Giza katerako 50.000 laguneko muga gainditu du Gure Esku Dago-k

Ekainaren 8ko mobilizazioan 2.500 boluntario ariko dira antolatzen; haien lana goretsi du dinamikak

enekoitz esnaola
Bilbo
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Iazko ekainaren 8an aurkeztu zuten Gure Esku Dago dinamika, Irungo Ficoban, eta iragarri zuten aurtengo ekainaren 8rako giza kate bat antolatuko zutela: Durango-Iruñea, 123 kilometrokoa, eta 50.000 lagun beharko zirela, gutxienez. Atzo jakinarazi zuten lortu dutela jende kopurua.

Jakingarriak eman zituzten, Bilbon, giza kateko mahai teknikoko arduradunek. 700 autobus baino gehiago erabiliko dituzte, 2.500 boluntario, kilometroko hamar lagun antolakuntzan, irudiak hartzeko bi helikoptero eta hamar moto...

«Duela urtebete, Ficobako agerraldian egin zigun Gure Esku Dago-k giza katea antolatzeko eskaintza. Erronka zen guretzat, baina gustura gaude emaitzarekin. Interesgarria izan da», esan zuen Abar produkzioak enpresako Josu Herrerok. Lehen pausoak ematen hasi zirenean, artean Gure Esku Dago-ren herri batzorde gutxitxo ziren; orain, berriz, 150 pasa. Abarrekoen arabera, batzordeetako partaideen laguntza «gakoa» izan da, «ibilbidea marraztean haiek tokiko ezagutza dutelako». «Kolore askoko» jendea topatu dutela azpimarratu zuten, halaber.

Durango eta Iruñea artekoa denez ibilbidea, «orografia» izan da antolatzeko zailtasunetako bat. Batik bat, hiru eremu izan dira gaitzenak: Kanpazar, Deskarga eta Lizarrustiko mendateak. Haietarako formula bereziak aurkitu dituzte: Kanpazarreko kilometroetan egongo direnentzat autobus aparkalekua Elorrion izango da, Deskargakoena Bergaran eta Lizarrustikoena Lazkao-Beasainen. Haietatik autobusak bidaiarien kilometro guneen arabera aterako dira, eta bakoitza bere tokian utziko dute.

Mahai teknikokoek jendeari garaiz ibiltzeko eskatu diete: goizeko hamarretarako izateko norberaren lekuan —Lizarrustiko kasuan, 09:30erako, autobusen aparkalekuan—. 12:00-12:30 artean izango da giza katea, eta trafikoa orduan baino ez da egongo moztuta. Laupabost eremutan salbu, Durangotik Iruñeranzko norabidean errepidearen ezkerraldean osatuko da katea. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren baimenak badituzte, eta sail desberdinekin harreman «normalizatua» daukate.

Jende gehiago balego, oharra

50.000 lagunek emana dute izena, baina oso litekeena da milaka pertsona gehiago izatea azkenean. Esate baterako, iaz Kataluniako Diadaren bezperan 540.000lagun apuntatuta zeuden Via Catalanarako —400 kilometrok katea osatzeko 400.000 lagun behar zituzten, gutxienik—, eta mobilizazioan 1,6 milioi lagun bildu ziren. Gure Esku Dago-koek izenik eman gabeko lagunentzat oharra zabaldu dute: joan daitezela euren herriari egokitu zaion kilometrora. Autoz doan ororentzat, beste ohar bat: ipin dezatela kilometroaren zenbakia ikusteko moduan. Tren zerbitzuak ugaritu egingo dira: Durangaldean, Tolosaldean, Goierrin, Eibar aldean...

Guztientzat, «ezinbesteko» oharra: norberaren ibilbideko arduradunei kasu egiteko. Kilometro bakoitzeko bisitari arduraduna egongo da, batetik: bere hiri edo herriko irteera ordutegia bermatzeko, dagokien tokira joateko, animazioa... Bestetik, katean bertan, kilometroko artzain arduraduna izango da, hark bost laguntzaile edukiko ditu —150en bat metroko, bat—, eta informazio puntu bat izango da, beste lau lagunekin. Haiez gain, segurtasunean, trafikoan, komunikazioan eta beste arlo batzuetan ere ariko dira boluntarioak. 2.500 denera. «Haiek gabe ezinezkoa litzateke hau dena antolatzea».

Gure Esku Dago-k giza katea igarotakoan emango du gastuen eta sarreren berri. Metro bakoitzak bost euro balio du; denak hartuta, 615.000 euro dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.