Donostiako 60. Zinemaldia

Semea, etikaren gainetik

Istripu batean hildako haurraren absentziaz eta tradizioaren indarraz hitz egin du Emily Tangek 'All Apologies' filmeanTxinako landa eremu baten erretratu garaikide gordina egin du zuzendariak

Emily Tang zuzendaria eta Cheng Taishen filmeko aktore nagusia, atzo Donostian. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Emily Tang zuzendariak natural bota zuen prentsaren aurrean, atzo, Donostian: «Seme bat edukitzea oso gauza garrantzitsua da Txinan». Jakinarazi zuen gaiaren inguruko esaera zahar asko daudela bere herrialdean, eta horietako batek hau dioela: «Semerik ez badaukazu, zure erroak galduko dituzu». Eta, hain zuzen, istripu batean hildako haur baten, mutiko baten absentziaz, eta horrek bai umearen gurasoei eta bai bizilagunei ekarriko dizkien ondorio dramatikoez mintzo da All Apologies, Tangek Sail Ofizialean aurkeztutako filma. Egungo Txinako landa eremuetan tradizioak duen indarra erakutsi du, seme bat edukitzea, erroak ez galtzea, etika ororen gainetik dagoela demostratuz.

Izan ere, emaztea jada haurdun geratu ezin denez, istripua eragin duen gizonaren emazteari, bizilagunari, seme batekin konpentsatu dezala eskatuko dio Chengek. Ez du dirurik nahi, erroei eustea baizik. Berotan hartu eta hotzean mantendutako erabaki horrek gorpuztuko du filmaren trama. Gordina da kontakizuna, artifiziorik gabekoa, baina Tangi iruditzen zaio aurretik egin zituen bi filmak —Perfect Life (2008 eta Conjugation (2001)— «sentiberagoak» zirela. Pentsatzen du filmean erakusten diren egoerak gertatzea ez dela «hain arraroa» Txina barnealdean. «Landa eremuetako jendearen bizimodua nolakoa den erakutsi nahi nuen».

Filmak «sentimenduez, maitasunaz eta bizitzaz» hitz egiten du, hildako mutikoaren rola jokatzen duen aktorearen, Cheng Taisheren, ustez. «Erakusten du nola aldatzen den bi familien bizitza, baina abiapuntua bizitzarekiko maitasuna da». Erantzunarekin harrituta, zuzendariari galdetu zitzaion ea feminismoaren aldarrikapena egin nahi ote zuen. Esan zuen Txinako hirietan ez dela hainbesterainokoa gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldea, baina landa eremuetan, oraindik ere handia dela. Eta jarraian, prentsa agerraldia hartzen ari zen tonuarekin harrituta-edo, erantzuna osatu nahi izan zuen filmaren ekoizleetako batek: «Baina hori ez da soilik Txinan gertatzen den gauza bat».

Pelikula ezbehar batetik abiatzen da, eta zuzendariari esan zitzaion bukaera ere zorigaiztokoa duela. Ez zegoen ados: «Nire ustez, nahiko irekia da. Izan ere, bizitzan inoiz ez dakigu nola bukatuko dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.