Superheroitik honantzago

Hugh Jackman aktore australiarrak jasoko du Donostia saria Zinemaldian, Carmen Maurarekin batera

Gorka Erostarbe Leunda.
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
X-Men film zerrenda luzean egindako lanak egin zuen ezagun mundu guztian, eta oraindik ere elikatzen du Wolverine pertsonaiaren rola saga horretan. Sei film egin ditu superheroiaren rolean, eta iaz egindako azkenak bere pertsonaiaren izena hartu zuen gainera: The Wolverine. Hurrengo urtean filmatuko dute segida: X-Men: Days of Future Past. Baina ez da Hugh Jackman aktore australiarrak zinemaren eta antzerkiaren munduan egindako lan bakarra. Donostiako Zinemaldiak batean eta bestean aritzeko duen gaitasuna eta rol desberdinak jokatzeko duen erraztasun eta malgutasuna nabarmendu ditu, eta superheroi gisa egindako lanetatik harantzago edo honantzago, aktore osoa dela adierazi du aurtengo Donostia saria emateko argudio nagusi gisa. Irailaren 27an jasoko du saria,Prisoners bera protagonista den filma eman aurretik. Carmen Maurak jasoko du beste Donostia saria, irailaren 22an.

Kostu handiko superprodukzioak izan dira X-Men saileko filmak. The Wolverine filmarekin226 milioi euro jaso dituzte, baina bestelako lan askotan aritu da Jackman. Iaz, esaterako, Oscar sarietarako hautagai izan zen, Tom Hooperren Les Misérables filmean Jean Valjeanen rolean egindako lanarengatik. Aktore onenaren Oscar saria ez zuen irabazi, baina bai Urrezko Globoa.

Sydney hiriburuan jaio zen Hugh Jackman, 1968an, eta Australian hasi zuen zinema ibilbidea, Paperback Hero eta Erskineville Kings film independenteetan lan eginez. Ondoren, hamaika film garrantzitsutan parte hartu du: Darren Aranofskyren The Fountain-en (2006), Christopher Nolanen The Prestige-n(2006), Woody Allenen Scoop-en (2006), Baz Luhrmannen Austalia-n (2008)eta Shawn Levyren Real Steel-en (2011), besteak beste.

Antzerkian ere lan asko egindakoa da Jackman. 2011n publikoa eta kritika liluratu zituen Broadwayn eta bakarka egindako Hugh Jackman-Back lanarekin. Broadwayn urteetan egindako lana saritu zioten iaz, Tony sari berezi bat emanez. Gainera, zinemako beste arlo batzuetara egokitzen dakiela ere erakutsi du animaziozko hainbat filmetan ahotsa jarriz; adibidez, Happy Feet-en (2006) eta Flushed Away-en (2006). Oscar sarietako gala aurkeztu zuen, gainera, 2009an, 81. aldian.

Saria jasotzearekin batera, Prisoners filma aurkeztuko du Donostian Jackmanek. Denis Villeneuvek zuzendu du filma eta , besteak beste, Jake Gyllenhall, Viola Davis, Melissa Leo eta Paul Dano dira protagonistak. Thriller-a da: Jackman sei urteko Ana neskatoaren aita da; Ana eta haren lagun Joy desagertu egingo dira, eta itxaronaldi itoa etetea erabakiko du Jackmanek berak.

Zinemaldia eta EITB

EITBk eta Zinemaldiak lankidetzarako orain arte zuten akordioa berritu eta sendotu zuten atzo. Zinema lehiaketaren «jarraipen zabala» egiteaz gain, DSS 1813-2013 dokumentala aurkeztuko du EITBk Zinemaldian, Donostiaren suntsiketaren eta berreraikuntzaren mendeurrena dela-eta ekoitzitako lana.

Euskal Irrati Telebistako hedabideek, ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Gazteak eta Eitb.com-ek zabal emango dute Zinemaldiaren berri. Irailaren 20an izango da hasiera ekitaldia eta 28an amaierakoa, eta biak zuzenean emango ditu ETB1ek. Horretaz gain, irailaren 22 eta 27ko Donostia sariak, eta 24ko Zinemira sariaere emango dituzte.

Gainera, Donostiako Zinemaldiak eta Basque Culinary Centerrek elkarlanean antolaturiko Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia zikloko sarrerak etzi salgai izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.09:00etatik aurrera egongo dira erosteko moduan www.sansebastianfestival.cometawww.kutxabank.es guneetan.

Zikloko filmak ikusteko sarrerak eta afariak 57,20 euroko prezioa izango dute. Zinema emanaldietarako bakarrik diren sarrerak, aldiz, Zinemaldiko gainerako sarrerak bezala salduko dira. Irailaren 15ean jarriko dtiuzte salgai, ohiko tokietan.

Culinary Zinema zikloaren programazioa, A la Bizkaina eta Euskadi cocina en la cumbre dokumentalekin eta El Somni eta Sormenaren bide ezkutuak film laburren «proiekzio bereziarekin» osatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.