Aberri Eguneko lehen adierazpena berretsiko du aurten Udalbiltzak

«Aniztasun politiko eta soziala oinarri», nazio eraikuntza bultzatzeko ardura hartu zuen 2000. urtean adostu idatzian

Udalbiltzaren nazio gobernuko kideak, atzo Iruñean egindako agerraldian. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Aurtengo Aberri Egunak euskal gizartearen aniztasun sozial eta politikoa oinarri duen nazio eraikuntza libre eta demokratiko bati zabaltzen dio leihoa, alderik alde, inposizio eta zapalkuntza orori aurre eginez». Hala adierazi zuen Udalbiltzak, sortu ondorengo lehen Aberri Egunean plazaratu zuen idatzian. Hori 2000. urteko apirilean izan zen, oraindik nazio instituzio bakarra zenean; handik hilabete gutxira zatitu egin zen. Hamahiru urte geroago, Euskal Herria eraikitzen adierazpenak jasotzen duen konpromisoa berretsiko dute udal hautetsiek datorren igandeko Aberri Egunean.

Udalbiltzaren nazio gobernuko kideek atzo Iruñean egindako agerraldian azaldu zutenez, «egokia» iruditu zaie adierazpen hura aurtengo Aberri Egunerako. Izan ere, Maite Aizpurua lehendakariaren esanetan, «sorrerako oinarri eta filosofia berberei» eusten die joan den martxoaren 2an berrantolatu zuten erakundeak. «Etorkizuna euskal herritarren eskuetan dago, herri honen eraikuntza nazional eta demokratikoan». Hala esan zuten duela hamahiru urte, eta hala esango dute aurten ere. Horrela, «nazio bati dagozkion eskubide politikoak» aldarrikatuko ditu Udalbiltzak, Euskal Herria bertako herritar guztien «borondate librea» oinarri hartuta eraikitzeko.

XXI. mendean nazio gisa «irauteko eta garatzeko» helburua nabarmentzen du adierazpenak, globalizazio garaiaren arriskuarekin batera: «Uniformizazio fenomeno horri erantzuteko, beharrezkoa da herri honek bere baliabide politiko, instituzional, ekonomiko eta kulturalak zehaztea eta bideratzea». Gainera, gatazka politikoak izandako «ondorio larriak» gainditzeko borondatea agertzen da bertan, «burujabetza eta lurraldetasun eskubidea» jarrita «behin betiko» irtenbide gisa.

2000. urteko martxoan, Udalbiltzako batzorde iraunkorrean onartu zuten EHko, EAko eta EAJko hautetsiek aurten berriz zabalduko duten adierazpena. Horrela, Aberri Egun bateraturako deia egin zuten guztiek. Urte hartan, Euskal Herri osoan egin zituzten ekitaldiak, eta udaletxe guztietara zabaldu zuten Euskal Herria eraikitzen izeneko idatzia. Egun batzuk lehenago, ETAri «gelditzeko» eskatzen zion adierazpen bat ere adostu zuten EAJko eta EAko hautetsiek, nazio eraikuntzarako «oztopo» zelako.

Ekitaldiak, Iruñean eta Bilbon

Atzoko agerraldian, udal hautetsiak Udalbiltzarekin bat egitera gonbidatu zituen Aizpuruak, berriz ere; «batez ere, Euskal Herria aintzat hartzen dutenak». Gaurgaurkoz, 1.276k agertu dute atxikimendua. Horien «aniztasuna» nabarmendu zuen Udalbiltzako lehendakariak, baita Euskal Herriaren «pluraltasuna» ere. «Guztion artean komunikazio esparru bat eraikiz joatea da gure xedea, nazio egitea», adierazi zuen. Gainera, «igandeko ekitaldietan» parte hartzera deitu zituen herritarrak. Ez zituen ahaztu munduko hainbat lekutan dauden euskal herritarrak eta euskal jatorrikoak ere. «Nazioarteari Euskal Herria badela erakusteko funtsezkoa da diasporako kideen lana», gogorarazi zuen.

Iaz bezala, Iruñean eta Bilbon egingo dira aurten Aberri Eguneko ekitaldi nagusiak. Iruñera joateko deia egina du Independentistak sareak. Eguerdian, manifestazioa izango da, Etorkizuna independentzia lelopean, Golem zinema aretoetatik abiatuta. Ekitaldi politikoa egingo dute segidan, eta herri bazkaria ere izango da. Arratsalderako, hainbat ikuskizun prestatu dituzte Alde Zaharrean.

EAJk, berriz, Bilboko Plaza Barrian egingo du urteroko ekitaldia, Aberri berria lelopean, eta hitzaldia egingo dute Iñigo Urkulluk eta Andoni Ortuzarrek. Atzo, ekitaldi horrekin bat egin zuten Ipar Euskal Herriko jeltzaleek ere, eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzako lurralde elkargoa aldarrikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.