Kontseilu Nagusiak lurralde elkargoaren xedea aztertzea galdegin du Max Brissonek

Paueko Kontseilu Nagusiak gaur eginen duen osoko bilkuran zabalduko du proposamena

Max Brisson UMPko kontseilari nagusia, atzo Baionan egindako agerraldian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak eskumen berezidun lurralde elkargoaren proposamena aztertzeko eskatuko dio Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidenteari. Proposamena egun eginen du, Kontseilu Nagusiak Paueko egoitzan (Frantzia) eginen duen osoko bilkuran. Labazeek eztabaida hori burutuko zuela hitzeman zuen Frantziako Parlamenturako hauteskunde kanpainan. Hauteskunde kanpaina iraganik, proposamen hori ahanzturaren kutxan gordetzea leporatu dio Brissonek Labazeeri: «Labazeek ez du argitu oraindik eztabaidaren egitarauan sartuko duen lurralde elkargoaren proposamena edo baztertuko duen».

Hautetsien Kontseiluak lurralde elkargoaren proposamena onarturik, Parisera eramanen du, Jean Jacques Lasserre egitura horren presidentearen eskutik. Oraindik ez dute jakinarazi nork osatuko duen ordezkaritza, baina ardura hori «boteretik hurbil direnen eginkizuna» dela erran zuen Brissonek. Kasu horretan, Baiona eta Hendaiako diputatu sozialistek eramanen lukete Parisera eskakizuna, Lasserrerekin batera. Jean Lassalle barnealdeko eta Biarno mendebaldeko diputatu zentristak eta Frederique Espagnac Biarnoko diputatu sozialistak osa lezakete lurralde elkargoaren aldeko ordezkaritza.

«Hauteskunde garaian sozialistek gorde nahi izan dituzte lurralde elkargoaren xedeak haien baitan eragiten dituen desadostasunak, eta behin horiek buruturik, kritika egiteko bidea libre utzi diete Espilondo, Martin eta gisako hautetsiei», erran du Brissonek. Jokabide horren gibelean bozak eskuratzeko jokaldia egon dela adierazi zuen Brissonek.

Nabarmendu du sozialistek kontrako jarrerak isiltzen zituztela eta UMPren barnean, berriz, alde zein kontrako jarrerak libreki azaleratu direla. Pertsonal mailan, lurralde elkargoaren alde egon arte «bide luzea» egin duela aitortu zuen Brissonek. Karrikan adierazten zen aldarria izatetik, Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren barnean egindako gogoeten bidez, beharrezko eskumenak landu direla azpimarratu du. Horren ondorioz, «hautetsi batzuek ez dute argi ikusten egitura berria departamenduaren barnean kokatuko litzatekeen edo departamendua ordezkatuko lukeen». Hautetsi anitz ez ziren bilkuran presente egon, eta horiei jarrera argitzeko eskatu die Lasserrek gutun batez. Erabateko adostasunik ez badago ere, urrats hori egiteko garaia heldu dela erran zuen Brissonek.

Kritikak sozialistei

Gaurko osoko bilkura sozialisten gobernua kritikatzeko baliatuko du UMPk. Azaldu zuen Kontseilu Nagusiaren buru izendatu zutenetik hainbat sailetan lehengo politiken jarraipena baino ez duela egin; aldaketa handiak iragarri zituela baina ondoren ez dituela gauzatu.

Egin diren aldaketetan hutsegite nabarmenak egon direla ziurtatu zuen Brissonek, hala nola departamenduko Turismo Bulegoaren zuzendaritza «lagunei» emanez eta eskola garraioa enpresa batzuei emanez, guraso, eskola eta hautetsiekin adostu gabe.

AHT xedeari dagokionez, Tours-Bordele atala egiteko onartu zituen 80 milioi euroak itzultzea galdegiteko aholkatu dio Labazeeri, Bordele eta Hendaia arteko atala egiteko aukera «ezdeusa» delako. Akitaniaren nahiari makurtzea leporatu dio Labazeeri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.