Albistea entzun

Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka

Ikus-entzunezko sortzaileen hitza autobus baten estalpean

Atzo zabaldu zituen ateak Irudienea gune berriak; galegoz eta euskaraz egindako lanak izango dira bertan
Haurrek berentzako lanak ikusi zituzten atzo Irudienean.
Haurrek berentzako lanak ikusi zituzten atzo Irudienean. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS

Goretti Rodriguez -

2011ko abenduak 7 - Durango

Euskal kultur sorkuntza gero eta formatu gehiago hartzen ari da aintzat, eta ikus-entzunezkoa sekulako indarra hartzen ari dela nabarmendu du Aiert Goenaga Gerediagako ordezkariak. Aurten lehen esperimentua egin dute. «Hasi berri dugun Irudienea hazia da, eta hurrengo urteetan basoa izatea espero dugu», gaineratu du. Izan ere, 46.Azokaren gune berrietako bat dugu hori. Ahotsenearen karparen ondoan aparkatuta dagoen autobus handi baten barruan emango zaie estreinakoz hitza ikus-entzunezko sortzaileei.

Azokaren izena

Euskarazko hamar film labur, bederatzi musika bideo eta lau dokumental izango dira ikusgai 40 lagunentzako egokitutako autobusean. Hortaz gain, bederatzi zinema zuzendari, bost musika talde eta idazle-kazetari bati ahotsa emango die guneak euren sorkuntza lanen inguruan azalpenak eman ditzaten. Gerediagak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin elkarlanean sortu du Irudienea. «Euskararen normalizazioa da gure helburua, eta pozarren gaude gune berri honen parte izateaz», azaldu du Manuel Moreno Topaguneko kideak. Azokak azken urteotan izan duen bilakaera ikusita, «Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azoka euskal kulturaren plaza bihurtu da. Horregatik uste dugu izena aldatu beharko geniokeela», adierazi du. «Garapen naturala izan da eta poztekoa da. Ahotseneak azken lau urteetan erakutsi du jendea datorrela liburu edota diskoren bat erostera, baina baita horren sortzaileekin zuzeneko aurrez aurreko harremana izatera ere». Euskal Herria txikia eta euskaldunak gutxi izanik, txikitasun horrek abantailak badituela gaineratu du. «Kulturgileak, hartzaileak eta eragileak aurrez aurre lanean egotea, igurtzi hori, eskertzekoa da».

Uzta oparoa iruditan

Euskaraz sortutako iraupen laburreko film eta ikus-entzunezkoen artean aipagarri Lekeitioko Zine Bileran Benito Ansola beka jaso duten David Zabala lekeitiarraren Ohe azpiko zera eta Joseba Uberuaga gernikarraren Izena duena laburrak. Atzo izan ziren ikusgai. Gaur goizean, Gose, Sparteens eta Esne Beltza taldeek euren bideoklipen aurkezpena egingo dute Irudienean. Euskaraz egindako bi dokumentalen emanaldi bereziak ere egingo dira. Arratsaldean, Bertsolari emango dute, Asier Altuna zuzendariaren azalpenek lagunduta. Bihar, Gotzon Elortza getxotarrak 60ko hamarkada hasieran sortu eta Euskadiko Filmategiak aurten zaharberritutako euskarazko hiru dokumentalak izango dira ikusgai. Egilea bertan izango da. Horrez gain, eguerdian Zeluloidezko begiradak liburuaren aurkezpena egingo da, Mikel Garcia Idiakez egilea eta Jon Garaño, Juanba Berasategi, Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendarien parte hartzearekin. Euskal zinemaren ibilbidearen gainean arituko dira. Arratsaldean, iraupen laburreko zortzi ikus-entzunezkoren emanaldiaren ostean, solasaldia izango da Mikel Zatarain, Angel Aldarondo eta Maialen Sarasuaren artean.

Azken bi urteetako galegozko ikus-entzunezko produkzioa ere ezagutzeko aukera emango du Irudieneak. Jatorrizko bertsioan eskainiko dira eta filmak euskarazko azpidatziekin. Digna rabia dokumentala ere aurkeztuko da bihar, hainbat hizkuntzatan grabatu eta euskaraz azpidatzitakoa, Francoren garaiko emakume galiziarrei buruzko dokumentala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bisitari bat, Jose Antonio Sistiagaren koadro bati so, 'De rerum natura' erakusketan. ©Maialen Andres / Foku

Sistiagaren atzera begirakoa ireki du Kubo Kutxa aretoak

Itziar Ugarte Irizar

Jose Antonio Sistiagak laurogei urtean ondutako obra aztertzen du Donostiako erakusketak, artistaren naturarekiko begiradan jarrita arreta. Hortik jarri dioten izena: 'De rerum natura'.

Vulk osatzen duten lau kideak. ©Aitor Mendilibar

Vulk taldeak ‘Vulk ez da’ diskoa argitaratuko du bihar

Berria

Formatu digitalean aterako du lehendabizi, eta otsailaren 14an iritsiko da hamabi hazbeteko binilo formatuan. Hiru urteko geldialdi eta hausnarketaren ondoren, lan berria euskara hutsez grabatu du Bilboko post-punk taldeak.

Aitor Elexpuru, Bingen Zupiria, Ana Ollo, Mikel Arregi eta Gaizka Sarasola, gaurko agerraldian. ©Iñigo Uriz / Foku

Lesakako Mairu taldeak 'Intxaurra' lana sortuko du Arnasguneak bekarekin

Ane Eslava

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uemak sortu dute deialdia, arnasguneetan euskara sustatzeko. Antzezlana azaroan estreinatuko dute, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan.

Iker Galartzak jokatzen du lehendakariaren rola obran, eta Zuhaitz Gurrutxagak psikiatrarena. ©DAVID VICENTE / TXALO KONPAINIA

Umorea, barrenak askatzeko

Olatz Enzunza Mallona

Txalo konpainiak 'Lehendakarigaia' emango du gaurtik igandera, Donostian. Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza dira aktoreak, lehendakaria eta psikiatra, hurrenez hurren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.