2014ko Iparraldeko herri bozak. Kanpaina

AHTaren aldekoei bozik ez emateko eskatu dute

CADEren galdetegiari erantzun dioten 65 hautagaien artean 57k gaitzetsi dute AHT bide berriak egitea

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Martxoaren 23an eginen den herri bozen lehen itzulian AHTaren sostengatzaileei bozik ez ematera deitu du CADEk. Lapurdi kostaldeko eta Landetako hegoaldeko hautagai igorri die galdetegia. 65 hautagaik erantzun dute, eta 57 agertu dira argiki AHT bide berriak egitearen aurka eta oraingo trenbidea hobetzearen alde. Lapurdin zerrenda bakarrak egin du AHTaren alde, Henri Etxeto Baionako PSko zerrendaburuak. Lau zerrendaburuk ez diote argiki erantzun galdetegiari; horien artean, Jean Rene Etxegarai Baionako hautagai zentristak. Azken horrek argi adierazi du gaurko trenbidea berritzearen alde dagoela, baina erantzun gabe AHT bide berriei buruzko galderei. Bi hautagai sozialista, Guy Poulou Ziburun eta Kotte Ezenarro, Hendaian, Hendaia eta Baiona artean AHT bide berriak egitearen aurka dira, baina alde eremu hori gainditurik.

Azken hauteskundeetan baino erantzun gehiago jaso dituztela azpimarratu du Victor Pachon CADEko presidenteak. AHTaren aurkako mugimenduak gero eta eragin handiagoa duela erran du, bereziki Lapurdi kostaldeko hautetsi eta hautagaien artean. «Alain Rousset Akitaniako presidentea da AHT bide berrien sustatzaile nagusia hemen, eta hura sostengatzen duten hautetsi anitzek ez dute bat egin haien adierazpenetan», erran du Hendaia, Ziburu eta Donibane Lohizuneko zerrendaburu sozialisten jarrerei erreferentzia eginez.

Honako zerrenda hauek ez diote erantzun galdetegiari: Michel Veunac zentristarena Miarritzen, Max Brisson UMPkoa, Jean Benoit St Cricq eskuindarrarena, Jean Espilondo PS eta Claude Olive UMP Angelun, Sylvie Durruty Baionan, Daniel Poulou UMPkoa Urruñan eta Peyuco Duhart UMPkoa Donibane Lohizunen. Ipar Euskal Herriko 43 elkartek osatzen dute CADE. Herritarren bozak herritarrenak direla nabarmendu du Pachonek.

Instituzioa eta euskara

Batera plataformak ere jaso du hautagaien erantzuna, plazaratutako bi galderei erantzunez. Honako hauek ziren galderak: «Eskumen Berezidun Lurralde Elkargoa osatzearen aldekoa zara? Herri mailan euskararen aldeko hizkuntza politika plantan ezartzeko ados zara, bizi publikoan aitortza egiteko eta haren erabilpena sustatzeko?».

Orotara 112 zerrendek erantzun diote Batera-ren eskaerari, 79 herritan. Zenbait kasutan, Baiona, Hendaia, Kanbo, Hazparne, Milafranga, Itsasu edo Zuraiden, herriko zerrenda guztiek erantzun diote galdetegiari. Batera-ren iritziz, bildutako erantzun kopuruak argi erakusten du bi eskariak biziki sustraituta daudela Ipar Euskal Herriko gizartean. Batera plataformak gogoratu du ez duela inongo alderdiren aldeko bozik eskatuko, sentsibilitate politiko guztietako pertsonek osatzen dutelako mugimendua.

Galdetegia dela medio, Batera-k aitorpen instituzionalari buruzko eztabaida piztu nahi du, eta martxoaren 30etik aitzina boterean egonen diren hautetsiengan eragin. Ororen gainetik hautagai ororen jarrera argitu nahi dutela nabarmendu du. «Gure plataformak segitzen du ekartzen dituen aldarrikapenen aldeko mobilizazioa. Hurbiletik segitzen ditugu lurralde kontratu berriaren inguruan hasi diren gogoetak. Bestalde, adi egoten gara hauteskundeen ondotik gobernamendutik etorri behar diren proposamenei buruz». Erantzun guztiak webgunean ezarri ditu: www.batera.info.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.