Albistea entzun

Donostiako 59. Zinemaldia

«Pertsonak atsegin ditut, baina gorroto dut gizateria»

'Le Havre' filmarekin, kritikari nahiz ikusleen bihotzak ukitu ditu Aki Kaurismaki zinemagileak
Aki Kaurismaki, atzo, Maria Cristina hoteleko terrazan, Donostian.
Aki Kaurismaki, atzo, Maria Cristina hoteleko terrazan, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2011ko irailak 24 - Donostia

Nekatu zen bere jaioterriaz nonbait. Hotza dela dio, eta hobe dagoela han iparraldean, beregandik urrun. «Badakit non dagoen, hor iparraldean». Badakiela non dagoen Finlandia, alegia, eta hori jakitearekin nahikoa duela. Portugalgo iparraldean bizi da duela ia hogei urtetik. Giro epelagoa, jende «irekiagoa» eta ardo ona ditu han. Ez du gehiagorik behar. Edatea atsegin du, eta lotsarik gabe aitortzen du. «Finlandian triste daudenean edaten dute; hemen, aldiz, pozik zaudetenean», dio irribarre bihurriarekin. Ohikoa du irribarre bihurria. Umorea eta zinikotasuna ditu bizitzaren edo jendearen aurreko aterpe, baina ezin disimulatuzko onberatasuna nabari zaio. Beti ematen du lehen erantzun umorezko bat, eta ustez serioagoa den beste bat ondoren, baina biek osatzen dute Aki Kaurismaki zinemagilearen profila (Orimattila, 1957).

Ikusten dituzu La vie de bohème (1992) edo The Man without a Past (2002), edo Cannesko jaialdian estreinatu ondoren Donostiako Zabaltegi sailean aurkeztu duen Le Havre (2011), eta irudika dezakezu pertsonaia nagusiek bere ezaugarrietako asko izango dituztela. Pertsonaia bihurriak, umore zertzeladez zizelkatuak dira, baina, era berean, berezko ontasun moduko bat dutenak. Betaurrekoen eta masail puztu gorrituen atzean ezkutatzen den gizon handiak ere ezaugarri horiek behar ditu izan, inondik inora. Marques de Riscal ardo zuridun botila bat hartu du esku artean Maria Cristina hoteleko terrazako mahaian eseri aurretik. Ez dio zerbitzariari eskatu, bera joan da propio haren bila tabernara. Hitz egiten hasi aurretik edan du lehen basokada.

Umorea darabil gizartearekiko erdeinua adierazteko, edo gizartetik babesteko. «Pertsonak atsegin ditut, baina gorroto dut gizateria», dio Camel zigarretetan aurrenari zupada eman ostean. Hala ere, azken urteetan bere filmetan agerikoa zen ezkortasun eta atmosfera hitsa, lausotu ez ezik, argitu egin da film berrian. «Beti izan naiz baikorra, baina ezkutaturik izan dut sentipen hori azkenaldian. The Man Without a Past ere baikor samarra zen. Segidan beste film baikor bat eginez gero, akabatuko ninduzuen! Baina, orain ez daukat batere gogorik film tristeak egiteko, mundua bada nahikoa tristea».

Le Havre-ko pertsonaia nagusiak Marcel Marx dauka izena. La vie de bohéme filmeko protagonistetako batek ere Marcel zuen izena. Bere arrazoia badu horrek. «Gustuko nuen pertsonaia hura. Oso jende gutxik ikusi zuen filma; beraz, beste behin erabil nezakeen izena, eta istorioari nolabaiteko jarraipena eman». Marcel Marx idazle eta bohemio ezaguna Le Havre hirira joango da, bere burua erbesteratuta. Zapata garbitzaile gisa lanean hasi, eta jendearengandik gero eta gertuago dagoela sentituko du. Ahazturik du egile sonatu izateko kontu hura, eta zoriontsu da bere triangeluan: taberna gogokoena, lana eta Arletty emaztea. Baina patuak Afrikatik iritsitako etorkin adingabe bat ipiniko dio parean. Marcelek baikortasuna eta auzoko bizilagunen elkartasuna izango ditu arma bakar.

Botila erdia azkar samarrean hustu du. Protagonistaren abizenak Groucho Marxi edo Karl Marxi egiten dion keinua iradoki dio norbaitek, eta norberaren aukeran dagoela hautatzea adierazi dio. «Baina bete-betean eman duzu. Azkarra zara gero!», ironiaz errematatu du.

Etorkinen arazoak aspalditik arduratzen zuen Kaurismaki, eta nola edo hala, heldu behar ziola deliberatu zuen. «Europa osoko arazoa da, eta koka nezakeen Europako edozein lekutan. Tira, Finlandian ez, hura hotzegia da etorkinentzat ere». Leku bat baino gehiago izan zuen buruan, baina azkenean Le Havre hautatu zuen. «Cadiz izan zen nire lehenengo aukera, baina hiri txikiegia zen filmaketa egiteko. Ondoren Marseilla izan nuen buruan, baina han Afrikako kultura asko dago, eta nik ez dudanez nahiko ezagutzen kultura hori, turista moduko bat izango nintzatekeen. Beraz, aukera hori baztertu eta Frantzia iparraldera jo genuen. Baina Europako edozein portu izan zitekeen».

Ez da berritasuna Kaurismakiren lanetan, baina bigarren mailako pertsonaia gehienek xarma berezia dute, samurtasun moduko bat, eta ikuslea bereganatzea lortzen dute, bai Marcelen emazte Arlettyk, bai emakume tabernariak, ogi saltzaileak, dendariak, tabernako arrantzale edanzaleek, zapata garbitzaile txinatarrak, eta are polizia gizon bihotz onekoak ere bai. Pertsonaia horiek eraikitzeko eta aktoreak aukeratzeko ezer berezirik ez duela egiten dio Kaurismakik, Buñuelek zioen modura, «goikoaren mende dagoen artista» dela. «Zorte ona izaten dut beti. Eguraldi ona behar dudanean filmaketarako beti egiten du eguraldi ona, aktoreak behar ditudanean beti egiten dut topo beraiekin. Eta, mirariak behar ditudanean, gertatu egiten dira. Le Havre-n ere bi mirari gertatzen dira, bakarrarekin nahikoa ez eta happy end-a ziurtatzeko bigarren bat jarri nuen».

Bere filmetako beste ezaugarri ohiko bat musikaren aukeraketa egokia da. Baina horretan ere patuak omen du zerikusi handiagoa bere eskuak baino gehiago. «Etxean ditudan zenbait disko sartzen ditut filmaketaren garaian saski batean, eta gero zoriaren esku uzten dugu horietako zein atera».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Begirada guztiak finalera begira

Olatz Enzunza Mallona

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.