Prentsa idatziko Argia saria jaso du BERRIAko Edu Lartzangurenek

'Portobello', 'Denbora' film laburra, 'Azpimarra', Bertsoa eta Dantzan webguneak eta Euskadi Irratia ere saritu dituzte

Aurtengo Argia saridunak, atzo, Usurbilen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Usurbil
2013ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
BERRIA egunkariko Agenda saileko Edu Lartzangurenek jaso du aurten prentsa idatziko Argia saria, egunero sail horretan kaleratzen dituen elkarrizketa laburrengatik. «Hedabideetan gutxi agertzen den jendearekin hitz egin, haien mundua ikusteko manera jaso, eta irakurleei modu erakargarrian aurkezteko gaitasunagatik» saritu dute. Lartzangurenek lankideei eta elkarrizketatu dituen pertsonei eskaini die saria. Hauek izan dira beste sarituak: Euskadi Irratiko Portobello irrati saioa, Herrira Mugimenduaren Denbora film laburra, Dantzan.com eta Bertsoa.com webguneak, ETBko Azpimarra saioa, eta Euskadi Irratia.

Atzo banatu zituzten sariak, Usurbilen (Gipuzkoa). Interneti dagokiona eman zuten aurrena. Sarituak: Bertsoa.com eta Dantzan.com webguneak. «Internet bertsotarako eta dantzarako plaza digital bihurtu, eta kulturaren alor horien jarraitzaileei berebiziko zerbitzua ematen diete», nabarmendu du epaimahaiak.

Bertsoa.com atariaren izenean Jexux Mari Irazu bertsolariak jaso zuen saria. Gogoeta garian harrapatu ditu: «Uste dugu bertsolaritzak baduela sarean gehiago zabaltzen jarraitzeko potentzialitatea». Dantzan.com atariko Oier Araolazak Argia saria orain gutxi jaso zuten beste baten ondorio dela gogorarazi zuen. «Webgunea itxi behar izan genuen bederatzi hilabetez. Baina dantzazaleenbabesari esker, berriro martxan da. Dantzazaleek argi esan dute tresna hau behar dutela».

«Pozez puztuta» jaso zuen irratiko Argia saria Asier Leozek. Hark gidatzen duen Portobello saioari eman diote saria. Leoz Madrildik mintzatu zen, lan kontuengatik han baitago: «Eskerrak eman nahi dizkiet Euskadi Irratiko arduradunei, erakutsi didaten konfiantzagatik». Portobello saioari ondorengo merituak aitortu dizkiote: «Musika hautatzeko aparteko gustua erakutsi du, eta entzuleei behar bezalako testuinguruarekin eskaintzen».

Denbora film laburraren bidez egin zuen dei Herrira Mugimenduak, urtarrilaren 12an, euskal presoen eskubideen alde Bilbon egindako manifestaziora. Hari eman diote publizitateko Argia saria. «Fikzioaren baliabideak ekitaldi publiko bat iragartzeko egoki erabili izana» goratu du epaimahaiak. Beren aldarrikapenari sortzaileek jarritako ahotsa eta letra eskertu zuen Amaia Esnalek, Herrira Mugimenduko kideak: «Haientzat, eta filmean azaltzen den errealitatea agerian uzten diguten preso, iheslari nahiz senideentzat da saria».

«Euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarrentzako telebista publiko bat» aldarrikatu zuen Maddalen Iriartek, ETBko Azpimarra saioko aurkezleak. Sariagatik pozik mintzatu zen.«Hunkituta gaude». Gaur-gaurko gaiak «sakontasunez eta independentziaz» lantzegatik saritu dute Azpimarra.

Merezimenduzko saria Euskadi Irratiari eman diote, 30 urteko ibilbideagatik. Entzuleak, langileak eta kolaboratzaileak ekarri nahi izan ditu gogora Felipe Juaristi zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.