«Olatuaren indarra baliatzeko eta handitzeko garaia da»

Herrira-ko atxilotuek preso eta iheslarien alde indar handiagoa egitera deitu dituzte herritarrak

Herrira-ren kontrako operazioan atxilotutako 18 lagunak, joan den larunbatean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Herrira-ren kontrako polizia operazioa egin zuenetik bi aste betetzear direnean, orduan bizi izandakoa azaldu dute atxilotutako hemezortzi lagunek, komunikabideetara igorritako gutun batean. Atxilotuak izan zirenean sentitu zuten «harridura eta sumindura» azaldu ez ezik, egunotan babesa eta elkartasuna azaldu dieten herritar orori eskerrak emateko ere baliatu dute gutuna. Halaber, dei egin diote gizarteari azken egunotan sortutako «elkartasun olatuaren indarra» baliatu dezan preso eta iheslarien itzulera azkartzeko. «Olatuaren indarra baliatzeko eta handitzeko garaia da hau: bakoitzak bere esparruan, ahal duen neurrian, baina bistan da historiaren bidegurutze honetan gure tanta guztiak direla beharrezkoak, denon indarra, ideiak eta konpromisoa», adierazi dute.

Joan den larunbatean Bilbon egindako manifestazioa presoen giza eskubideen aldeko lanean mugarria izan dela argi dute Herrira-koek. Beste aro bati hasiera eman dio manifestazio jendetsu horrek, haien ustetan: «Mugimendu baten jarduerak eten dituzte, baina askoz handiagoa izango den beste bati eman diote indarra». Haien ustez, eraso horrekin Espainiako Estatuak bere «suntsipen-indarra» erabili du gehiengoaren etorkizunerako egitasmoaren aurka, baina ez da ohartu «lurrikara» eragin duela eta horrek, aldi berean, preso eta iheslarien itzulera azkartuko duen «sekulako olatua» sortu duela.

Gogoratu dute atxilotu zituztenean eta Madrilen giltzapeanizan zituztenean sentimendu kontrajarriak izan zituztela: alde batetik, kezkatuta zeuden guardia zibilen esku zeudelako, baina, bestetik, «poza eta ilusioa» sentitu zuten, kanpoan Herria-ri erakusten ari zitzaion elkartasunagatik. «Auzitegi Nazionalera iritsi ginenean jokaldi hartan irabazle ginela sumatzen genuen, helburua beteta genuela: zuek guztiok zineten jada Herrira, zuek guztiok zarete edalontziko urak gainez egin dezan behar-beharrezkoa den tanta».

Hori hala, orain geroari begiratzeko garaia dela azpimarratu dute, eta denen «lana» eskatu dute preso eta iheslarien giza eskubideen eta konponbidearen aldeko «itsasoa» sortzeko.

Fleuryn baraua amaitu dute

Bestalde, Fleury espetxean (Frantzia) duela hamar egun hasi zuten gose grebari amaiera eman diote bost euskal preso politikoek, Etxerat elkarteak atzo ohar batean jakitera eman zuenez. Euren bizi-baldintzak «asko gogortzen» ari zirelako hasi zuten bost preso horiek gose greba, elkartearen arabera. Espetxeko agintariekin akordioa lortu ostean, besteak beste, ziega aldaketen maiztasuna lau hilabetean finkatu dute, eta horregatik, baraualdia bukatzea erabaki dute Javier Arruabarrena, Asier Bengoa, Joanes Larretxea, Igor Suberbiola eta Gorka Azpitarte presoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.