Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka

«Atzeraldiari uko eginez» hasi da ospatzen bere 30 urteak Maiatz

Aldizkariaz gain, Pierre Mestrot, Itxaro Borda, Eñaut Etxamendi eta Bernard Mancieten liburuak argitaratu ditu

Maiatzeko argitalpen berrien aurkezpenean, Pierre Mestrot, Luzien Etxezaharreta eta Eñaut Etxamendi. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Idazleek gehienetan banaka aurkezten dituzte beren lan berriak, baina Maiatzen kasuan, argitalpenak metatu eta gutxienez hiruzpalau dituztelarik, orduan dute prentsa gonbidatzen. Durangoko Azokari begira, edota Sarako Idazleen Biltzarrari. Urtez urte, erritual bilakatu aurkezpena.

Prentsaurrekoan, autoreak presente dira, libratzen ahal direlarik, eta beti hor, guztiaren koordinatzaile, Luzien Etxezaharreta. Beti irriarekin, eta aldi honetan gehiago, hainbeste lan aurkezteko aukeragatik, «atzeraldiari uko eginez». Irria eta begi kliska, Maiatzen 30 urteak aipatu gabe ezin utziz. Justu garai honetan zuten elkartea sortu. Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia bera, berriz, 1981eko otsailean zen atera.

Urte mugaz «aski kontent» agertu da Etxezaharreta, nahiz eta zaila izan: «Iraun baitugu orain arte». Asmoen bideetatik urrundu gabe: «Jarraitzen dugu euskal munduko oihartzun hori hurbiletik aipatzen». Aldizkariari bereziki dagokionez, «aldizkari independente eta libre gisa, beti hor garela uste dut. Hastapenetik harrobi bat izan dena jendeen biltzeko, elkarrekin lanean ikasteko, pixka bat». Euskal Herri guztira hedatzen dena. «Aldizkari literario guti da Euskal Herrian». Eta horra hor 53. aldizkaria, horren lekuko. Usaian bezala, hainbat gauza biltzen ditu. Halere, ETAren armen uztea dela eta, badira idatzi batzuk horri oihartzun egiten diotenak, nahiz eta ez zuzenean lotuak izan. Horien artean, adibidez, Ttotte Etxebeste Iparretarrak taldeko militante, preso ohi eta zauritua izan denak urte hastapenean idatziak. «Interesantea da ikustea nolako kemenarekin bere fedea agertzen duen libertatean», Etxezaharretaren hitzetan.

Maiatzek daraman argitalpen lanari dagokionez, bi berrargitalpen daude Durangoko Azokan. Bata, Bernard Manciet (1923-2005) Okzitaniako poeta eta idazlearen Le dit de Guernica (Gernikaz erranaz). Duela sei urte argitaratua eta amaitua zena. Berrargitalpenaz baliatu dira olerkiak bretoierara, katalanera eta ingelesera itzultzeko.

Okzitanieratik latinera, bigarren berrargitalpena, gisa batez, Itxaro Bordaren Post mortem scripta volant liburua da. Bost urtez, aldizkarian kapituluka agertu testuak hemen elkartu ditu. Post mortem scripta manent erranaldi ezagunaren oihartzuna da liburuko izenburua. Hil eta idatziak gelditzen direla dioenari, Bordak, hil eta idatziak airatzen direla ihardesten dio. Liburua bera euskaraz idatzia du, baina alemanak ere badu tokia, besteak beste, Rainer Maria Rilke edo Bertolt Brechten testu eta olerki zatien bidez.

Liburua josten duen istorioak idazle bat du protagonista. Bere azken liburua idazten ari da, hil ondotik argitaratzekoa, bi emazteren arteko maitasun, bereizte eta haurrarekiko harremanak tartekaturik, Baiona Ttipiko giroan. Irria ezpainetan irakurtzeko gomendioa egiten duela liburuaren bizkarreko testutxoak, Bordak duen «izpiritu airos eta zirikatzailearen marka» hor dagoela baieztatu du Etxezaharretak.

Etxamendiren «heresia»

Eñaut Etxamendiren bosgarren idazlanen bilduma ere argitaratu du Maiatzek. Hamar bat testu bildurik, argitalpen honekin bururatzen dute Etxamendik idatzi ipuinen bilduma. Seigarren tomoa heldu den urterako prestatzen ari dira. Etxamendiren kantutegi guztia elkartzekoa dute orduan.

Bosgarren tomoari dagokionez, Etxezaharretak deritzonez, «beste Etxamendi bat ikusten dugu hemen, gai sozialen inguruan. Alkoholismoa edo langabezia aipatzen ditu. Eta, bereziki, Eliza katolikoak nolako kalteak egin dituen jende batzuen baitan, hemen», Gizon saindu eta maite-min liburua zerratzen duen ipuina gogoan. Elizari egin «heresiaz», hauxe dio Etxamendik: «Badakit nekea dela gauza hunkitzeko, baina pentsatzen nuen goiz edo berant behar zela hunki. Hunki baizik ez dut. Behar da garatu. Ene haurrek, eta gehiago, ene haurren haurrek nekez uler dezakete totalitarismo intelektual horrek nola funtzionatzen zuen».

Saiaren mendekua polizia nobelak borobildu du uzta, eleberri beltzaren kulturatik datorren Pierre Mestrotek idatzia. Baionako polizia bat da protagonista, eta hilketa misteriotsu batzuek Kanbo eta Bidarraiko bazterretan gaindi bidaiatzeko ematen dute: «Liburua erronka bat bezala hartu dut. Nahi nuen jakin kapaz nintzanez liburu bat idazteko euskaraz», azaldu du idazleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.