Albistea entzun

Jolasean, marraren bi aldeetan

Dantza, antzerkia eta zirkua nahastu ditu Hika Teatroak 'Ilargiaren bi aldeak' lanean, jolasaz eta irudimenaz gogoeta egiteko

Familia osoarentzako ikuskizuna da; bihar estreinatuko dute, Durangon
Yabar, oihaletik zintzilik, eta Gaztañaga, behean.
Yabar, oihaletik zintzilik, eta Gaztañaga, behean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2011ko apirilak 16 - Urnieta

Gerra egitera jolastu, edo gerra ahazteko jolastu. Bideo joko bat esku artean denbora pasan aritu, edo irudimenak ilargiraino eraman zaitzala utzi. Bi aukera dira, bi bide, marra baten bi aldeak. Eta marraren bi aldeetan jolas daiteke, marra batzuek dena bitan banatzen baitute, baina bi puntu edo bi haur batzeko ere balio dezakete. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean, haurrek jolaserako dituzten bi modu aurkezten ditu Ilargiaren bi aldeak antzezlanak, lerroaren zein aldetan kokatu norberak erabaki dezan. Familia osoarentzako ikuskizuna da, eta bihar estreinatuko du Hika Teatroak, 18:00etan, Durangoko San Agustin kultur gunean.

Elkarrekin jolasean aritzeko zailtasunak dituzte antzezlaneko bi protagonistek, Miren Gaztañaga eta Amaia Pascual aktore-dantzariek irudikatzen dituzten bi haurrek. Jostailurik ez du haietako batek (Gaztañagak), ezta beharrik ere, irudimena soberan baitu. Gerra bizi izandakoa da, eta ez du gerretara jolastea maite. Lagunak nahi ditu inguruan, irudimenarekin sortzen dituen munduak partekatzeko. Aldiz, aldamenean duen gaztetxoak (Pascualek) ez du jolaserako lagunik behar, ez badira bere jolas makinako lagun birtualak. Gerra jokoak atsegin ditu, eta irudimenaren beharrik ez du beste ezer asmatzeko. Marra handi bat dute bien artean, eta banatuko edo lotuko ote dituen erabakiko dute elkarrekin. Izan ere, gomazko sokak dira marra horiek antzezlanean, eta jolasteko aukera ere ematen dute.

Dantzaren eta pantomimaren bidez irudikatuko dute bien arteko harremana. Uztai bat bolante bihurtzera jolastuko dira batean, baloi baten gainean eseri eta zaldian edo motorrean ibiltzera bestean, eta bi makilarekin tren bat irudikatzera hurrengoan. Gerra hotsetatik ihesi ibiliko dira tarteka, edo bideo jokoetako mozorroaren aurka borrokan. Inkomunikazioa nagusituko da hainbatetan, gomazko sokak korapilatuko balitzaizkie bezala. Eta guztia, ilargi handi baten begiradapean, hara eramango baititu irudimenak.

Beste pertsonaia batek ere parte hartuko du jolasetan, baina modu ezberdin batean. Bi haurrekin korrika edo saltoka ariko da zenbaitetan, baina airean, oihaletatik edo soketatik zintzilik akrobaziak egiten liluratuko ditu gehienetan. Maider Yabar aktore-akrobata ariko da rol horretan, antzezlanari beste magia eta fantasia puntu bat gehitzeko.

Sorkuntza prozesu «gogorra»

Iazko martxoan hasi zen antzezlanaren ideia lantzen Intxaurraga. Aitarekin bidaian (2009) lanaren ondotik, haurrentzako obra bat egiteko gogoa sortu zitzaion, eta Arantxa Iturberekin landu zituen oinarrizko testuak. Gerora geldirik izan zuen proiektua, Gorakada taldearekin Ogro txikia antzezlana zuzentzen aritu baitzen. Berriro heldu zionean, interpretazioan eta dantzan jarduteko Gaztañaga eta Pascual aukeratu zituen, eta Yabar ondoren, akrobazietarako. «Zirkua sartu nahi nuen, baina ez aktuazio huts bat, dramaturgiaren barruan baizik. Umorea, drama eta poetika, hiru elementu horiekin osatu dut obra, eta Yabarrek ematen dio poetikotasun hori istorioari».

