'Parot doktrina' gelditzeko herri epaia idazten hasi dira tafallarrak

Galiziako espetxeetara bisitan zihoazen lau lagunek auto istripua izan dute; autoak baino ez du kalterik izan

Tafallarrak hasi dira 197/2006 doktrinaren aurkako epaia idazten. BERRIA.
Iker Tubia.
2013ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Idatzi dituzte lehenbiziko hitzak. Herritarron epaia osatzen hasi dira Tafallan. Herrira-k antolaturik, Parot doktrina indargabetuko duen sententzia idatziko dute uda osoan Euskal Herriko hainbat herritan. Horretarako, Herritarron epaia deitutako ekinbidea aurkeztu eta abiatu dute. Hurrengo hilabeteetan 80 herri inguru zeharkatuko ditu epaiak, hiriburuak eta 197/2006 doktrina ezarri dieten presoen herriak ere, eta Iruñean izanen du helmuga irailaren 14an Herrira-k Anaitasuna kiroldegian antolatu duen ekitaldian. Azken orrialdeak idatzi ondoren Europako erakundeei helaraziko diote txostena.

Herrira-k azaldu duenez, ez daude prest zain egoteko. «Epaia emana dago: arlo juridikoan Estrasburgon 2012ko uztailean aho batez emandakoa, eta eremu sozialean euskal gizartearena, behin eta berriz eskatu baitu giza eskubideen errespetua eta salbuespen neurrien bukaera», azaldu dute. Hori da ekinbide horren helburua: gizartearen gehiengoa «konponbidearen» eta «bakearen» alde dagoela irudikatu eta aldarrikatzea. Horregatik, herritarren epai «handi» hori «gizartearen borondatearen testigantza» izanen dela azaldu dute, eta Europako erakundeei eta nazioarteko komunitateari begira egingo dute.

Europara helarazi nahi duten mezua «argia» dela esan dute: «konponbidearen alde egiteko garaia da, eman diezaiogun aukera bat bakeari». Izan ere, hurrengo hilabeteetan behin betiko epaia kaleratuko du Estrasburgoko Auzitegiak. 2012ko uztailaren 10ean Ines del Rio euskal presoa aske uzteko agindua eman zuen, Parot doktrina ezarri ziotelako eta horrek Giza Eskubideen Europako Konbentzioa urratzen zuela uste zuelako. Espainiako Gobernua ebazpenaren aurka agertu zen, eta helegitea jarri zuen. Orain epai irmoaren zain dago Del Rio, baita doktrina horrek kartzelan mantentzen dituen gainontzeko euskal presoak ere.

Tafallarra da Del Rio, eta horregatik abiatu dute han Herritarron epaia ekinbidea. 2007. urtean kartzelatik ateratzekoa zen, baina doktrina hori aplikatuta zigorra 2017. urtera arte luzatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Antzeko egoeran daude 70 euskal preso.

Kartzelara bidean, istripua

Bestalde, Galiziako Curtis eta Bonxe espetxeetara bidean ziren lau lagunek istripua izan zuten ostiral arratsaldean. Zigor Blanco, Josu Amantes, Jesus Gomez eta Txomin Troitiñoren lagun eta senideek gidatzen zuten autoak errepidera salto egin zuen txakur «handi» bat jo zuen. Etxerat-ek jakinarazi duenez ez dute minik hartu, baina autoak kalteak izan ditu.

Euskal presoen senide eta lagunek 2013an izan duten seigarren istripua da hori, Etxerat-en datuen arabera, eta hamabost lagunek izan dituzte ezbeharrak. Sakabanaketa egin du horren erantzule, horregatik eskatu du «berehala» bertan behera utz dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.