Azkenean prefetak arrazoia eman diola esan du Seaskak

Murgiltze ereduarekin adostu gabe indarrean ezarriko den zirkularrak ez ditu Seaskaren beharrak betetzen

Seaskarentzat lege babesa eskatzeko manifestazio bat. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Lur publikoa Seaskaren esku uztea legezkoa dela ebatzi ondoren, Pirinio Atlantikoetako prefetak arrazoia eman diola uste du Seaskak. Legeriaren eta jurisprudentziaren arabera, ikastolek domeinu publikoa erabili ahalko dute, nahiz eta luzaroan prefetak berak aurkakoa erran duen. Aldiz, prefetak eta Frantziako Barne Ministerioko arduradunek Seaskarekin adostasunik landu gabe plazaratu dute zirkularra, eta, ikastolen arabera, ez ditu asetzen murgiltze ereduaren beharrak.

Prefetaren zirkularrak argiki zehazten ditu Seaskak baliatu ahal dituen eraikuntzak, alegia, herriek dituzten egoitza zaharrak, edo, lur soilen kasuan, prefabrikatuak. Gainera, zirkularrak ez ditu zehazten ordaindu beharreko alokairuak, nahiz eta, Seaskaren arabera, ikastolek ezin dituzten ordaindu.

«Zirkular honek ez du ikastolen eraikinen arazoen %80 konpontzen, prefetak dioen bezala; alderantziz, arazoa bilakatzen da ditugun ikastolen %80rentzat, epe ertainean. Zirkular hau indarrean izan balitz azken 45 urteetan, hamar ikastolatik zortzi ez lirateke sekula eginen», adierazi dute Paxkal Indo Seaskako lehendakariak eta Hur Gorostiaga zuzendariak.

Seaska sortu zen urtean bezala, duela 45 urte, herriko etxeen diru sostengua funtsezkoa da Seaskarentzat, bai eraikinak plantan ezartzeko, bai murgiltze eredua zabaldu ahal izateko. Datuen argira azaldu du Seaskak eraikuntzen beharra: azken bederatzi urteetan, %56 emendatu da Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdin murgiltze ereduan izena eman duten haurren kopurua. Hazkuntza horri traba administratiboak ezartzea euskararen berpizte itxaropena amaitzea dela dio Seaskak.

Lege baten beharra

Murgiltze eredua legez arautzeari ezin zaio erantzun administratiboa eman, Seaskaren arabera. Frantziako Gobernuak egiazko borondate politikoa balu murgiltze ereduko ordezkariak gogoetan parte hartu beharko luketela dio Seaskak. Murgiltze ereduak ez du koadro juridiko sendorik, eta, horren ezean, arauen irakurketaren arabera arriskuan ezartzen da ikastolen iraupena.

«Dei irmo bat egiten diogu gobernuari, Frantziako Hezkuntza ministroari, Kultura ministroari, Barne ministroari eta gobernuburuari, elkarrizketari bidea ireki diezaioten, elkarren artean koadro juridiko bat lantzeko ikastola, Calandreta, Bressola, Skol Diwan eta ABCM eskolentzat». Bertze dei bat egin diete euskaltzale eta euskal herritar orori, heldu den iganderako Seaskak Senpereko aintziraren inguruan antolatu duen 31. Herri Urrats jaian parte har dezaten. «Euskarari, lurralde hizkuntzei, aniztasun kulturalari eta ikastolei atxikimendua erakusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.