Defentsaren froga batzuk baztertu ditu auzitegiak 'herriko tabernen' auzian

Ezker abertzaleko 40 lagun epaiketara bidean dira, 'herriko tabernen' bitartez ETA finantzatzea egotzita

Ibon Arbulu eta Karmelo Landa, Ertzaintza Bilboko egoitza ixtera joan zenean, 2002ko uztailean. M. RAMIREZ / ARG.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Epaiketa hasteko eguna jartzea bakarrik falta da 35/02 auzian. Herriko tabernen auziko ahozko epaiketan aldeek aurkeztuko dituzten frogak zehaztu zituen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa aurreko tramite guztiak amaitu ditu horrenbestez.

Defentsak eta akusazioak proposatutako frogen inguruko autoa atera zuen atzo auzitegiko bigarren zigor salak. Fiskaltzari AVTri eta Dignidad y Justiciari onartu egin dizkiote froga guztiak, baina ez du gauza bera egin defentsen frogekin. Haiek proposatutako gehienak onartu baditu ere, atzera bota ditu batzuk, haien eta auziaren artean lotura garbirik ez duela ikusten argudiatuta. Lekukoei dagokionez, berriz, haiek mugatzeko agindu dio Idoia Arbelaitzen defentsari. HB, EH eta Batasunaren jarduera politikoaren inguruan hitz egiteko proposatu dituen lekuko guztietatik hamarrekin gelditzeko esan dio, berak aukeratzeko zein.

10 eta 8 urteko zigorrak

Ezker abertzaleko 40 lagunen eta 111 herriko taberna eta elkarteen kontrako epaiketa aurki egitea espero da. Akusatuen aulkian eseriko direnen artean Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach daude. Hiru horientzat hamabi urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak, hamar urtekoa beste 20 lagunentzat, eta zortzikoa beste hamahirurentzat.

Jose Luis Elkoro, Joseba Alvarez, Floren Aoiz eta Adolfo Araiz ere auzipetuen artean daude. ETAko kide izatea egozten die Auzitegi Nazionalak. Zehazki, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea. 111 enpresa eta herriko taberna ere epaituko dituzte, arduradun zibilak izatea egotzita.

11 urte dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak herriko tabernen auzia abiatu zuela. Hamaika lagun atxilotu eta hamar espetxeratu zituen 2002an. Bost enpresa, herriko taberna bat eta etxebizitza bat miatu zituen Espainiako Poliziak. «ETAren udaletxe proiektuaren barruan» kokatu zituen Herri Batasuna eta Batasuna, «ETAren enpresa handi bat» zela esan zuen, eta herrikoak kontrolatzen dituela. Herriko tabernen kontuak blokeatu eta jabetzak enbargatu zituen. Taberna horiek Batasunaren menpe zeudela esan zuen «politikoki, ekonomikoki eta antolakuntzari dagokionez».

Urte bereko udan Batasunaren jarduera hiru urterako eten zuen Garzonek, eta alderdiaren egoitza guztiak zigilatzeko agindu zuen , eta halaxe egin zuten Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Guardia Zibilak.

Hamaika urteren ondoren egingo dute epaiketa, Madrilen. 40 auzipetu eta 111 taberna eta elkarteren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.