Herri galdeketako galdera erabakita Etxarri Aranatzen

'Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?' galdetuko diete herritarrei, apirilean

Herri batzordea egin zuten atzo Etxarri Aranatzen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Apirilaren 13an dute hitza Etxarri Aranazko (Nafarroa) herritarrek. Galdera zehatz hau egingo diete: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?» Herri batzordea egin zuten atzo, eta han aukeratu zuten galdera proposatutako beste aukeren artean. Sei proposamen zeuden, eta gehiengoz onartu zuten aipatutako galdera. Udalaren babesa du galdeketak.

«Herri ekimen bat da. Herriari galdera bat egin nahi zaio, eta ideia eta erantzun guztiek lekua izatea nahi dugu», azaldu du Manu Gomezek, A13 herri plataformako ordezkariak. Ez zaio iruditzen galdeketa aurrera eramateak arazorik izan beharko lukeenik: «Nik uste dut galdetu nahi izateak ez lukeela arazorik ekarri behar, ez Etxarri Aranatzen ez inon. Eta jendeak erantzun nahi izateak ezta ere».

Iazko apirilean ekin zion herritar talde batek independentziaz herri galdeketa antolatzeko bideari. Sinadura bilketa bat egin ostean, irailean Etxarri Aranazko Udalak independentziari buruzko galdeketa egitea erabaki zuen gehiengo zabalez; Bilduk zazpi zinegotzi ditu, Nafarroa Baik hiru, eta PPk bat. Herriak 2.500 biztanle ditu.

Nafarroako Gobernuak, baina, auzitara jo zuen udazkenean, eta Iruñeko Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin zuen. Hala ere, herri plataformak galdeketaren ekinbidearekin aurrera jarraitzea erabaki du.

Duela hilabete batzuk, Adur Goikoetxea Etxarri 2012 herri ekinbideko kideak azaldu zuen erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko egin dutela deialdia: «Herri galdeketarekin, benetako demokrazia batek bere egiten dituen balioetan sakondu nahi dugu, hala nola herritarren elkarbizitza, parte hartzea eta herritarren iritzia aintzat hartzea». Goikoetxeak nabarmendu zuenez, eskubide demokratikoak bermatzea eta parte hartzea bultzatzea du helburu Etxarri 2012 herri ekinbideak. Etorkizuna «aburu guztien errespetuan» oinarritu nahi dute.

Katalunian, Arenys de Munt

Euskal Herrian Nafarroako Etxarri Aranatz herriak hartu duen bidea Kataluniako hainbat eta hainbat herrik jorratu dute azkeneko urteetan. Herrialde Katalanetan, Arenys de Munt herria (Bartzelonako probintzia) izan zen independentziari buruz galdeketa egin zuen aurrenekoa. 2009ko irailaren 13an egin zuten bozketan parte hartzea %41 izan zen, eta botoa eman zutenen artean %96,2k egin zuten independentziaren alde. Formulak indarra hartu zuen, eta dozenaka herritara zabaldu zen. Are gehiago, 2011ko apirilaren 10ean Bartzelona hirian ere egin zuten galdeketa. 257.645 herritarrek eman zuten botoa; horietatik, %89,7k independentziaren alde bozkatu zuten, eta, %8,8k, kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.