Krisia Nafarroako Gobernuan

Idoia Nievesek deklaratuko du lehenik ikerketa batzordean

Goikoetxeak eta Barcinak datorren astean deklaratuko dute; dokumentuak ere eskatu dizkiete

Hamahiru parlamentarik osatu dute ikerketa batzordea; atzo egin zuten lehenengo bilera. VILLAR LOPEZ / EFE.
Maialen Unanue Irureta.
2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Abian da Nafarroako Parlamentuan Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiak Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariaren aurka eginiko salaketak argitzeko ikerketa batzordea. Atzo egin zuen lehenengo bilera, eta deklaratzera nortzuk deituko zituzten erabaki zuten. Egindako salaketak tarteko, Nievesek estreinatuko du agerraldien txanda: ostiralean, 11:30ean. Goikoetxeak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ere ikerketa batzordearen aurrean deklaratu beharko dute —ezin baitute ezezkorik esan—; datorren astean izango dira horien agerraldiak, astelehenean eta asteartean, hurrenez hurren.

Batzordeari azalpenak emateko lehentasunak markatu zituen atzo Juan Jose Lizarbe (PSN) buru duen taldeak —atzo aukeratu zuten, UPNren abstentzioarekin—. Hala, lehenengo, Nievesek egindako adierazpenetan aipatu zituenak deitzea erabaki dute:Nieves bera, Goikoetxea eta Barcina. Horiez gain, beste hiru lagunei ere azalpenak eskatuko dizkiete: Manuel Arana Ogasun zuzendariorde ohia —Nievesen bigarrena zena—, eta Juan Franco Aurrekontuen zuzendaria eta Maria Jesus Valdemoro Politika Ekonomikoko zuzendaria —azken biek elkarrekin deklaratuko dute—. Horiek ere astelehenean.

Ikerketa batzordeari lehentasuna emateko, Nafarroako Parlamentuak bertan behera utzi du ohiko egutegiaren zatirik handiena. Gaur bertan egingo dute bigarren bilera, 12:00etatik aurrera. Aurreikuspenen arabera, ostegunetik aurrera jasoko ditu batzordeak kasuan inplikatutako aldeei eskatu dizkieten dokumentu eta informazioak. Oraingoz, Nievesi, Goikoetxeari eta administrazioari eskatu dizkiete. Batzordeak jakinarazi duenez, ordea, aurrerago dokumentu gehiago eska ditzakete, baita ere jende gehiago deitu azalpenak emateko. Izan ere, hasiera batean batzordeak zirt edo zart otsailaren 28an egin behar zuela erabaki bazen ere, data hori ez da behin betikoa: egoerak hala eskatuko balu, luzatu egingo dute tartea.

PSNren ustezko bide orria

UPNk eta Geroa Baik, adibidez, beste zenbait lagunen agerraldiak eskatu zituzten, baina ikerketa batzordeak ez ditu deklaratzera deituko oraingoz. Alderdi guztiak agertu dira erabaki horren alde, UPN izan ezik. Carlos Garcia Adanero bozeramailea kexatu egin da, bere ustez, gainontzekoek «ez dutelako interesik gertaerak legalak izan direla ziurtatuko dituztenenak entzuteko».

UPNk eskatutako agerraldiak ez onartzeak baieztatzen du, alderdi horren ustez, ondorioak «jada hartuta» daudela. Are gehiago, Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusiak Barcinaren gobernuari ultimatuma bota zionean bide orri bat prestatua zuela uste du, UPN gobernutik kendu eta hauteskundeak aurreratzeko.

Barcinak ere adierazpenak egin zituen atzo, ildo berean. Ikerketa «amaieraraino» egin dadila desio ei du, baina ez da askorik fio batzordearekin: «plantak egiten» ari direla uste du, «hamabost eguneko epea ez baita nahikoa egia jakiteko». PSNk «aurrez ezarritako bide orria» betetzeko epea baizik ez dela uste du Nafarroako presidenteak, eta «dagoeneko akordioren bat sinatua dutelako» egin dutela aurrera.

Jimenezek, berriz, hartutako bidean aurrera egiteko borondatea «benetazkoa» dela berretsi zuen atzo: «Serio ari naiz: hau amaitu nahi dut». Ikerketa batzordeak Nievesen salaketak faltsuak direla ondorioztatuko balu emaitza onartuko lukeela adierazi zuen, baina frogatuko balira, Barcinak dimisioa eman behar luke. Hala egingo ez balu, PSNk aurreratu zuen zentsura mozioa aurkeztuko zuela. Sozialistek euren kabuz halakorik egin ezin dutenez, Bildurekin balizko akordioren bat sinatuko ote duten haizatu dute UPNk zein PPk. Eta zurrumurru horiei erantzunez, mozioa aurkezteko inolako akordiorik ez dagoela esan zuen Jimenezek.

Barcina hasi da, dena den, fitxak mugitzen PSNk atzera egin dezan. PSOErengana jo du horretarako. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak ustezko ustelkeria kasua argitzeko eskatu zuen, ez baitago «ogasun publikoa norbere onurarako manipulatzea baino ezer okerragorik». Azkar erantzun zien Nafarroako Gobernuak adierazpen horiei, Rubalcabari txosten bat helaraziz, BEZaren itzulketetan agindutako atzerapenak «guztiz legalak» direla justifikatzeko.

«Troiako zaldia»

Ikerketaren emaitzek baino gehiago, zentsura mozioa aurkezteko Bildu eta PSNren balizko akordioak sortu du kezka gehien Madrilen. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren hitzak horren lekuko: «Espero dut PSOEk arduraz jokatuko duela. Bildu Troiako zaldia izatea eragotzi behar da, ETAren norabidean aurrera ez egiteko, hau da, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa komunitate bakarrean elkartzeko bidean». Rubalcabak hala erantzun zion: «PSOEk Bildurekin ez du ezer sinatuko, ez adostuko, ez itunik egingo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.