Bertsolari Txapelketa Nagusia

Eztarrian, brotxak kargatuta

Gaur hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia; Villabonako Olaederra kiroldegian egingo da lehenbiziko saioa, 17:30ean«Finalean zuzenean egoteak» ez du kezkatzen Maialen Lujanbio txapelduna

Txapelketan parte hartuko duten bertsolariak Villabonan elkartu ziren ostegunean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Villabona
2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Brotxak kargatuta dituzte bertsolariek Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atarian. Goiztiarrenei gaur arratsaldean egokituko zaieeztarriarekin ahalik eta finena margotzen ibili beharra, Villabonako Olaederra kiroldegian; berantiarrena, ostera, Maialen Lujanbio txapelduna izango da: zuzenean mihiserik zabalenean eta zirraragarrienean marraztea irabazita, abenduaren 15ean jardungo du, Barakaldoko BECeko finalean.

Zuzenean finalean kantatze hori du «berezia» Lujanbiorentzat aurtengo txapelketak, baina, «bere alde onak eta txarrak» izanda, ez du horrek kezkatzen txapelduna: «Hori hala da; BECen kantatzeko zortea izango dut».

Lujanbiorekin batera, Amets Arzallus da txapela irabazteko faborito nagusia. Azken txapelketako buruz burukoari ez dio begiratzen, ordea, eta, izatekotan, «ilusio hori kargatzeko pila baten gisa» begiratzen dio. Ez du «intentzio markaturik» txapelketa honetarako: «Nekarren bidean ahalik eta gehiena sakontzen eta ni izaten saiatzea; izan naizenaren arabera eta izan nahi dudan horren arabera».

Abendua «urruti samar» ikusten du Lujanbiok oraindik, eta «lanketa estuagoa» hastear du.Ez du lanketa berezirik egingo finalean zuzenean izango delako; «alferrik da», haren irudiko: «Bakoitza saiatuko da bere saiora punturik onenean iristen, eta, gainera, hori nola egiten den jakin gabe».

«Lehiarako momentu desegokian» harrapatu zuen Igor Elortza azken txapelketak. Aurreko bietan finalista izan zenak kanporaketetatik hasi beharko du aurten. Izan ere, iazko Bizkaiko Txapelketan lortu behar izan zuenEuskal Herrikorako aukera. «Mentalizatu» beharra izan du,Unai Iturriaga «hainbat batailatako laguna» eta biak «bi ikuskeratan» daudelako: «Espero dut berdintzea, baina kanporaketan dagoen jendearekin egon, hor zaudela jakin, eta ez dago besterik». Txapelketarekin duen «arantza» atera nahi du, aspalditik duen gogoa da hori, eta «gogotsu» dago.

Aitor Sarriegi 2009an lehenengoz finalista izan zen, eta oraingoan finalaurrekoetan sartuko da lehian, bere buruari «erakutsi beharrekoa erakutsita». Finalista izan zenez, Txapelketa Nagusirako sailkatzeko aukeraren beharrik gabe hartu zuen parte Gipuzkoakoan, eta, herrialdekoan, «exijentzia maila handiagoa» izan zela uste du. «Ez dakit neure burua berrestera joan nintzen, baina mamu gehien ikusi nituen momentua hura izan zen», aitortu du. Finalaurreko «bete bat» eginda bigarren bueltarako sailkatu nahi luke.

Txapelketan parte hartu ahal izateko adina gainditu berritan ariko da Maddi Sarasua. «Pixka bat kokatzera» joan zen ostegunean Villabonan egin zen aurkezpen festara. «Gauza urrun bat, amets bat» da txapelketa, Sarasuarentzat. Jon Maia txapelketako adindunenarekin jardun zen hizketan. Txiki-txikitatik, bertsoa ezagutu zuenetik, beretzat «bertsolari izarrak» izan direla dio, eta «oraindik ere bai». Ez daukala ezer galtzeko aholkatu dio Maiak albotik, ondo egiten duen guztia hor geldituko dela.

