Ohiko tenpotik aterata

Hasier Oleagak eta Juantxo Zeberiok, sustraietatik aldendu, eta Tenpora musika taldea sortu dute

Beren betiko estilotik urrundu nahi zuten musikariek sortu dute Tenpora taldea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ohiko bidetik atera, eta gehiegi ezagutzen ez zuten bideari heldu zioten iaz Hasier Oleaga bateria jotzaileak eta Juantxo Zeberio piano jotzaileak.Biek ibilbide oparoa egin dute. Oleagak euskal musikari esanguratsuenekin parte hartu du, hala nola Ruper Ordorikarekin, Mikel Laboarekin, Garirekin, eta Nevermind trio taldean ere jotzen du. Zeberio, berriz, Maddi Oienart, Imanol eta Benito Lertxundi abeslariekin ibili da. «Lokaleko lana egiteko gogoa genuen, oso gutxitan egin izan baitugu lan horrela». Horrela hasi ziren biltzen iaz astero-astero Beñat Barandiaran, Itsaso Etxebeste eta Elene Arandiarekin batera, eta sortu dute Tenpora, denbora hitzaren adiera arkaikoa daraman taldea. Beren sustraietatik ahalik eta urrunena dagoen musika egin dute.

Lokaleko lana ez da, ordea, taldeko musikarien ohituretatik urruntzen den ezaugarri bakarra. Abesti guztiei ahotsa jarri die. «Mundu instrumentaletik gatoz gu, hitzak erdigunean dituen lan bat gutxitan egin dugu». Kantuetako hitzak Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canok idazleek egin dizkiete.

Hitzei kolorea nola eman izan da taldearen lanik handienetako bat, Barandiaran taldeko gitarristaren ustez. Lortu duten soinua nortasun handikoa eta berezia dela zehaztu du: «Soinu propio bat sortu dugu, taldearen DNAri oso lotua dagoena, eta hori ez da erraza gaur egun». Maketaren aurkezpenean abestiak formatu akustikoan jo zituzten, baina zuzenekoak elektrikoagoak izango direla aurreratu zuten. Hala, instrumentuak indar handiagoz entzungo dira. Nolako soinua zuten zehatz-mehatz jakiteko zuzenean grabatu zuten maketa. Eurentzat baino ez baitzen izango hasieran. Egun bakarrean, iazko abuztuaren 1ean, grabatu eta nahastu zituzten abestiak, Beasaingo Pottoko estudioan (Gipuzkoa), Fredi Pelaez teknikariarekin. Emaitza entzundakoan sorpresa handia hartu zutela aitortu du Barandiaranek, eta horregatik erabaki zuten kaleratzea.

Maketa sei abestiz osatua dago; grabaketetatik hona, dena den, errepertorioa osatzen joan dira, eta dagoeneko hamabi bat abesti badituztela adierazi dute. Maketa argitaratu aurretik emananaldi bat egin zuten. Iazko irailan Donostian egin zituzten, Donostiako Poesia Orduetan. Hurrengo kontzertua maiatzaren 16an emango dute, Tolosan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.