Iazko aurrekontua du hizkuntza politikak Ipar Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak iazko ekarpena eginen du: 400.000 euro; eragile historikoek 1,25 milioi euro jasoko dituzte

Eusko Jaurlaritzako eta EEPko ordezkariak, atzo, Baionan egindako agerraldian. SYLVAIN SENCRISTO.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Nekez eta ohi baino denbora gehiago behar izan badu ere, EEP Euskararen Erakunde Publikoak osatu du aurtengo aurrekontua, 3.383.667 eurokoa. Oro har, iaz baino 30.000 euro gehiago. Eusko Jaurlaritzak iazko heinean atxiki du Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko funtsa, eta 400.000 euroko ekarpena egin dio. Ohi bezala, Frantziak du eragile nagusien arteko ekarpen apalena egiten: 740.000 euro. Akitaniak 860.000 euro ezarriko ditu, Kontseilu Nagusiak bezala. Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak 255.450 euro ezarriko ditu, eta Hautetsien Kontseiluak, 2.850 euro.

Aurrekontua orekatu ahal izateko, bertze ekarpen batzuk behar izan ditu EEPk. Cifre kontratuaren bidez, 16.000 euro eskuratu ditu, 20.000 euro ezarri dute EEPren partaide diren herri elkargoek, eta erreserbetatik 229.367 euro lortu ditu.

EEPk eta Eusko Jaurlaritzak 2007an izenpetu zuten lankidetzarako hitzarmenaren markoa, eta 2011n, arraberritu. Bi erakunde publikoek honako erronka hauei lotutako jarduerak elkarrekin antolatzeko edo sustatzeko konpromisoa hartu zuten: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea eta, azkenik, euskararen aldeko jarrerak sustatzea.

Adierazle sistema

Euskararen Adierazle Sistema plantan ezartzeko akordioa lortu dutela jakinarazi dute Frantxua Maitia EEPren presidenteak eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Ipar Euskal Herrian ez dago euskararen adierazle sistemarik gaur egun. Eusko Jaurlaritzak aitzinamendu gehiago du arlo horretan, eta, haien esperientzian oinarrituz, Nafarroako Gobernuarekin batera, Europako programa bat baliatuko dute xedea plantan ezartzeko.

Bertze arlo batzuetan ere bultzatu nahi dute elkarlana, hala nola bi erakundeen arteko informazio trukaketan. Helduen euskalduntze eta alfabetatze arloan ere egin nahi dute aurten. Hizkuntza gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzea definitu eta antolatu nahi dutela jakinarazi zuen Baztarrikak.

Aurten ere 1,6 milioi euro baliatuko dituzte Ipar Euskal Herrian euskalgintzako gizarte eragileen lana sustatzeko. Funts horretako parterik handiena euskalgintzako eragile historikoek jasoko dute aurten ere. Orotara, 1,25 milioi euroko funtsa jasoko dute EEP eta Eusko Jaurlaritzak osatu duten funts horretatik. Horien artean daude AEK, Euskal Irratiak, Herria aldizkaria, Udaleku eta Seaska ikastolen federakuntza.

Proiektu deialdia

Gainerateko eragileek proiektu deialdiaren beha egon beharko dute. «Ondoko asteotan zabalduko dugu proiektu deialdia gainerateko eragileentzat», jakinarazi du Maitiak. Orotara, 350.000 euroko funtsa prestatu dute aurten eragile horien artean banatzeko. EEPk jakinaraziko du deialdiaren epea, eta ondoren jakinaraziko du zein diren onartutako proiektuak aurkeztutakoen artean.

Hitzarmena betetzea urteroko mugarrietarikoa dela nabarmendu du Baztarrikak. Euskararen lurraldean egiten den urrats bakoitza euskaldun guztien onerako dela erran du, eta galera guztiak guztientzako galerak direla azpimarratu. Inkesta soziolinguistikoan agertu zen bezala, Ipar Euskal Herrian ez da eten oraindik euskararen galera. Horri aurre egin ahal izateko laguntza guztiak beharrezkoak direla azaldu du.

Norabide horretan, nabarmendu du euskarak ofizialtasunik ez duen lurraldean biziki garrantzitsua dela Frantziako Gobernuak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea, Frantziako Legebiltzarrean izandako eztabaida eta bozketari erreferentzia eginez. Euskara berreskuratzeko lanean, guztien lana funtsezkoa dela ohartarazi zuen Baztarrikak: gizarte eragileena, herritarrena eta, batez, ere, herri agintariena, haien eginkizuna delako politika publikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.