Yogurinharen transformazioa

Ska, ye-ye eta techno doinuak bildu, eta 14 abestiko diskoa kaleratu du Yogurinha Borova musikariak: 'Bai si yes'

Inigo Astiz
2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Erne nahi du entzulea Eduardo Gaviñak.Yogurinha Borovak, alegia. Eta horregatik bilatu du harridura. Transformatu egin da berriz ere. Oihartzuna lortu zuen bere aurreko lanarekin, baina formularik ez errepikatzea erabaki du orain. Esnekiak gogoko ditut abestiarekin sona lortu, bai, baina ez baretzea erabaki du. Techno doinuak eta hitz ironikoak baliatu ditu orain ere nagusiki, baina zabaldu egin du erregistroa. «Jendeak pentsa dezake diskoteketan entzuteko moduko musika egiten dudala, baina gauza berriak probatu ditut». Eta horregatik jo du beste musika mota batzuekin saiatzera. Hamalau kanta batu ditu guztira bere bigarren diskoan, eta Bai, si yes deitu du lana (Gor).

Lehen kantatik utzi nahi izan du argi aldaketa. Horregatik hasi du diskoa ska batekin, Dicen y dicen kantarekin. «Patxi Goñik gomendatu zidan hori [Gor diskoetxeko kideak]. Esan zidan orain arteko soinuarekin apurtu egin behar genukeela, eta jendea harrituta gelditu da. Maritxuak gehienbat. Petardada hutsa espero zuten, eta harrituta gelditu dira». Eta bide horretan jarraitzen du diskoak gero. Technoa da nagusi, adibidez, Te quise por tu dinero kantan, rocka eta elektronika Divina of the dead izenekoan, eta ye-ye ukitu argia dute Menos que ayer eta Mutantea zara abestiek. «Gustatzen zait entzulea hurrengo kantan zer entzungo duen jakiteko erne edukitzea».

Borovaren hitzetan, bost urtetan sortutako kanta sorta baten bilduma izan zen aurreko diskoa. Oraingoan, urrats bat gehiago egin nahi izan du. «Estudioan grabatu ditugu kantarik gehienak, eta nabaritzen da soinu kalitatean. Landuagoa da». Aurrekoan bezala, orain ere, lagun eta kolaboratzaileekin osatu ditu Borovak musika eta hitzak. Haietariko batzuen izenak ere nabarmendu ditu, gainera. Luis Robledo Varon Dandy-rekin batera sortu du Menos que ayer abestia, adibidez. Fangoria taldearekin aritzen den Mauro Canut konpositorearekin ere lan egitekoa zen, hasiera batean. Lanak gaina hartuta zebilela, ordea, eta, azkenean, ezinezko izan zitzaien. «Diskoa entzun zuenean, halere, gustatu, eta hark bidalitako kanta batekin nabil orain lanean. Hurrengo diskoan sartuko da».

Euskara gehiago

Parodiak badu pisua orain ere. «Hitzak egitea nahiko zaila izaten da. Musika ona izatea ez da nahikoa. Oso erraza da petardada bat egitea, baina, nire ustez, hobea da horrez gainera, zerbait kontatzea lortzen baduzu». Borovak berak idatzi ditu kanta batzuen hitzak, baina izan ditu kolaboratzaileak ere. Oier Aldekoa, Iker Sadaba, Victor LeFreak, Xavier Villena, Victor Algora eta Anas Isabel Perez, besteak beste.

Bestalde, euskarak pisua irabazi du. Hiru abesti kantatzen ditu Borovak hizkuntza horretan. Ez da erraza izan, halere. «Aurreko diskoan sorpresa handia jaso nuen Esnekiak gogoko ditut abestiak izandako erantzun onarekin, eta argi ikusi nuen bide horretan jarraitu behar nuela. Trabestia naizenez, euskal munduko norbaiti euskarazko kanta bat egin nahi duzula esan, eta hasiera batean nahiko zaila egin zitzaidan laguntza lortzea. Bi edo hiru urte eman nituen euskaraz zerbait egin nahian. Azkenean, abesti bat euskaratzea erabaki, eta hala sortu zen Esnekiak gogoko ditut».

Zumarraga-Urretxuko gaztetxeko kontzertua gogoratu du Borovak (Gipuzkoa). Halakoek animatu dutela euskara gehiago sartzera. «Harrituta gelditu nintzen deitu nindutenean. Esan zidaten bertako irratian aritzen zen mutil batek jartzen zituela noiz behinka nire abestiak. Homosexuala zen. Eta han joan ginen Oscar Delgado [Nagore Gore] eta biok, eta harrituta gelditu ginen. Sekulako harrera egin ziguten. Jendeak bazekien abestia! Izugarria izan zen: trabesti bat gaztetxean eta jendea Esnekiak gogoko ditut abesten!». Hala gertatzen da zabalpena, dioenez. Berari behintzat hala gertatzen zaiola. Eta pozik. «Normalean, maritxu batek hartzen du nire diskoa, eta badoa hedatuz. Musika berez zabaltzen da, eta ez dakizu nora. Oso polita da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.