Donostiako 61. Zinemaldia. Zinemira

Sorkuntzaren lekukoak

Jose Luis Zumeta margolariari buruzko dokumental bat egin dute Enara Goikoetxeak eta Monika Zumetak

Donostia
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Izenik gabe, 200x133 ez da dokumental klasiko bat. Enara Goikoetxeak eta Monika Zumetak zuzendutako lanak ez du dokumental baten ohiko egitura. Jose Luis Zumeta margolariaren ibilbideari gainbegiratu bat egiten dio, haren lanaren garrantziaz hitz egiten dute arte adituek eta haren erakusketa esanguratsuenak ere aipatzen dira. Baina dokumentala berezi egiten du Zumetaren sormen lanaren prozesua islatzeak. «Hori da muina», dio Monika Zumetak, margolariaren alabak. Izenik gabe, 200 x133 bihar estreinatuko dute, Zinemira sailean. Emanaldia Principe zinema aretoan izango da, 16:00etan.

Filmak bi koadroren sorkuntzaren lekuko bihurtzen ditu ikusleak. Lehenengoa erraz ateratzen zaio, eta gustura gelditzen da margolaria. Bigarrenak, ostera, gatazka sortzen dio. Behin eta berriro moldatu, eta ez du konbentzitzen. «Benetako prozesuaren isla da», dio Goikoetxeak. «Batzuetan oso azkar, erraz, margotzen du eta beste batzuetan, egonean, atera arte», erantsi du Monika Zumetak.

Artista batek bere arima biluztea, haren intimitatea urratzea, izan daiteke horrelako grabaketa baten emaitza. Eta Jose Luis Zumeta ez da bere obraz luze eta zabal hitz egin zalea. Artista konbentzitzeko zereginean zerikusi handia izan du bere alabak. «Nik eskatu niolako onartu zuen. Niretzat ere artelanak sortzeko prozesua ikusteko aukera paregabea zen, eta besteentzat ere hala dela uste dut», iritzi dio.

Bere sormen lanean ahalik eta oztopo txikiena egiteko, «ekipo txiki bat» eraman zuten bere lantegira. «Bi kamera eta beti berari jarraitu, bere erritmoan. Elkarri errespetu handia izan diogu», azaldu du Goikoetxeak. Eta dokumentalean ez diote artistari zuzeneko elkarrizketa egin: «Tratuaren parte bat zen».

Usurbilgo margolariari buruzko irudia osatzeko gertuko lagunek hartu dute parte. Adibidez, Marisol Bastidak, Mikel Laboa zenaren emazteak, Jose Luis Zumetarekin baso batean izandako elkarrizketa agertzen da. Laboa eta Zumeta urte askoan lagun minak izan ziren, eta Bastidak margolariaren ibilbidea jarraitu du hasiera-hasieratik. «Oso urrundik grabatu genituen. Azkenean, haiek ahaztu ziren grabatzen ari ginela eta elkarrizketa natural joan zen. Horixe lortu nahi genuen: artistaren benetako izaera agertzea», nabarmendu du Goikoetxeak.

Dokumentala ikusita, Jose Luis Zumetari buruz azaltzen den irudia gizon umil batena da. «'Ez dut ezer berezirik egin, margotu dut', esaten du nire aitak dokumentalari buruz galdetuta», azaldu du artistaren alabak.

Bastidaz gain, Zumetak eta Carmelo Ortiz de Elgea margolariak izandako elkarrizketa, Marijose Aranzasti arte historialariaren eta Jose Luis Merino arte kritikariaren iritziak, Txiki Agirre Keixeta-ren eta Usurbilgo ikastolako ikasle batzuen hitzak ere jasotzen ditu Izenik gabe, 200x133 lanak.

«Ez genuen dokumental historiko bat egin nahi, baina nozio batzuk eskaini nahi genituen eta aita eta bion artean aukeratu genituen pertsonak», adierazi du Zumetak.

Dokumentalaren ideia duela bost urte sortu zen, baina orduan ez zuten dirurik lortu. «Hala ere, bakarrik aurrera egitea erabaki genuen eta egiten ari ginela interesa erakutsi zuten hainbatek», dio Goikoetxeak. «Grabazioa, berriz, egun gutxi batzuetan egin genuen».

«Artea estimula daiteke, baina ez irakatsi» edo «zertzelada batek koadro osoa alda dezake». Jose Luis Zumetaren esaldi biribilak aipatzen dira dokumentalean. «Bere oinarrizko kontzeptuak dira. Horiek ulertzen badituzu, bere lana ulertzen duzu», argitu du Monika Zumetak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.