Albistea entzun

Donostiako 60. Zinemaldia

Espero ez duzunean, bizitza

«Gelditasunaren» plazeraz, gaztaroaz eta zahartzaroaz, arteaz, edertasunaz mintzo da Fernando Trueba 'El artista y la modelo'-n

Zuri-beltzean eta frantsesez osatutako filma da, eta 1943an kokatu du, Frantzian
Chus Lampreave, Aida Folch, Fernando Trueba, Claudia Cardinale eta Jean Rochefort, atzo, Donostian.
Chus Lampreave, Aida Folch, Fernando Trueba, Claudia Cardinale eta Jean Rochefort, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Igor Susaeta -

2012ko irailak 25 - Donostia

Marc Cros (Jean Rochefort) zaharkituak ez dauka konfiantzarik gizakiarengan. Ospe handiko artista bat da, baina jada ez du eskulturarik egiten. Ez dauka gogorik. Atsekabetuta dago. 1943. urtea da, II. Mundu Gerra ez da amaitu oraindik, eta naziek okupatuta daukate Frantzia. Han bizi da, Pirinioen altzoko herri txiki batean, Lea emaztearekin (Claudia Cardinale). Baina egun batean, derrepentean, Kataluniatik alde egin behar izan duen Merce (Aida Folch) izeneko neska gazte bat agertuko da. Crosek eta emazteak ostatu emango diote, eta, bide batez, artistarentzat modelo lanak egiten hasiko da. Biak dira Fernando Truebak zuzendutako El artista y la modelo filmeko protagonistak. «Bizitza amaitzen ari zaiola uste duenean, espero ez duen betetasun une bat biziko du berriro artistak», azaldu zuen Truebak atzo prentsaurrekoan. Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da, eta «gelditasunaren» plazeraz, gaztaroaz eta zahartzaroaz, arteaz eta edertasunaz mintzo da. Zuri-beltzean eta frantsesez filmatu du.

Gogotik txalo egin zioten ikusleek pelikulari atzo Kursaalean. Prentsa aretoan ere harrera beroa egin zitzaien Truebari eta filmeko aktoreei. Artistaren bueltan hezurmamitzen da zuzendari espainiarraren azken lana, eta artisten eta artisauen arteko aldeaz galdetu zioten, hasteko. «Artista izateko, artisaua izan behar duzu. Artistarena beti izan da ofizio apala. Eskuak erabiltzen dira, begiradak...». Uste du gaur egungo arte eskoletako ikasleei «Marcel Duchamp» izaten irakasten zaiela, «baina ez margotzen». «Ez diete irakasten zikintzen». Cros, ordea, zikintzen diren horietakoa da.

Truebaren ustez, depresio handi batek jota zegoen Cros. «Ez dago heriotzatik urrun, baina Merceren agerpenak aldartea aldatuko dio. Une magiko hori kontatzen du pelikulak». Bere azalpenetan urrutirago joan zen Rochefort: «Artea behar bat da. Historiaurretik existitzen den zerbait da. Iruditzen zait film hau bizitzari egindako ereserki bat dela». Truebaren «gogoetetarako anaia» izan da aktore frantziarra.

Claudia Cardinalek jokatu du Crosen emaztearen rola. Berak erreparatuko dio Merceri, atari batean botata dagoenean. Aktore italiarrak gogoratu zuen Rochefortekin lan egindakoa zela, 1962an, Philippe de Brocaren Cartouche-n. Ez Cardinalek, ez Folchek ez zuten irribarrea galdu prentsaurreko osoan. Truebak, gainera, laudatu egin zuen italiarra: «Nire haurtzaroko eta nerabezaroko amodio platonikoa izan zen; bera zen esklusiboki». Folchek, berriz, zuzendaria goratu zuen. «Fernandok esaten du Billy Wilder Jainkoa dela berarentzat. Ba, niretzat, Fernando da Jainkoa». El embrujo de Shangai-n (2002) lan egin zuten aurrenekoz elkarrekin. Orduz geroztik zuzendariak «eboluzionatu» egin duela uste du Folchek. «Lehen, ume baten moduan tratatzen ninduen, eta orain, aktore bat bezala», bota zuen, txantxetan.

Chus Lampreavek ere deitu zuen prentsa aretoan bildutakoen arreta. Motel sartu zen, ibiltzeko zailtasun dezenterekin. Galdetu zioten ea zergatik hasten zen jendea barrez filmean agertzen zen bakoitzean. Zuzen eta azkar erantzun zuen: «Hori lortzen dut frantsesez gaizki hitz eginda». Learen neskamearena egin du.

Bost dira pertsonaiak, eta filmari patxada dario. Truebak azaldu zuen zergatik: «Gaur egun azkarregi goaz. Hamar segundo denbora gehiegi da. Hitz bat luzeeegia da. Hamar lerro baino gehiago irakurtzea balentria bat da. Nik erabaki dut azkartutako garai hauen arauak ez jarraitzea, eta inoiz gehiago ez irakurtzea gauza laburrik».

Orain dela hamasei urte hildako anaia eskultoreari eskaini dio filma. «Nik imitatu egiten nuen, miretsi, eta horregatik hasi nintzen filmak egiten. Gaur egun, berari esker naiz zinemagilea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Norbere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian

Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Erredakzioa

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.