Katalunia. Politika orokorrari buruzko eztabaida

Madril, erreferendumaren kontra «tresna guztiak» erabiltzeko prest

Herri galdeketa egitea «legez kontrakoa» dela dio gobernuak, eta legea aldatzeko prest agertu da

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak «eskura dituen tresna guztiak» erabilikodituela katalanek autodeterminazio eskubidea gauza ez dezaten. Ziur zegoen PP Alderdi Popularreko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedal atzo goizean. Generalitateko presidente Artur Masek agindu duen erreferenduma «erabat legez kanpokoa» delako, eta PP beti dagoelako legearen alde. «Gobernuak ez du onartuko legeak ez betetzea».

Cospedalek iragarritako gidoia goitik behera aletu zuen Madrilgo Gobernuak arratsean, Soraya Saenz de Santamariaren ahotik, Katalunian egitekoak diren erreferendumaren aurka eskura dituzten tresna juridiko eta judizial «guztiak» erabiliko dituztela iragarriz, indarrean dagoen legea erabiltzeaz gain legea aldatzeko eskatzen zioten ahotsei arrazoia emanez.

«Halako galdeketa batek Estatuaren baimena behar luke eta hautesleri osoari legokio. Beraz, espainiar guztiek eman behar lukete boza Kataluniaren etorkizunari buruzko balizko galdeketa batean», erantsi zuen Saenz de Santamariak, Jose Antonio Monago alderdikide eta Extremadurako lehendakariak ordu batzuk lehenago esandakoa bere eginez.

Erreferendum bat egingo balitz, Espainiako lehendakariordearen arabera, «indarrik gabe utziko litzateke automatikoki», inkonstituzionalitate helegite bat badagoelako erreferendumen legearen inguruan. «Auzitegi Konstituzionalera jo eta indarrik gabe utziko da».

Sinesgaitza

UPD alderdiko Rosa Diezek argi hitz egitea eskatu zion atzo goizean Espainiako Gobernuari, zalantzarik txikiena ere gera ez ziezaion Artur Masi erreferenduma deitzearen ondorioei buruz. Saenz de Santamariaren hitzak argiak izan ziren. UPDkoak ere legez kanpokotzat jo zuen galdeketara deitzea, eta katalan abertzaleekin eztabaidan sartzearen alde agertu zen: «Biktimismoari datuekin erantzun behar zaio, eta horretan arituko gara».

PSOE Espainiako Alderdi Sozialistako Jose Bonok ere, legea bete beharraz hitz egin zuen atzokoan. Katalunian galdeketa egiteko aukera aztertzeari uko egin zion. «Beste garai batzuetan legez kanpo egitea plantea zitekeen, baina ez dut Mas Trotskirena edo Leninena egiten ikusten. Legezkotasuna haustea gaitzestekoa da oso demokrazia batean, eta Katalunian beti izan dira ordenako jendea».

Konstituzioa da, Bonoren arabera, jokaleku bakarra. «Alda daiteke, baina berak utzitako bidetik beti, erdibidetik».

Kataluniako presidente izandako Jordi Pujolen ustez, berriz, egoera politiko berriari jarrera baikor eta irekiarekin egin beharko litzaioke aurre, eta gaztelaniari garrantzia onartu behar litzaioke: «Kataluniak independentzia lortzen badu, bestearekiko errespetua inoiz baino beharrezkoagoa izango da».

Lopezen «esperientzia»

EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Patxi Lopezek presidente diren aldetik hitz egin nahi izan zion Artur Masi: «Independentzia arrazoi ekonomikoengatik bultzatzea historiako negoziorik txarrena da». Independentzia ekonomikoa tentuz neurtu behar dela erantsi zion, horri buruz «esperientzia» baduela argudiatuta.

Lopezen ustez, CiUko burua «olatu batera igo da, ez daki nola jaitsi eta gizartea zatitzen duten gauzak proposatzen ditu».

Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren planaren eta Artur Masen proposamenaren artean antzekotasunak daude, Lopezen aburuz, eta Madrilek arazoa larritu besterik ez du egin bere jarrerarekin. «Arazo ekonomikoa zena lehen mailako arazo politikoa bihurtu da». Konstituzioa aldatzeko prest agertu zen EAEko lehendakaria, horri buruzko «itun politiko zabal bat» lortuko balitz. Senatuaren errotiko erreforma bat eta autonomietako eta estatuko erakundeen arteko leialtasuna finkatzeko akordioaren alde ere egin zuen. Federalismoaz ere hitz egin zuen, bere planteamenduek PSOEko idazkari nagusi Rubalcabak babesten duenarekin «zerikusi handia» dutela zehaztuta.

EAJ Euzko Alderdi Jeltzaleko buru Iñigo Urkulluren esanetan, bestetik, Katalunian egiten ari diren bidea EAEn egina dago neurri batean. «Espainiak pentsatu egin beharko luke euskal herritarrei zein katalanei geure etorkizunari buruz erabakitzeko dagokigun eskubideari buruz», Urkulluren aburuz.Batzuk zein besteak, azken batean, «Espainiako Konstituzioan bertan onartua dagoen izaera nazionala babesten» ari dira, EAJkoaren hitzetan, «eta PP eta PSOE dira konstituzioa bete ez dutenak», nazionalitateei dagokienez bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.