Grebarako «inoiz baino arrazoi gehiago» daude, deitzaileen arabera

Irailaren 26ko greba orokorra martxokoaren jarraipena dela esan dute sindikatuek deialdia erregistratzean

Sindikatuetako eta gizarte taldeetako ordezkariak, Jaurlaritzaren egoitzan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Urtea hasi zenetik bigarrenez suertatu da argazki hau: sindikatu eta eragileetako ordezkariak Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan greba orokorrerako deialdia erregistratzen. Irailaren 26rako deialdia eraman zuten atzo Jaurlaritzara, eta grebarako arrazoiak badaudela esan zuten, martxoaren 29ko deialdian baino gehiago, gainera: «Erasoak ugaritu egin dira», Endika Labort CNT sindikatuko ordezkariaren esanetan. Horregatik esan du «inoiz baino arrazoi gehiago» dagoela kalera irteteko.

Asmo horrekin aurkeztu zuten greba deialdia ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuetako eta hainbat eragile sozialetako ordezkariek. Nafarroako Gobernuan gaur erregistratuko dute deialdia, greba orokorra Hego Euskal Herrirako baita.

Hilaren 26ko greba orokorra ez dela gertaera bakana diote, alderantziz baizik. «Aurreko deialdiaren jarraipen bat da», Labortek azaldu duenez. Oinarrizko eskubideak «lapurtzen» ari direla salatu dute deitzaileek, eta, horregatik, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela gogorarazi dute. Martxoaren 29ko greba orokorrean, lan erreformari erantzun «sendoa» eman zitzaion, eta Espainiako Gobernuak uztailean aurkeztu zituenmurrizketei ere tamainakoa eman behar zaiola esan du Labortek. Aurreko greban ez bezala, CNT eta CGT sindikatuek ere babestu dute hilabete amaierako deialdia.

CCOO eta UGT sindikatuek greba deialdia egin zuten martxoaren 29ko; irailaren 26rako, ordea, ez dute egin. Martxoko greba orokorrak «ia erabateko erantzuna» izan zuen, sindikatuen esanetan.

Erasoari, neurriko erantzuna

Krisia hasi zenez geroztik, sindikatuek bosgarren aldiz deitu dute gizartea greba orokorrera. «Horrek garbi erakusten du zein egoeratan gauden eta gertatzen ari den hori guztia ez dugula onartzen», esan zuen uztailaren 19an Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Eraso «larriari» neurriko erantzuna eman behar zitzaiola esan zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak agerraldi hartan, eta «estatu kolpe sozialaren tamainako ekintza demokratikoa» espero zuela.

Baina krisia luze jotzen ari da, eta Javier Serra Posada de los Abrazos elkarteko kideak atzo esan zuenez, sektore ahulenak ari dira krisi hori ordaintzen. «Hori da okerrena». Horregatik, azken murrizketek «betikoak zigortuko» dituelako, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak murrizketak ez aplikatzea da greba orokorraren helburua. Gizartea «aztoratzeko» neurria izango da, Muñozek esan zuenez, erabaki organoetan dauden kideak «ahal bezainbeste gogaitarazteko». Beraz, orain arteko neurriei ezetz esateaz gain, deitzaileek uste dute greba orokorrak datozenei ere aurre egiteko balioko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.