Sorturen kongresu bezperan nazioarteko konferentzia bat egingo dute gatazkei buruz

Iruñean izango da konferentzia, hilaren 22an, eta alderdiaren aurkezpen soziala ere bai, hurrengo egunean

Hasier Arraitz eta Joseba Alvarez, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Sortu alderdia eratzeko prozesua aurrera doa pausoz pauso eta herriz herri. Lanaren azaleratzea hilaren 22an eta 23an egingo dute. Iruñea izango da ezker abertzalearen erdigunea bi egun horietan, alderdia eratzeko kongresua ez ezik nazioarteko konferentzia bat ere egingo baitute, gatazken konponbideei buruz.

Ostiralean, 22an izango da konferentzia, «oraindik konpondu ez diren gatazkak eta toki horietako esperientziak ezagutzea» helburu dutela. Baluarten egingo dute, eta Kolonbia, Kurdistan, Palestina eta Saharako ordezkariak izango dira, besteak beste.

Nolanahi ere, larunbatera begira egongo dira foku gehienak, orduan jakingo baita nork osatzen duten alderdiko zuzendaritza, Kontseilu Nazionala izena jarri diotena. Goizean egingo dute kongresua, eta arratsaldean aurkeztuko dituzte aukeratutako taldea eta alderdia, Anaitasunan egingo duten ekitaldi publikoan.

«Izen dantza handia da, baina egun horretara arte ez da jakingo nortzuek osatzen duten. Herrietan bozkatu behar dira plantilak, eta boto guztiak zenbatu behar dira», esan zuen atzo Joseba Alvarezek. «Parte hartu dutenenganako errespetuagatik, haiek izango dira plantilak ezagutzen aurrenak», gaineratu zuen Hasier Arraizek. Kazetarien galderei erantzunez, argitu zuten presoak ez direla egongo ardura postuetan, «kartzelan daudenez ezin dituztelako zereginak bete».

Arraizen beraren izena prentsan agertu da, eta zuzendaritzako kide izango dela esaten zen. Arraizek eta Alvarezek atzo argitu zuten bozketarik egin ez denez ez dagoela hori baieztatzerik, baina esan zuten aukeratuko balituzte lanerako prest daudela, bai berak eta bai beste hainbat. «Ezker abertzalean konpromiso militantea beti egon da; orain ere badago, eta gero ere egongo da, bide honi ilusioz egiteko», esan zuen Arraizek.

Kongresuan behin betiko ponentziari oniritzia ematea ere espero da. Nazioarteko zein bertako beste alderdi batzuetako gonbidatuez gain, alderdiko 450 ordezkarik hartuko dute parte Kongresuan. Herri eta auzo batzarretan aukeratuko dituzte 450 lagun horiek, eta «horiek bakarrik» izango dute botoa emateko eskubidea».

Ordezkariak aukeratzeaz gain —hilaren 16an izango dituzte horretarako barne hauteskundeak—, lan gehiago ere badituzte egiteko herrietan. Ildo politikoaren txostenaren zuzenketei buruz erabaki behar dute.

Alvarezek azaldu zuenez, 520 zuzenketa jaso dituzte, batik bat sei gaitan. Militantzia ereduak sortu du eztabaida; batetik, «militantzia ulertzeko modu berri bat» proposatu dute; demokrazia parte hartzailearen filosofia alderdi barrura nola eraman ere kezka iturri izan da; barne korronterik ezean, ideologia gune ezberdinak antolatzeko moduak zuzenketa andana ekarri du; borroka moldeen erabilera —masa borroka, instituzionala eta ideologikoa— eta bateragarritasunak ere iritzi asko sortu dute; alderdi feminista izateko jarri beharreko instrumentuak ere hizketagai izan dira; eta azkena,eskualdeen antolaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.