Yinan Diaoren filmak jaso du Urrezko Hartza Berlinen

Wes Andersonen 'The Grand Budapest Hotel' eta Richard Linklaterren 'Boyhood' ere saritu dituzte

Agentziak
Berlin
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Asiako zinemagintzaren laudorio bihurtu zen atzo arratsean Berlingo zinema jaialdiaren aurtengo ekitaldiko sari banaketa, eta sari nagusia, film onenaren Urrezko Hartza, Yinan Diao zuzendari txinatarrak jaso zuen Bai Ri Yan Huo / Black Coal, Thin Ice filmarengatik. Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza Haru Kuroki aktore japoniarrak irabazi du, Yoji Yamadaren Chiisai Ouchi / The Little House filmean egindako lanarengatik; gizonezko aktore onenarena, berriz, Liao Fan aktoreak, Urrezko Hartza irabazi duen filmean egindako lanarengatik. Horrez gain, ekarpen onenaren Zilarrezko Hartza beste film txinatar bati eman diote: Ye Lou zuzendariaren Tui Na / Blind Massage-ri.

Yinan Diaoren Bai Ri Yan Huo / Black Coal, Thin Ice filmean, behiala polizia izandako detektibe baten rola jokatzen du Liao Fan aktoreak. Eskualde industrial batean gertatu diren hilketa batzuen inguruko ikerketan saiatzen ari da. «Lanak ematen dizkit amets hau egia bihurtu dela sinesteak», adierazi zuen atzo Diao Yinan zuzendariak, Urrezko Hartza eskuetan hartzean. «Aspaldidanik dudan amets bat da hau. Liluragarria benetan».

Epaimahaiaren sari bereziari dagokion Zilarrezko Hartza eskuratu duen filma, Wes Andersonen The Grand Budapest Hotel, Bigarren Mundu Gerraren aurrean dago girotua, Europako bainuetxe batean. Ralph Fiennes, Bill Murray eta Edward Norton ditu aktoreen artean.

Richard Linklaterrek jaso du zuzendari onenari dagokion Urrezko Hartza, Boyhood filmarengatik. Filma taxutzeko, hamabi urtez jarraitu du, kamera eskuetan hartuta, mutil gazte baten eta haren familiaren bizimodua, eskolako lehen urteetatik hasita unibertsitatera iritsi arte.

Alain Resnais zuzendari frantsesaren Aimer, boire et chanter filmak irabazi du Alfred Bauer saria, eta gidoi onenaren Zilarrezko Hartza Dietrich Bruegenmannek, Kreuzweg filmerako egindako lanarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.