Akordioak egiteko beste proposamen bat aurkeztuko dio PSE-EEk EAJri

PPk, EAJk eta PSEk elkarlanean aritzeko duten «tradizioan» oinarritutako akordio bat nahi du De Andresek

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
«Akordioak egiteko aukeren inguruan, konfiantzazko botoa» emango dio PSE-EEk EAJri, Jose Antonio Pastor alderdi sozialistako bozeramaileak adierazi duenez. Iñigo Urkullu lehendakarigaia buru duen EAJren ordezkaritzarekin bilera gehiago egiteko prest agertu da. Akordioa posible den aztertu nahi du. Zehaztasun gehiago eskatu dizkio EAJri, alderdiei helarazitako txostena oso zehaztugabea iruditzen baitzaio, datei dagokienez batez ere. Haren ustez, zehaztapenak behar ditu proposamenak, eta, beraz, PSEk berea aurkeztuko dio EAJri.

Arlo ekonomikoa lantzen duen atalean gabezia handiak ikusi dizkio Pastorrek Urkulluk helarazitako txostenari. Zerga sistemaren inguruan, esaterako, uste du gaia era orokorrean baino ez dela lantzen, eta, gainera, ez duela aipatzen noiz aldatzeko asmoa duten egungo zerga politika. Zalantzak eragin dizkio horrek PSEri; benetan neurri horiek hartzeko gogorik eza sumatu du. «Ekonomia horren garrantzitsua izango bada Jaurlaritza berriarentzat, pentsatzekoa da hori hobetzen duten politiketan enfasi handiagoa jarri behar duela».

EAJren txosnena aztertu ondoren, gaia landuko dutela adierazi du Pastorrek, eta, «segur aski», beste proposamen bat aurkeztuko diela ordezkari jeltzaleei. Ondoren, esan du aztertu egin beharko dela hurbilketarik egon daitekeen edo ez.

Edozein modutan, EAJk «hasieran behintzat» gobernua bakarrik osatuko duen susmoa du PSEko buruzagiak. Baina «gogorra izango da» legealdi osoa hala jarraitzea; beraz, uste du «oso zaila» egingo zaiola, eta, aurrerago, akordioak egin beharko dituela.

«Elkar laguntzeko tradizioa»

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak (PP), bestalde, bere nahia zein den azaldu du: EAJ, PSE eta PP elkarlanean aritzea. «15 edo 20 urte daramagu elkarlanean; elkarri laguntzeko tradizioa dugu, eta baliatu egin behar dugu orain», adierazi du.

Ekonomiaren inguruan adostasuna behar dela esan du, eta hori ez dela «zaila», ez behintzat «oportunismoak alboratu eta errealismoz jokatzen bada». De Andresek azaldu duenez, aukerak murriztu diren honetan argi dago zeintzuk diren lehentasunak: «Oinarrizko alorrak» asetzea. Esan du EAJk horrela jokatzen badu PPren babesa «bermatuta» duela.

Prozesu independentista

EAJk eta EH Bilduk oso eredu sozio-ekonomiko desberdinak defendatzen dituztela eta, beste alor bati eutsi dio Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak: «Prozesu independentista baten itxaropena» ez dezala gainbehera erortzen utzi eskatu dio EAJri.

Estatutuak ez duela gehiagorako ematen uste du Mintegik, eta, beraz, beste urrats bat egiteko eskatu dio EAJri. Hain zuzen, EAJk «egungo egitura autonomikotik haratago» joango diren autogobernurako baliabideak erabil ditzan saiatuko da EH Bildu.

Hala ere, begi onez ikusi du EAJk autogobernuari buruz Eusko Legebiltzarrean lantaldea osatzea proposatu izana, herritarrei galdetzea jasotzen duela kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.