Txoria hasieratik ari zen kantuan

'Ahozko Euskal Literaturaren Antologia' argitaratu du Etxepare Euskal Institutuak, Xabier Payak prestatua

Aizpea Goenaga, Xabier Paya, Mari Jose Olaziregi eta Joxerra Garzia, liburua aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Atzerrian irakasle lanetan zebilela, euskara hain zaharra izanagatik euskarazko aurreneko liburua ez zela 1545era arte argitaratu gogorarazi zioten behin Xabier Payari; eta ondorengo mendeetan ere euskarazko liburuak urriak izan zirela oso. «Nik une hartan eman nezakeen erantzuna ez zegoen liburu batean bildua», ekarri zuen gogora atzo Payak, Ahozko Euskal Literaturaren Antologia liburua aurkeztean. Liburu horretan aurki dezakete orain atzerriko irakasleek Payak orduan ezin eman zien erantzuna. «Bernardo Atxagaren Trikuarena poeman oinarrituta, euskal literatura behingoz esnatu eta indartsu dagoen trikua baldin bada, nik adierazi nahi dudana da trikua lo zegoen bitartean txoria kantuan ari zela, ahozko literatura kantuan ari zela». Payak uste du «trikua eta txoria kontuan hartuta» akaso hobeto ulertuko dela euskal kultura, erreferentzia gehiago izango dituelako eskura gai horretan barneratzea erabakitzen duen ikerlariak.

Etxepare Euskal Institutuak argitaratu du Xabier Payaren (Bilbo, 1982) Ahozko Euskal Literaturaren Antologia, hiru hizkuntzatan emana liburu bakarrean: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Institutua argitaratzen ari den Euskal Antologiak saileko hirugarren liburua da Payarena. Aurreko biak Mikel Aierberen Euskal Narratiba Garaikidea. Katalogo bat eta Jone Arroitajauregiren Euskal Haur eta Gazte Literatura dira.

Antologia apailatzerakoan, «behingoz» ahozko euskal literaturaren «bisio panoramiko bat» izatea izan du xede egileak. «Bertsolaritzari buruzko lan batzuk badaude, baladei buruzkoak ere bai, atsotitzena ere egina dago… Bai, baina zergatik ez diogu jendeari eskaparatean dena begien aurrean jartzen, eta esaten 'hau da gure aberastasuna'».

Aberastasun horren marko teorikoa osatzeko, Joxerra Garziak —John Miles Foleyren teoriak jarraituz— euskal kulturarako Oral Tradition Journal argitalpenean egin zuen proposamena hartu du oinarri nagusitzat Payak. Garziaren proposamenari aldaketa batzuk eginez, zortzi genero nagusi eta horien barruan hainbat azpigenero bereizi ditu, ahozko literaturako piezak sailkatzeko. «Niretzat erronka handia izan da erabakiak hartzea. Oso kontzientea naiz erabakiek askotan ekartzen dutela erratzea. Baina pozik nago, eta uste dut dut nire bizitzan egin dezakedan ibilbidearentzat hau mugarri bat izan daitekeela. Iruditzen zait tresna hau beharrezkoa zela; aberatsak garela eta aberastasun horren katalogo bat eduki behar genuela».

Payaren hitzaurreaz gain, Joxerra Garziarena ere badu liburuak: Aho bete bizi(garri). Garziaren hitzaurrea gaztelaniara eta ingelesera itzultzerakoan, izenburua nola eman zezakeen galdetu zionean, Garziak Lo que el viento no se llevó eta Not Gone With The Wind proposatu zizkion Payari; hots, «Haizeak eraman ez zituenak» edo gisako zerbait. «Baina nik bakarrik ezin izan dut haizeak eraman ez duen hau guztia behar bezala bildu», aitortu zuen Payak liburua aurkeztean. «Inork ez dezala pentsa orain ni katedraduna naizenik sermoien analisian». Liburuaren sarreran bezala, atzoko aurkezpenean ere esker ona agertu zien Payak liburua taxutzen lagundu dioten adituei: Belen Altunari, Kike Amonarrizi, Joxerra Garziari, John Miles Foleyri, Jabier Kalzakortari, Cameron J. Watsoni eta Zornotzako Barnetegiari; Jose Luis Agoteri ere eman zizkion eskerrak, liburuaren maketazioan egindako lanarengatik; eta baita Juan Carlos Etxegoien Xamar idazleari eta Pamiela argitaletxeari, liburuko ilustrazioak Xamarren Orhipean. Gure herria ezagutzen liburutik (Pamiela, 1992) hartuak direlako, egilearen baimenarekin; azalekoa izan ezik, hori Juan Azpeitiak egina baita. Testuen gaztelaniazko itzulpena Xabier Payak berak egin du, eta ingelesezkoa Holly Pike eta bien artean gauzatu dute.

Egungo ikerketa metodoekin

«Irizpide argi eta garbi batzuekin egindako proposamen bat da Payaren antologia hau», Garziaren ustez, «eta proposamena den aldetik eztabaidagarria ere bada, eta esango nuke eztabaida pizteko asmoz egina dela. Aurrerapauso handi eta nabarmena da, eta hemendik aurrera egin beharreko ikerketaren nondik norakoak markatzeko mapa halako bat jartzen du, oinarri sendoa emanez eztabaidari».

 «Hutsune handi bat» betetzen du Payaren liburuak, «ez daukalako parekorik», Garziaren ustez. «Liburuan jasotako pieza asko ezagunak egiten zaizkigu, baina inon ez daude hain modu oso eta koherentean bilduta. Nik behintzat halako barne poz bat daukat, euskarak baduelako behingoz bere ahozko literaturaren benetako antologia, eta antologia egina dagoelako gaur egun munduan punta-puntako diren ikertzaileek darabiltzaten irizpideen arabera». Lan hori egiteko, Xabier Paya baino egokiagorik ez du ezagutzen Garziak, ardura hori bere gain hartzen zuenak «ahozko tradizioaren ezagutzaile handia behar zuelako, eta baita ahozkotasuna ikertzeko metodologia berri eta modernoaren jabe ere». Payak «ahozko literaturaren arloan non gauden jakiteko GPSrik onena» taxutzeaz gain, «oso gustura irakurtzen den liburua» ere osatu du, Garziaren ustez.

Liburua PDF formatuan kontsultatu edo jaisteko: www.etxepareinstitutua.net/argitalpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.