Sortuk eskualdeak indartu nahi ditu bere antolaketan

Amaitu du antolaketa ereduari buruzko eztabaida, eta otsailaren 23an egingo du lehen batzarra

Sorturen eratze prozesuaz ostiralean egindako agerraldia. JON URBE / ARP.
Maite Alustiza.
Donostia
2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Beste pauso bat eman du Sortuk bere eratze prozesuan. Azaroaren erdialdetik oinarri ideologikoak eta ildo politikoa finkatzeko hainbat batzar egin ondoren, alderdiaren antolaketa ereduaz eztabaidatu zuten atzo, hirugarren eta azken saioan. Hego Euskal Herriko hamarnaka hiri eta herritan izan ziren batzarrak, 240tan, hain justu. Egitura zabaltzea, eskualdeei lehentasuna ematea eta Batzar Nazionala indartzea dira alderdiak dituen apustuetako batzuk.

Egitura zabaltzearekin, parte hartzaileagoa den eredu bat garatu nahi du alderdiak. Horretarako, «jende gehiago eta inplikatutako militante gehiago» batzea beharrezkotzat jo du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak: «Egunero borroka politiko eta sozialetan parte hartzen duten lagun guztiek Sortun ordezkaritza eta ardura izan dezaten nahi dugu». Santurtziko batzarrean izan zen Ugarteburu, eta «erronka» gisa aipatu zuen funtzionamendua berritzea, helburu batekin: nazio eraikuntzan eta gizarte eraldaketan aurrera egin ahal izatea.

Erakundeetan egin beharreko jardueratik haratago, «kaleko lana» indartzea izango du xede Sortuk. Hori posible izan dadin, antolaketa funtsezkoa dela uste du. Baina, zer-nolako antolaketa? Eskualdeak izango dira indarguneetako batzuk. Lehentasuna eman nahi diete, «gure bizitza gero eta gehiago eskualde mailan egituratzen baita». Horien funtzionamendua bermatu ahal izateko, Hegoaldeko eskualde guztien eta Kontseilu Nazionalaren arteko lotura oinarrizkoa izango dela iritzi diote.

Eskualdeei lehentasuna ematearekin batera, Batzar Nazionala sendotzea da Sorturen beste nahietako bat. Horretan, herri eta auzo guztiak egongo dira ordezkatuta, eta «erabakitzeko gune» bihurtuko da. Horregatik, maizago bilduko dira.

Batzarra, otsailaren 23an

Otsailaren 23a da Sortuk egutegian gorriz markatuta duen hurrengo eguna: bere lehen kongresua egingo du, kongresu eratzailea, Iruñean. Aurretik, hilaren 16an, Sortun ardurak izango dituzten kideak hautatuko dituzte, barne hauteskundeen bitartez. Iruñeko batzarrean, berriz, oinarri ideologikoen txostenaren eta hari egindako ekarpen eta zuzenketen bozketa egingo dute, besteak beste. Txosten horrek 400 zuzenketa inguru jaso ditu, alderdiak abenduan jakinarazi zuenez. Eratze prozesuaren bigarren fasean, ildo politikoari dagokionez, 900 zuzenketa baino gehiago bildu zituzten. Jasotako zuzenketa kopuruak eztabaida «mamitsuak» erakusten dituela uste dute, eta orain arte prozesuak izandako harrera ontzat jo dute: 6.000 parte hartzaile, eta horien artean erdiak baino gehiago, 35 urtetik beherakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.