Ipar Euskal Herriak azkenean lurralde elkargoa lortzea espero du Batera-k

Ez du uste erabakigarria denik Lebranchuk Ayraulti aurkeztu txostenean aipamenik ez agertzea

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Hainbat hilabetez lurralde berrantolaketaz gogoetatu ondoan, erreformaren nondik noratekoak aurkeztu zizkion atzo Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroari Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak.

Hirurogeita hamar orriko dokumentu zehatz horretan ez da aldi bakar batez ere egiten Ipar Euskal Herriaren aipamenik. Urriaren 11n Euskal Herritik Parisera joandako Hautetsien Kontseiluko ordezkaritzari errandakoa baieztaturik da. Erreformaren lege esparruan Euskal Herriaren ezagupenik ez zela izanen jakinarazi zien orduan. Hori dela eta, nahiz ez poztu, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren aipamenik ez izateaz ez dira harritu euskal lurralde elkargoaren defendatzaileak. «Ez da hor bukatzen gurea; baikor gelditu behar gara: beste zerbait izango da gibeletik» zioen, adibidez, Martine Bisauta Batera-ko kideak Le Journal du Pays Basque kazetan.

«Lan dokumentu bat da, ez dalegearen aurreproposamena; [...] elementu batzuk aurkituko ditugu lege proiektuan, baina anitz gauza ere alda daitezke», Lebranchuk jakinarazi zuenez. Tokiko hautetsiei eta auzapezei zuzenduriko http://www.courrierdesmaires.fr/ webguneak, dokumentua eskuratu eta plazaratu zuen ostiralean. Nahiz Lebranchuk segurtatu ez dela dokumentu ofizial bat, Legearen aurreproiektua titulua dauka dokumentuak.

Erreformak dakarzkien egitura berrien aurkezpen zehatza egiten du. Besteak beste, Lurraldeen Goi Kontseilua. Gobernua eta tokiko lurralde elkargoen arteko trukaketen gunea izatea du xede. «Lehiakortasuna eta kohesioa hobetzeko asmoz», hamar komunitate metropolitanoren sortzea ere azaltzen da.Lurralde elkargo ezberdinen eskumenei eta finantzaketei buruzko zehaztasunak ere azaltzen dira.

Bretainiarrak ere kexu

Ipar Euskal Herriaren gisara, deszentralizazio erreformarekin onarpena lortzea espero dute bretainiarrek ere. Testuan Bretainiaren aipamenik ez dela ikusteak bertakoen haserre gorria eragin du. «Testu hori ezin onartuzkoa da, Bretainiaren eta bretoien hitza entzuna, ezagutua eta errespetatua izateko borrokatu beharko gara», zioen Christian Guyonvarc'h eskualde kontseilariak. 44=Breizh deitu kolektiboak manifestaziora deitu du larunbat honetarako, haien gero instituzionalaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Loire Atlantique departamendua Bretainiari lotzea nahi dute bertako abertzaleek. Aldarri horren alde agertu da Lebranchu ministroa —Bretainiakoa da bera ere—, eta hitzak utzi eta ekiteko eskatuko diote larunbatean.

Zuzenketa edota moldaketen bidez onarpena gauzatzea espero dute bretainiarrek zein euskaldunek. Lege proposamena Ministroen Kontseiluan aurkeztuko dute otsailean, eta parlamentarien esku utziko dute martxoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.