Iturberekin sortutako testuen %70 dago obran, hor baitzegoen oinarrizko ideia. Baina hasieratik hona asko aldatu da lana, taularatzeko prozesua «tailer esperimental bat izan baita erabat», Intxaurragaren hitzetan. «Ederra izan da, baina aldi berean oso gogorra, halako prozesuak luzeagoak izaten baitira, eta nik ez neukan denbora hori; zama ikaragarria izan da denbora». Lan egiteko modu hori «erronka ikaragarri handia» izan da zuzendariarentzat. «Ez da izan testu itxi bat duzula eta nondik nora zoazen badakizula, beste batzuetan bezala; banekien zer kontatu nahi nuen, nondik hasi eta nora joan, eta banuen bide bat egina, baina bidea askotan aldatu dugu». Horregatik, estreinaldira arte ez dela erlaxatuko dio.

Gogorra ez, «ezberdina» iruditu zaio lan egiteko modu hori Yabarri. «Ez da gidoi bat egon mahai gainean, gu joan gara gidoia osatzen». Gaztañagarentzat ere «prozesu bizia» izan da: «Jakin-min hori duzu, ea nola bukatuko den, eta, horregatik, sortzen den horretan konfiantza izan behar duzu». Pascualek, berriz, alde ona topatu dio esperimentatzeko denbora gutxi izateari. «Batzuetan, ateratzen zaizun lehen gauza hori izaten da baliozkoa; gero buelta asko ematen dizkiozu, baina sarri, hasierara itzultzen zara berriz. Alde horretatik, oso intuitiboa izan da».

Estilo ezberdinetan aritzen direnez, aktoreek elkarri asko lagundu diotela uste dute hirurek. Myriam Perez Cazabonek landu ditu koreografiak, baina aktoreek zeresan handia izan dutela dio. «Kanpotik ikusi eta mugimenduak aurrera eramaten laguntzen aritu naiz, baina sorkuntza denon artean egin dugu. Beraiek atera dute materiala askotan, pertsonaiaren arabera».

Bere haurrei eskainitako lana

Bideo jokoen eta betiko jokoen inguruan «borroka handia» izan du Intxaurragak bere buruarekin eta seme-alabekin. «Gure etxean ez dago joko teknologikorik, eta, oraingoz, bataila hori irabazita daukat. Orain ulertu dute, baina zaila izan da, ez delako bakarrik nire umeen aurkakoa izan, gizarte oso baten aurkako bataila baizik». Horregatik, seme-alabei eskaini nahi izan die antzezlana, hitzekin eman izan dien azalpena beste modu batera emateko. Gerrara jolas egiten duten haurrak ez ezik, gerra sufritzen dutenak ere badirela gogorarazi nahi izan die haur zein helduei, bide batez.

Marraren zein aldetan kokatu bakoitzak erabaki behar duela dio zuzendariak. Baina antzerkia dagoeneko alde batean dagoela sinetsita dago. «Antzerkia bera irudimena da. Hori izan da nire jostailua istorio hau kontatzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Miren Billelabeitiaren aurkezpena, Elkar liburu dendan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gazteen inguruko aurreiritzien aurka

Olatz Silva Rodrigo

Miren Billelabeitiak 'Norberak maite duena' saiakera kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin. Urteetan gazte eta ikasleekin liburuen inguruan izandako solasaldietan oinarritu du liburua

Robert Treviñok zuzenduko du orkestra. ©JUAN HERRERO / EFE

EOk 'Lorratz' estreinatuko du, Elkanori buruzko proiektuko azken obra

Mikel Lizarralde

Zuriñe F. Gerenabarrenarena da lana, eta Euskadiko Orkestraren denboraldiko laugarren kontzertu programaren barruan joko dute

Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Ainhoa Sarasola

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...