Adindunena izateaz batera, gehien aritu denen artean ere badago Maia. «Txapelketak pilatuz joateak aurrekoetan egindako hutsetan ez erortzeko aukera ematen dizu», dio zumaiarrak bere alde duen zerbait aipatuta. Azkenekoan oso zentratuta eta goitik ibili zen. Haatik, formulak errepikatu gabe, «lan berriak eginda» dator txapelketara: «Garatzen jarraitzeko egin beharrekoa egiten jardun dut».

Olatuaren gainean

«Ni aurreko txapelketara iritsi nintzen nora sartzen nintzen ez nekiela, eta uste baino hobeto atera zitzaidan, eta ia-ia olatuaren gainean egon nintzen», zioen Miren Amurizak. Finaletik bi postutara gelditu zen lehen parte hartzean, 19 urte zituela. Odei Barrosorentzat justu kontrakoa izan zen lehen esperientzia hura 21 urterekin: «Nire bertsotarako esperientzia gogorrenetakoa edo gaizkien bizi izan dudanetakoa izan zen».

Ilusioz eta gogotsu daude biak. Esperientzia txar hartatik «anitz ikasita» dator txapelketa honetara Barroso: «Dezente ikasi dut esperientzia horretatik, eta, aurten, heldu naiz orain dela lau urtekoa gaindituta eta gogoz eta ilusioz». Orain dela lau urteko gogo hari eusten dio, Amurizak. «Ni orduan bezain gogotsu nago, eta espero dut lau urteotan bizitako denak, bai bertsotan, baita bizitzan bizi izan dudanak ere, lagunduko didala ekarpen politen bat egiten».

Ez da gauza bera 20 urterekin txapelketan aritzea eta egun aritzea, Iratxe Ibarrarentzat: «Txapelketari nik ez diot ikusten horrenbesteko premiarik oraintxe, lehia horrek jada ez nau horrenbeste erakartzen». Ez da sentipen bera, baina «gauza handia» da, hala ere, Oihane Perearentzat: «Txapelketa da plaza bat jende kopuruagatik eta tentsio puntuagatik motibatzen zaituena plazan baino gehiago ematera». Neurria hartua diote txapelketari Ibarrak eta Pereak, eta bertsozaleek ere eurengandik zer espero dezaketen badakitela irizten diote biek. «Aurreko bi urteetan egokitu zait ez jakitea nora nindoan, eta, nire ustez, aurten badakit nor naizen eta nora noan, eta konfiantza pixka bat badaukat inguruko jendearekin edo bertsokideekin», dio Pereak. Entzuleek euren bertsoaldiren bat oroitzea nahiko lukete biek, Ibarrak eta Pereak. «Hori baino pixkatxo bat gehiago», osatu du Pereak.

Txapelketarako sailkatzeko ibilbiderik bitxienetakoa egin du Eneko Fernandezek. 2011n hasi zen bertsotan, 34 urterekin, eta aurten Nafarroako txapelketan laugarren postua erdietsita sailkatu da txapelketarako. Txapelketa prestatzeko «esperientzia gabe» harrapatu du, «berez, sorpresa bat» izan delako bharentzat .

Txapelketa aurreikusteko ariketa eginda, «bertsokide dezente ondo» ari direla sumatzen du Amurizak. «Uste dut gero eta gaitzagoa dela bertsolariontzat finalera heltzea. Bestela esanda: gero eta maila altuagoa dago kanporaketetatik», nabarmendu du Elortzak. Pereak, ostera, heldu ikusten du txapelketa, beste garai batzuetan ez bezala, eta, hari beretik, adin tarte estuan ikusten ditu parte hartzaileak Maiak. Gaztetasuna eta maila lotu ditu Ibarrak, «nahikoa ibilitako bertsolari gazte asko» daudela ondorioztatuta.

Lautan txapeldun izandako Andoni Egañarik gabeko «lehen txapelketa» izango dela ere gaineratu du Maiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.