'Lobos de Arga' filma saritu dute Beldurrezko Zinemaren Asteko ikusleek

'The Centrifuge Brain Project' eta 'Paths of Hate' film laburrak nabarmendu dituzte epaimahaiko kideek

Juan Martinez Morenoren Lobos de Arga. Z / BERRIA.
Inigo Astiz
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Sitgesen egiten den zinema jaialdian eman zuen abisua aurrez, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean jaso du orain saria. Juan Martinez zinema zuzendariaren Lobos de Arga lana izan da Donostiako jaialdiko film luzerik onena, jendearen ustez. Bat etorri dira publikoa eta epaimahaia film laburrik onenaren saria aukeratzerakoan, Till Nowakek zuzenduriko The Centrifuge Brain Project lana hautatu baitute biek. Aho batez. Paths of Hatefilmak (Gorrotoaren bideak) jaso du, bestalde, epaimahaiaren Zilarrezko Melies Europako film laburrik onenaren saria.

Gorka Otxoa aktore donostiarra da Lobos de Arga filmeko protagonistetariko bat. Bere haurtzaroko herrira itzultzen den Tomas izeneko arrakastarik gabeko idazlearen papera jokatzen du. Galiziako Arga izeneko herrixkan gertatzen da istorioa, ilargi beteko gau batez, eta gizotsoz beteriko abenturazko, beldurrezko eta umorezko film bat da funtsean bere lana, zuzendariaren hitzetan. «Lan komertziala, zentzurik onenean».

Jolas parke batean kokatzen du Till Nowak zuzendariak, aldiz, TheCentrifuge Brain Project filmaren kontakizuna. Jolas parkeek haurren ikasteko gaitasunean duten eragina ikertzen duen filmaren izen bereko proiektu zientifikoaren istorioa kontatzen du sei minutuko lanak. Azterketen arabera, atrakzioek haurren ikasteko gaitasunean eragin positiboa dute, eta helduengan zer ondorio izan dezaketen ikertzen ari da Lalowicz doktorea. Ikerketa horien nondik norakoak kontatzen du Nowaken lanak.

Pau Teixidor zinema zuzendariaren Leyenda film laburra ere saritu du publikoak, eta aipamen berezia egin dio epaimahai gazteak Martin Wallner eta Stefan Leuchtenberg zuzendarien A Lost and Found Box of Human Sensation filmari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.