Institutu mediko judiziala dauka Baionako erietxeak

Baionako erietxeak, prokuradorearen zerbitzuak eta lege medikuek bultzatu dute, elkarlanean

Institutu mediko judizialaren aurkezpena, atzo, Baionan. SYLVAIN SENCRISTO.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak eta Edouard Gault Baionako erietxeko sendagileak institutu mediko judiziala aurkeztu zuten atzo, Baionako erietxean. Izan ere, 2010eko erreformak lege medikuntza osasun publikoan txertatzea hobesten zuen. Paueko zerbitzua urruti dagoela ondorioztatuz, Baionan hurbileko zerbitzua sortzea deliberatu dute eragileek, zerbitzu publikotik kanpo lan egiten duten sendagileak eta sendagileen elkarteak gehituz proiektura.

«Institutu mediko judiziala izena eman diogu, eragileen helburua baita dokumentazio iturri sendoa osatze, lege medikuntzan diharduten sendagileen esku egon dadin», erran du Edouard Gault sendagileak. Bizidunen kasuan, hastapen batean legezko larrialdi medikoak bermatuko dituzte, epailearen agindupean. Aurki bertze eremu batzuetara zabalduko dute lana, hala nola azterketa psikiatrikoetara. Gorputegi zerbitzuari dagokionez, gorpuak jaso ahal izateko, epaitegiaren agindua beharrezkoa izanen da, orain artean bezala, eta sendagile pribatuek parte hartu ahalko dute horretan. Aldiz, gorpuen azterketa eta hil ondorengo eskanerrak sortu berri den institutuko sendagileek eginen dituzte. Gorpuen garraioa Roc Eclerc enpresak eginen du, Akitania osoan izenpetutako kontratu publikoaren arabera.

Biktimengandik hurbil

Lege medikuek bermatu behar dituzten larrialdiek 24 oreneko epea daukatela nabarmendu zuen Baionako prokuradoreak. Talde horretan kokatzen dira bortxaketen biktimak. Jakinarazi dutenez, ginekologia zerbitzuak, larrialdietako zerbitzuak eta pediatria zerbitzuak polizia judizialaren solaskideak izanen dira, bere kabuz osasun zerbitzuetara joanen diren biktimak bezala. «Biktimei lehen artak eman ondoren, azterketa mediko-judiziala eginen zaie biktimei, eta lege medikuak txostena osatuko du». Biktimei laguntza emateaz arduratzen den ACJPB elkarteak ereerietxean bertan ukanen du egoitza.

Institutu mediko judizialeko sendagileek, kasuak horrela eskatzen badu, hil ondoren gorpuen eskanerra egiteko eskumena ukanen dute. Autopsia birtuala egin ahalko dute bertan. Hiru dimentsiotan eginen dute autopsia birtuala, puntako erradiologia teknikak baliatuz. Ameriketako Estatu Batuetako eta Suitzako osasun zerbitzuek garatu zuten teknika hori 2000. urtean. Auzitegiak ontzat eman ditu lan horiek.Urtean mota horretako hogei kasu inguru izaten dituzte Baionako erietxean, eta Gault sendagileak ukanen du autopsia birtualen ardura. Tiroz eragindako heriotza kasuan, autopsia mota horrek tiro baten ibilbidea finka dezake, edo heriotzaren arrazoiei buruzko hipotesiak osatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.