragoi eta Kataluniara ere bisita egiteko gogoz daude: «Disko honetaz gozatzeko, lehenbizi». Jendea biltzea espero dute: «Eta esatea, ondo, edo gaizki, edo zer». Hurrengo kontzertua asteazkenean dute, ekainaren 26an, Zarauzko txosnetan. Ondoren, Errenterian ariko dira uztailaren 21ean, Gasteizen irailaren 6an, Andoainen irailaren 28an eta Tolosako Kilometroetan urriaren 6an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.