Euskal metropoli polo bat sortzeko bidea zabaldu du Espagnacek

Ipar Euskal Herrirako metropoli poloaren sorrera dakarren zuzenketa aurkeztu du Frantziako Senatuan

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Euskal lurralde elkargoaren proposamena alde batera utzirik, Ipar Euskal Herriarentzako «antolaketarako eta kooperaziorako polo» baten sorrera galdetu du Frederique Espagnac senatari sozialistak, zuzenketa bidez. Frantziako Senatuan eman pausoak harridura eta kexua sortu du lurralde elkargoaren aldekoen artean, bere kabuz eta gehiengoaren nahiaren aurka eginez hartu duelako erabakia. Zuzenketa maiatzaren 24an aurkeztu zuen; hots, Baionan euskal lurralde elkargoaren alde egin manifestazioa baino aste bat lehenago. Bertan egon zen lurralde elkargoa aldarrikatzen, Senatuan emandako pausoaren berri eman gabe.

Egitura mota hori ez da existitzen eta deszentralizazio erreformak planteatuko luke horren izaera. Metropoli poloei buruz ari den 45. artikuluan txertatu du zuzenketa. Egitura horren antz handia luke. Azaltzen duenez, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herri eta hiri elkargoak izanen dira polo horren kide. Garapen ekonomikoa, laborantza, berrikuntza, ikerketa, goi mailako irakaskuntza, kultura, hizkuntza eta lurralde antolaketari doakionez, guztien artean lurralde mailako egitasmoak gauzatuko lituzkete. Mugaz gaindiko elkarlana ere garatzeko aukera luke poloak. Departamenduak eta eskualdeak ere kide izateko posibilitatea lukete.

Tokiko eragileak, haserre

Egunean, laster zabaldu zen Espagnacen aurkako haserrea Twitteren. «Espagnac eta haren jarrera lainotsuak argitzen ari dira zuzenketa proposamen honekin. Ahalkegarria», zioen adibidez, Peio Etxeberri Aintzart ABren ordezkariak. Max Brisson UMPko hautetsiak ere gogor salatu zuen senatariaren jokaera: «Espagnacen joera pertsonalak lanjerrean ezartzen du lurralde elkargoaren aldeko adostasun orokorra». Lurralde elkargoaren aldeko koordinazioaren adierazpen ofizialik ez da egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.