Animaziozkoa, mugez harago

Animaziozko zinema berrienaren aleak jasoko ditu zinemaldiak Animatopia atzera begirako zikloan

Mamoru Oshii japoniarrarren Tachiguishi retsuden animaziozko filma.
Gorka Erostarbe Leunda.
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Animaziozko zinemari «oker ezarri zaizkion» mugetatik harago, familiako entretenimendu lanetara eta fantasiazko abenturetara mugatu gabe, generoari omenaldi modukoa egin nahi dio Donostiako Zinemaldiak aurtengo ekitaldian. 2000. urtetik gaur egunera arteko 25 animazioko film eskainiko ditu Animatopia izenburu duen atzera begirako zikloaren baitan. Zinemaldiko antolatzaileen hitzetan, zikloan bildutako lanek «argi utziko dute zer-nolako askatasuna eta gaitasuna duen animazio alternatiboak askotariko gai mamitsuak hainbat ikuspuntutatik lantzeko».

Kontzeptu generiko bat ardatz izanik, eta izenburu alegoriko batean laburbilduta, zinema areto komertzialetan —baita espezializatuetan ere— inoiz gutxitan ematen diren pelikulak elkartzen eta eskaintzen ditu Zinemaldiak atzera-begirako tematikoetan. Zinema beltzari, dokumentalaren generoari edo AEBetako komedia berrienari eskaini izan dizkiote atzera begirako tematikoak azken urteetan. Aurten, atzera begirako klasikoa Nagisa Oshima zinemagile japoniarrari eskainiko diote, eta animaziozko filmek jasoko dute arreta guztia ziklo tematikoan. Atzera begirakoa aurkezten generoari estuki loturiko Bill Plympton zinemagile estatubatuarra izango da Donostian. 1946an jaiotako zuzendaria erreferentzia bilakatu da animaziozko zinemagintza urratzaile eta ikonoklastan. Guztira, ia 50 film labur egin ditu, eta zenbait film luze laudatu ere ondu ditu, generoko klasiko moderno bilakatu direnak: The Tune (1992), I Married a Strange Person (1997), Mutant Aliens (2001), Idiots and Angels (2008) edota Hair High (2004).

Azken hori Animatopia atzera begirakoaren barruan emango du zinemaldiak. Umore beltz eta satirikoaren bidez, 50eko hamarkadako gazte zinemari, rock musikari eta motorren munduari omenaldia egiten die Plymptonek. Richard Linklaterren Waking Life eta Wes Andersonen Fantastic Mr. Fox dira Zinemaldian ikusi ahal izango diren AEBetako beste bi animaziozko filmak. Existentziaren eta inguratzen gaituen munduaren zentzuari buruzko azterketa filosofikoa da Linklaterrerna eta Roald Dahl idazlearen kontakizunean oinarrituriko familiaren gazi-gozoei buruzkoa Andersonena.

Asia ekialdeko zinemagintzaren arrastoak ugariak dira animaziozko zinemagintzan. Masaaki Yuasa japoniarraren Maindo Gêmu-k komiki-marrazkigile izatearekin obsesionatua dagoen Nishi gaztearen peripezia harrigarriak kontatzen ditu. Satoshi Kon herrikidearen Paprika zientzia fikziozko fantasia bikaina da, eta Mamoru Oshiiren Tachiguuishi Retsuden-ek Japoniaren historia kritikoa proposatzen du. Honk Kongo Toe Yuenen My Lifes As Mcdull, Hego-Koreako Sang-Ho Yeunen Dwae-Ji-Ui Wang eta Singapurko Eric Khooren Tatsumi dira Asiako beste lanetako batzuk. Yoshiro Tatsumi manga marrazkigilearen bizitzari eta obrari buruzko erretratua da azken hori.

Liburu bat ere bai

AEBetako eta Asia ekialdeko zinema piezez gain, mundu osoko aleak bilduko ditu Animatopia zikloak. Espainierazko lanek izango dute tarterik. Fernando Trueba zinemagile espainiarraren Chico & Rita iazko zinemaldian ikusi ahal izan zen, baita Ignacio Ferrerasen Arrugas (Zimurrak) ere. Miguelanxo Prado galiziarraren De profundis olio pinturen bitartez sorturiko poema bisual eta musikala da, eta Carlos Osuna kolonbiarraren Gordo, Calvo y Bajito lanak (Potoloa, burusoila eta txikia) Antonio Farfan notario laguntzailearen bizitza kontatzen du. Tarik Saleh suediarraren Metropia-k Europako bizitzari buruzko alegia klaustrofobikoa eraikitzen du Vicent Gallo, Juliette Lewis eta Stellan Skarsgarden ahotsak erabiliz.

Orotara, 25 filmek osatzen dute Animatopia. Irailaren 20tik 29ra bitartean ikusi ahal izango dira zinemaldian, eta liburu batean ere bilduko dituzte lan horien guztien inguruko informazioak, Roberto Cueto koordinatzaile izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.